Lan hitzarmenak

Siemens Gamesaren Asteasuko lantokian lan hitzarmena adostu dute

LABek aurreratu duenez, akordio horretan zuzendaritzak konpromisoa hartu du lanpostuak eta lan baldintzak bermatzeko 

Siemens Gamesaren Asteasuko lantokian langileen protesta bat, 2017an. ANDONI CANELLADA / FOKU
2022ko urriaren 3a
12:58
Entzun

LABek jakinarazi du Siemens Gamesaren Asteasuko lantokian zuzendaritzarekin lan ituna berritzeko akordioa lortu dutela. «LABek akordio horren garrantzia nabarmendu du nahi du, ziurtasunik gabeko etorkizun egoera batean etorkizuna bermatzen duelako», adierazi du sindikatuak.

Aurreko astean iragarri zuen Siemens Gamesak 2.900 langile kaleratuko dituela munduan, eta horietatik 475 Espainiako Estatuan kaleratu nahi dituela. Asteasukoaz gain, Euskal Herrian hainbat lantoki ditu Siemens Gamesak, eta oraindik ez da jakinarazi nola eragingo dien. Aurretik beste sindikatuek egin bezala, LABek gaitzetsi du albiste horren berri komunikabideen bidez jakin dutela eta langileei mezu elektroniko bat baizik ez zaiela bidali.

Testuinguru horretan, LABek uste du lan hitzarmenean zuzendaritzak Asteasuko lan kargari, lanpostuei eta lan baldintzei buruzko bermeak eman dituela.

Enpresa saltzeko aukeraren inguruan, berriz, erakundeei eskatu die tokiko erosle bat bilatzen lagun dezatela, sektore eolikoa «estrategikoa» baita.

Asteasuko lantokian, LABek gehiengoa du, zazpi ordezkarirekin. Uztailean, langileek bost eguneko lanuztea egin zuten euren etorkizuna bermatuko zuen akordioaren bila.

Bihar eguerdian lehen bilera egingo du Siemens Gamesak sindikatuekin, hastear den negoziazio prozesuaren egutegia zehazteko. Ikusteko dago zuzendaritzak lehen bilera horretan zehaztuko ote duen kaleratzeak zer lantokitan egin nahi dituen.

Nafarroako Parlamentuaren adierazpena

Iragan astean, Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak enplegu bakoitza defenditzeko asmoa azaldu zuen, eta adierazpen hori «bere» egin dute parlamentu talde guztiek, gaurko Eledunen Batzordean aho batez onartutako adierazpenaren bidez. Bertan, gainera, eskatzen diote Europako Batzordeari argindarraren enkante sistema aldatu dezala, energia berriztagarrien «tokiko edukia sendotzeko» muga zergen eta bestela babes neurrien bidez.

Batzorde osteko adierazpenetan, alderdi bakoitzak bere posizioa zehaztu du. Navarra Sumaren arabera, Volkswagenen auto elektrikoarekin bizi den egoera ziurgabearen «antzekoa» da, eta Nafarroako Gobernuaren ardura da enpresentzat Nafarroa erakargarri egitea. PSNk, berriz, esan du lanpostu bakoitza defenditzeko prest daudela, eta «batasuna» aldarrikatu du. Ildo beretik jo du Geroa Baik, eta adierazpena aho batez sinatu izana nabarmendu du.

EH Bilduren arabera, ziurgabetasuna handia da, ez baitakite oraindik kaleratzeek zer eragin izango duten Euskal Herrian. «Ez da ulertzen gorantz doan sektore estrategiko batean enpresek horrelako neurriak hartzea». Ahal Dugu-k sostengua adierazi die langileei, eta uste du galerak aurkezteak kaleratzeak merkatzeko estrategiari erantzun diezaiokeela. Ezkerrak espero du Nafarroako Gobernuak enplegua defenditzeko konpromiso irmoa erakustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.