Daniel Dergi euskal preso ohia atxilotu zuen atzo Frantziako Poliziak, Espainiako Poliziarekin elkarlanean. Cahors (Frantzia) hirian egin zuten atxiloketa, goizeko 08:15ean, Dergi lanera bazoala. Euroagindu baten harira egin dute operazioa, Askatasunak jakinarazi duenez.
Gaur jakinaraziko diote euroagindua, hainbat komunikabidek zehaztu dutenez. Zehazki, 1993an Castelldefells hirian (Katalunia) aurkituriko lehergaiz betetako furgoneta batekin eta 1994an Lazkaoko Pastas Arruabarrena enpresari igorritako bonba-gutunarekin lotura ukaitea leporatzen dio Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Hazparnen (Lapurdi) sortu zen, frantses nazionalitatea du, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak galdatzen duen seigarren euskal herritarra da. «Legez kanporatzeak zuzenki bere egin gabe», Ipar Euskal Herriko militante bat Espainiako «salbuespenezko auzitegien eskutan uzteko makina» berriz ere martxan ezarri izana gaitzetsi zuen atzo Askatasunak. Lagundu elkarteak eta Senaturako hauteskundeetan aurkezten den Gabi Mouescak ere salatu zuten atxiloketa.
Hamabi urtez preso egon ondoren, 2008ko martxoan atera zen kartzelatik, baldintzapean. Euskal Herrira itzultzea debekatua zitzaion, eta Frantziako hainbat departamendutara ere ezin zuen joan. Hori dela eta, azken urteetan Cahors (Frantzia) hirian bizi zen, bizitza erabat publikoa eramanez. Preso zegoela, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bozeramailea zen, haien eskubideen aldeko hainbat borroka eraman zituela. Tartean, euskal presoek estatus politikoa aldarrikatzeko, 63 eguneko gose greba egin zuen, 1999ko abenduaren 27tik hasita.
Atxiloketa gaitzesteko, elkarretaratzea egin zuten atzo gauean Donibane Garazin.
Bi euskaldunen auzia Parisen
Mattin Olzomendi eta Peio Irigoien lapurtar presoak epaitu zituzten atzo, Parisko Auzitegi Korrekzionalean. Prokuradoreak sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen bientzat, Irigoienentzat bi sursiarekin eta Olzomendirentzat gutxienez hiru laurdenak betetzeko aginduarekin.
Elkartasunez, Euskal Herritik laurogei bat lagun joan ziren auzitegira. Iazko martxo bukaeran atxilotu zituen Frantziako Poliziak, etxe agentzia zenbaiten kontrako erasoetan parte hartzea leporaturik. Epaia abuztuaren 9an emanen dute.
Euroagindu baten harira, Daniel Dergi atxilotu dute Cahors hirian
Hamabi urtez preso egon ondoren, 2008an atera zen aske, baldintzapean; Euskal Herrira itzultzea debekatu zioten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu