Enpresak

Siemens Gamesaren kaleratzeen planak alarma piztu du lantokietan

Alemaniako konpainiak 2.900 langile kaleratu nahi ditu, eta aurreikusi du horietatik 475 Espainiako Estatuko lan zentroetakoak izatea. 2.600 langile aritzen dira Euskal Herriko lantokietan; gehienak, Nafarroan.

Siemens Gamesako langileak, Zamudioko lan zentroan. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2022ko irailaren 29a
14:41
Entzun

Aspaldikoa da Siemens Gamesa eragiten ari den kezka, eolikoen konpainia emaitza txarrak harilkatzen ari baita azken urteotan. Kezka hori alarma bihurtu da, ordea, Alemaniako zuzendaritzak iragarri duen kaleratze plana dela eta: mundu osoan 2.900 behargin gutxiagorekin utzi nahi du lantaldea (talde osoaren %10 baino gehiago), eta Espainiako Estatuan 475 langile kaleratzea aurreikusi du. Euskal Herrian du langile gehien, eta litekeena da euskal lan zentroetan gogor jotzea Munichek hartu duen neurri traumatikoak.

Batera edo bestera, Siemens Gamesa konpainiak ez du jakinarazi Euskal Herrian kaleratzeak egingo dituen ala ez, baina Alemaniako multinazionalak presentzia handia dauka hemen: Zamudion eta Mungian (Bizkaia), Sarrigurenen (Nafarroa) eta Asteasun (Gipuzkoa). 2.600 langile dira guztira Euskal Herrian, Nafarroan gehienak (1.600 inguru).

Atzo bertan bildu zen Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilaria Jochen Eickholt Siemens Gamesako zuzendariarekin. Irujok helarazi zion Nafarroan «enplegu bakoitza defendatzeko prest» daudela, eta irmo jokatuko dutela zeregin horretan. Nabarmendu zuen lurraldeak «ekosistema bikaina» eskaintzen diola berriztagarrien sektoreari, ehun enpresa inguruk osatzen dutelako hornidura sarea, eta balio kate osoa hornitzen dutelako. Haren ustez, sektore eolikoa «egoera paradoxikoan» dago gaur egun, zeren, enpresa handiek emaitza kaskarrak izan arren, espero baita 2030era bitarte «inoiz baino haize errota gehiago ekoiztea».

Enpresak ohar batean esan du «beste urrats bat» egin duela erabaki horrekin, Mistral esan dion programa estrategikoari begira, eta, horri esker, «enpresaren gaitasuna merkatuaren eskaerara egokituko» duela. Albiste positibo gisa helarazi du informazioa, «datozen urteetan lantaldea hazi» egingo delako, haren arabera. Lehenik, ordea, milaka langile kaleratuko ditu.

Hornitzaileen kezka

Konpainiak «egitura sinple» bat nahi du aurrerantzean, «hazkunde errentagarri bat» lortzeko. Langileen ordezkariekin neurriak «gertutik» landu nahi dituela ere esan du enpresak, aplikatzera doan neurri traumatikoei aringarriak aurkitzeko. Borondatezko irteerak eta lanpostuak beste lekuetan eskaintzea lehenetsiko ditu. Urrian hasiko dira, nolanahi ere, lantaldea apaltzeko neurrien inguruko negoziazioak.

Euskal hornitzaileen artean ere kezka handia eragin du Alemaniako multinazionalaren jakinarazpenak. Izan ere, 300 langiletik gora aritzen dira Siemens Gamesarentzat hornitzaile gisa diharduten enpresetan, Nafarroan. Energia eolikoaren erraldoiak 276 milioi euroren erosketak egin zizkien iaz.

Nolanahi ere, Municheko zuzendaritzak «egitura korporatibo koherenteagoa» nahi duela esplikatu du, eta ezin da ahaztu Sarrigurenen dagoela bulego nagusietako bat, I+G zentro handi batekin batera. 360 langile aritzen dira han. Guztira, 1.500 behargin daude Nafarroako lan zentro handi horretan, eta beste 120 zerbitzuen eta mantentze lanen zentroetan.
Konpainiaren martxa ekonomikoa ez da ona izan azken urtean. Siemens Gamesak 1.226 milioi euroren galerak izan ditu azken bederatzi hiletako fiskalean (2021eko urritik 2022ko ekainera). Emaitzak jakinarazi eta gero, zuzendaritzak ohar bidez azaldu zuen «laster» hartuko zituela «zailtasunak konpontzeko erabakiak». Bada, iritsi dira.

Gamesa konpainia (Grupo Auxiliar Metalurgico SA) 1976an sortu zen, Gasteizen —2010ean aldatu zen Zamudiora—, robotikan, ingurumenean eta materialen sektore berritzaileetan aritzeko asmoz. Urteetan aurrera, Gamesaren jarduera aeronautikaren alorrean lerrokatu zen; hori zen haren negozio nagusia 1990ean IBV korporazioa jabe bihurtu zenean —Iberdrola eta BBV (gerora BBVA)—. Hurrengo urteak oparoak izan ziren taldearentzat. 1994. urtean hasi zen Gamesa haize errotak egiten, eta, urte gutxiren buruan, sektoreko lehen fabrikatzaileen artean zegoen.

Egoitza soziala Zamudion

2016an iritsi zen Siemens, Zamudioko taldeak garabidean diren herrialdeetan zituen merkatuek erakarrita. Gamesaren eta Siemens Winden arteko bat egite bat adostu zuten, «berdinen artekoa»; baina, errealitatean, Siemensek jan zuen Euskal Herriko enpresa, akzioko 3,75 euro ordainduta. Siemensek taldearen %59 hartu zuen, eta gainerakoa Gamesaren akziodunentzat izan zen. Iberdrola %8rekin gelditu zen, eta haren exijentziaz adostu zuten Siemens Gamesaren egoitza soziala eta erabakigunea Zamudion geldituko zela, eta talde berriak bere erosketen parte handi bat Euskal Herrian egiten jarraituko zuela. Horrek ez du galarazi, orain, Municheko zuzendaritzak kaleratzeak egiteko erabakia hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.