«Adimen artifizialak ez du ordezkatuko komunitatea, taldea, familia... zerbaiten barruan zaudela sentitze hori»

Beñat Erezuma irakasleak uste du adimen artifiziala arriskutsua izan daitekeela, baina baita onuragarria ere, besteak beste, euskararentzat. 'Funtzio sigmoidea' liburuan aritu da gaiaz.

Beñat Erezuma (Getxo, Bizkaia, 1981) irakaslea da, eta adimen artifizialean jarri du arreta. BERRIAn Funtzio sigmoidea zutabea idazteari ekin zion 2024an. Orain, izen bereko liburuxka batean bildu ditu ordutik hona argitaratutako 82 testu. 11 gaitan ordenatu ditu, adimen artifizialaren eragin zabalaren erakusgarri: arretaz, maitasunaz, gerraz, lanaz, sorkuntzaz eta euskaraz dihardute testuek, besteak beste. Zutabeotan oinarritutako bideojoko bat ere aurki daiteke Erezumaren webgunean.

Liburuaren hitzaurrean, funtzio sigmoidearen irudia erabiltzen duzu adimen artifizialaren garapena esplikatzeko: zure ustez, s etzan horren maldaren hasierako puntuan dago.

70 urte pasatu dira esparrua sortu zenetik: 1956an izan zen, Dartmoutheko konferentzian. Izan ditu negualdiak eta susperraldiak, baina 2017an Googleko ikerlari batzuek argitaratutako ikerketa bat izan da gakoa, batez ere: hortik eratorri zen Open AI enpresaren GPT-3 hizkuntza eredu handia. Eta, 2022an, txatbota sortu zen: ChatGPT. Adimen artifizial modernoaren laugarren urtea da hau. Eta ikusten ari gara eredu horiek asko hobetzen ari direla, ez urtez urte baizik eta hilabetez hilabete, eta duela lau urte pentsaezinak ziren gauzak egiteko gai direla.

Azkartasun horrek beldurra eragiten du. Katastrofismoz hitz egiten da adimen artifizialaz?

Duela urte batzuk, Eliezer Yudkowsky zientzialariak esan zuen datu zentroak-eta suntsitu egin behar zirela, ez zegoela beste alternatibarik; bere garaian, gehienek esan zuten katastrofistaclosehondamendi bat gertatuko dela babesten duen jarrera edo hipotesia zela... Nik ez daukat erantzunik: agian ez du munduaren akabera ekarriko, baina bada teknologia esparru bat min handia eragin dezakeena. Zibersegurtasunaren esparruarekin nahiko larrituta nago.

Zutabea idazten hasi zinenetik, zelako bilakaera izan du adimen artifizialak?

2024ko abenduko zutabe batean, idatzi nuen adimen artifizialak munduko 175. programatzailerik onenaren maila zeukala. Open AI enpresaren o3 ereduaz ari nintzen. Dagoeneko o3 oso zaharkitua geratu da; orain, adimen artifiziala gai da milaka agente —hau da, milaka programatzaile— lanean izateko 24 orduz, zazpi egunez, zeregin batean.

2024ko iraileko zutabe batean, zera idatzi zenuen: «Gaur-gaurkoz, adimen artifizial sortzailea, batez ere, ispilu lana egiten ari da gure ikasgeletan, gure miseriak azaleratzen». Oraindik ere ikuspegi hori duzu?

Guztiz. Adimen artifiziala jada gai da sintetikoa den oro egiteko. Ni Teknologia eta Digitalizazio irakaslea naiz; ikasturte osoa eman dezaket lehen mailako proiektu bat garatzen, baina adimen artifizialak ordubetean sortuko dizkit proiektu guztiak: materialak proposatu eta sortu, hiru dimentsioko piezen diseinuak, aurkezpenak... Paradigmak zeharo aldatu beharra du, baita ebaluatzeko formak ere. Baina, zentzu handi batean, uste dut ondo etorri dela, irakasleok hautsa kendu eta espabilatucloseBizkortu, esnatu. gaitezen.

Baina badago alde itxaropentsu bat ere: adibidez, euskarari dagokionez, ezta?

Bai, guztiz. Adimen artifiziala dago itzultzaile neuronalen oinarrian. Nire ikasle gehienen etxeko hizkuntza gaztelania da, edo frantsesa, wolofera, arabiera... Euskarazko zalantzak dituztenean, bertara jotzen dute, eta momentuan jasotzen dute egokia den esaldia. Mintzakide bat ere izan dezakete, jakin nola ahoskatzen diren hitzak... Etorkizunean, ikasle bakoitzarentzako txatbotak izango ditugu seguru asko, eta euskara ikasteko ere tresna zoragarriak izango dira. Nik egunerokoan erabiltzen dut adimen artifiziala. Gauza natural bat izan da. Liburuan ere hala egin dut. Txatbotak liburua irakurri du, ulertu du zer hitz izan daitezkeen irakurlearentzako pixka bat arrotzak, eta berak egin du glosarioa.

Web atari bat ere baduzu...

Hala da. Zutabe Biziak deitzen den atal bat prestatu dut nire webgunean: astero, mundu osoko hedabide nagusiek 11 gai horien inguruan esaten dutena begiratuko du adimen artifizial batek —BERRIA ere tartean dago—, eta zutabeekin erkatukoclosealderatu, konparatu du, ikusteko ea berritasunik egon den, ea zerikusia duen zutabean aipatutako zerbaitekin... 1990eko hamarkadan Interneten jauziarekin gertatu zenarekin alderatzen dut oraingo egoera. 1997an probatu nuen lehen aldiz Internet. Orduan norbaitek esan izan balit zer gertatuko zen hurrengo 30 urteetan, ezingo nukeen aurreikusi. Adimen artifiziala arriskutsua bezain onuragarria izan daiteke, baina inoiz ez du ordezkatuko komunitatea, taldea, familia... zerbaiten barruan zaudela sentitze hori.

Jatorrizko artikuluak