MIgrazioak

Munduko harresiak «suntsitzeko» eskatu dute Harresien Aurkako Nazioarteko Egunean

Bizkaiko SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta BDS Bizkaia elkarteek galdegin dute «hesi fisiko eta mental guztiak» erauztea, eta errespetatzea herriek eta pertsonek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea.

Gaurko protesta, Bilboko Atxuri auzoan. SOS ARRAZAKERIA
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 9a
21:25
Entzun

Harresien Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Bizkaiko SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta BDS Bizkaia elkarteek protesta ekintza bat egin dute Bilboko Atxuri auzoan, munduan dauden harresiak «suntsitzeko» eskatzeko. Agiri bat kaleratu dute hiru taldeek, salatzeko «60 harresi baino gehiago» daudelamunduan okupatuta dauden lurraldeetan eta mugetan, eta munduko buruzagi politiko boteretsuenak harresi gehiago eskatzen dabiltzala. Horregatik, planetan dauden «horma eta hesi fisiko eta mental guztiak» suntsitzeko eskatu dute, eta herriek eta pertsonek beren etorkizuna erabakitzeko eta «bizitza duina» bermatzeko duten erabaki askearen errespetua eskatzeko.

«Egitura fisikoez gain, herrialde batzuek beren mugak militarizatu dituzte tropak, itsasontziak, hegazkinak, droneak eta zaintza digitala hedatuz; eta lurra, itsasoa eta airea patruilatuz», salatu dute. Gainera, ohartarazi dute mugak ez ezik lurralde eta hiri handietako periferiak ere «kontrol sozial neurrien» menpe daudela. «Horrek erakusten du mundu harresitu batean bizi garela».Salatu dute gotorleku horiek eraikitzen ari diren bitartean pertsonak banatzen ari direla eta haien giza eskubideak eta duintasuna ukatzen ari direla.

Ohartarazi dutenez, harresi eta hesi horiek, sarritan tokiko eraikuntza enpresek eraikitzen dituzten arren, etekin ugari ematen dizkiete industria militarrari eta segurtasun industriari, eta gogora ekarri dute Euskal Herrian ere badirela harresi eta «muga fisiko arrazistak» eta «kolonizatzaileak» eraikitzen laguntzen duten enpresak. CAF enpresa jarri dute adibide gisara: Palestinako lurralde okupatuetan tranbia linea bat eraikitzen ari da, «Israelgo estatuaren apartheid proiektu arrazistari babesa emanez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.