1976ko euskal musika: askatasun grina zuten doinuak
Askatasun grinaz zegoen herri baten gogoarekin bat egin zuen 1976ko euskal musikagintzak. Mezu zuzenak eta politizatuak helarazten zituzten, bat egiten zutenak zapalduta sentitzen zen herri baten askatasun gogoarekin.
Francisco Franco diktadorea hil berri, 1977ko hauteskundeak egin bitarteko urtea, 1976a, oso berezia izan zen euskal musikagintzarentzat. Askatasun gosez zegoen herri baten gogoarekin bat egin zuten musikariek, eta mezu zuzenak helarazi zituzten, kantu eta gitarrak lagun. Oso mugitua zen panorama: Txiki eta Otaegi fusilatu berri, martxoaren 3ko Gasteizko langileen aurkako segada, Montejurrako hilketak... Giro horretan, eta 1977rako hauteskundeetara deituta, mezu politiko eta mitin ugari egiten ari ziren han eta hemen. Eta mitin horietan ohikoa zen hainbat abeslariren hitzak eta kantuak entzutea. Imanol, Gontzal Mendibil, Urko, Xeberri, Benito Lertxundi, Pantxoa eta Peio eta beste hainbat ibili ziren oholtzaz oholtza, sarritan Poliziarekin liskarretan amaitzen ziren kontzertuetan.
Iker Tubia eta Garbiñe Ubeda BERRIAko kazetariek gogora ekarri dute Berria Berriketan saio honetan garai hartako kantugintza. Nola sinbiosi bat gertatu zen musikaren eta politikaren artean, Ubedaren hitzetan. Intentsitate eta espektatiba handiko garaiak ziren Euskal Herrian: amets eta asmo handiak zeuden. Ikurrina debekatuta zegoen artean, eta, adibidez, kontzertu asko liskarretan bukatu ziren ikurrinak agertu ohi zirelako. Euskal Herriaren independentzia, sozialismoa eta euskararen aldeko aldarrikapena ziren sarritan entzuten ziren mezuak, bai mitinetan eta baita abeslarien kontzertuetan ere. Zerbait falta bazen, Ubedak gogoratu duenez, euskal emakume abeslariak falta ziren, artean gutxi arrimatuak baitziren oso gizonen erara moldatuta zeuden oholtza haietara. Pixkanaka hasi ziren Maite Idirin bezalako kantariak agertzen, baina oso bakanak ziren artean.
1976. urtea pasatu zen, eta euskal musikagintzak ere egin zuen bere bidea. Alderdiak agertu ziren, eta nork bere tokia bilatu zuen egoera hartan. Alde horretatik ere, berezitzat jo du Ubedak 1976. urtea, artean ez baitzegoen horren lotuta abeslari bakoitza alderdi edo proposamen politiko jakin batekin.
Jatorrizko artikuluak
-
Iraultzarako kantak
Iker Tubia-Garbiñe Ubeda |
|