Eskola publikoa

Milaka lagun elkartu dira Mungian, Euskal Eskola Publikoaren 30. jaia ospatzeko

Askotariko eragileek herritarrekin batera ospatu dute jaia, 'Jagon' lelopean.

Euskal Eskola Publikoaren jaia, Mungian. ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko ekainaren 5a
10:19
Entzun

Mungiako Legarda eskolako patioan ospatu dute jaia, musikaz eta dantzaz lagundurik. Ondoren, hitza hartu dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburu Jokin Bildarratzek, Mungiako alkate Ager Izagirrek eta EHIGEko presidente Arkaitz Aburtok. Datorren jaiaren lekukoa Ordiziako eskola eta institutuari eman diote, Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia antolatzeko.

EHIGEk ohar bidez adierazi duenez, urtez urte gero eta lagun gehiago biltzen dira Euskal Eskola Publikoaren Jaian, eta horrek erakusten du eskola publikoaren hezkuntza komunitatea gero eta ahaldunduago dagoela. Aldarrikatu dutenez, «euskal hezkuntza sistemak eskola publikoan oinarritu behar du nahitaez».

Bildarratz sailburuak Mungian iragarri du aurten 77 milioi inbertituko dituela Hezkuntza Sailak hainbat eskola publikotan, eta 2030. urtera bitarte 800 milioi euro inbertituko dituela eskola publikoan. Hain zuzen, eskola publikoaren «indarra» nabarmendu du, eta etorkizun «bikaina» duela azpimarratu, «datorren hezkuntza legeak ahalbidetuko baitu gehiago sustatzea eta eraldatzea».

Gonbidatuen artean egon dira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaz gain, bi sailburuordeak, Begoña Pedrosa eta Xabier Aizpurua. Bertan egon dira, era berean, EAJ, EH-Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdietako kideak, baita LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuko ordezkariak eta HEIZEko, Kontseiluko eta AEK-ko ordezkariak ere. Eta, nola ez, Mungialdeako alkate, zuzendaritza eta guraso elkarteen ordezkariak ere bai.

Hiru gunetan banatu dituzte jarduerak: ikastetxe publikoen gunea, Matxin plaza eta Torrebillela parkea. Aurreikusitako jarduera guztiak egin dituzte, arrakasta handiz egin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak