IRITZIA

Aizkorri

2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Mendian lehen pausoak Euskal Herrian eman nituen, eta Aizkorri nire lehen mendietako bat izan zen. Aizkorri gailur esanguratsua da niretzat; Urbiako zelai horietan paseatzeak bakea eta lasaitasuna transmititzen dit beti. Horrekin batera, euskaldunak nolakoak garen erakusteko eta mendiarekin dugun erlazioa adierazteko lekurik hoberena iruditzen zait: ardiak, artzainak, San Adrian kobazuloa, kultura, mitologia, historia...

Dezentetan izan naiz Aizkorrin, eta hainbat aldetatik igota, gainera: San Adrian aldetik, Urbiako zelaietatik... Familiarekin eta lagunekin joateaz gain, kanpoko jendearekin ere izan naiz askotan; amerikarrak, ingelesak, zeelandarrak... Kanpotik etorri eta Euskal Herria ezagutzeko ibilbiderik politena iruditzen zait: Arantzazun dagoen guztia bisitatu, gipuzkoarrentzat zer den adierazi, Urbiara joan, bertako bentan zerbait hartu, Aizkorrira igo, San Adrianetik Zegamara jaitsi, Segura eta ingurua ezagutu... Atzerritarrak liluratuta gelditzen dira lekuarekin, jendearen gertutasunarekin (Urbian behin artzainekin hitz egiteko aukera izan genuen), gure tradizioekin... Txoko berezia da, eta asko gustatzen zaie.

Azken urteotan, gainera, inguru hau oso ezaguna egin zaigu mundu osoan, Zegama-Aizkorri mendi lasterketarengatik. Hasieran ibilaldi gisa hasi zen, eta gogoan dut behin Zegamako alkateak gonbidatuta joan nintzela. Trikitilarien musikarekin igo ginen Aizkorrira, eta Zegamako frontoian giro ederrean bazkaltzen bukatu genuen. Lasterketa bihurtu nahi zuten, eta parte hartzera animatu ninduen alkateak, dortsala oparituko zidala esanez. Pentsa orain nola hazi den, zer bilakatu den eta zer izen hartu duen mundu mailan. Urteetan parte hartzea lortu ez duten lagunak baditut. Arrakasta hori euskaldunon berotasunagatik izan dela iruditzen zait, nola hartzen eta goxatzen dugun jendea. Etortzen denak oroitzapen polita eramaten du, eta denek itzuli nahi dute Aizkorrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.