Belgikak etzi erabakiko du Ventura Tomeren Espainiaratzearen inguruan

Harekin batera atzeman zuten Xabier Agirreren kasuan, gaur erabakiko dute haren atxiloaldia luzatuko duten edo ez

Erredakzioa
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Hiru eguneko epea hartuko du Bruselako Gora Jotzeko Auzitegiak Ventura Tome Quirogaren euroagindu eskaera aztertzeko, haren abokatu Paul Bekaertek berri agentziei jakinarazi dienez. Horrenbestez, etzi erabakiko dute Espainiako Auzitegi Nazionalak eginiko eskaera onartuko duten. Fiskaltza Tome Espainiaratzearen alde azaldu zen atzo. Auzitegiak hura Espainiaratzea erabakiko balu, presoaren defentsak Belgikako Kasazio Auzitegian helegitea jartzeko aukera izango luke.

Auzitegi berak gaur erabakiko du Xabier Agirre Ibañez aske utziko duen edo beste hilabete batez mantenduko duen behin-behineko atxiloaldian. Dokumentazio faltsua edukitzea eta iheslari bati babesa ematea egotzi diote Belgikan, eta baliteke han epaitzea. Espainian bi kasu ditu zabalik, 2000. eta 2006. urtekoak.

Tome eta Ibañez batera atxilotu zituzten urriaren 28an, ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri eta astebete geroago. ETAren erabakiaren ondorengo lehen atxiloketak izan ziren, eta Gasteizen haiek askatzeko manifestazioa egin zuten.

Atxilotu ondoren, Auzitegi Nazionalak Tomeren aurkako euroagindu eskaera egin zuen, baina Bruselako Lehenengo Auzialdiko Epaitegiak bertan behera utzi zuen eskaera, Espainiako auzitegiak igorri zien ordenak forma akatsak zeuzkala argudiatuta.

Tomek hamazazpi urteko kartzela zigorra bete beharko luke Belgikak haren kontrako euroagindua onartuz gero. Espainian 2000n kondenatu zuten, ETAko kidea zelakoan. 1985. urtean Nafarroan Guardia Zibilari eraso egiteko lehergailuak jarri izana egotzi zioten. Frantzian sei hilabete egin zituen preso; lehen aldiz 1992an atxilotu zuten, eta 1996an berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.