Mundua nabarmen aldatu du daborduko, eta, hala ere, adimen artifizialak zeresan are handiagoa izango du etorkizunean. «Gauza asko posible egingo ditu. Baina posible izateak ez du esan nahi erabili behar dugunik», egin du ñabardura Beñat Erezuma irakasle eta BERRIAko kolaboratzaile ohiak (Getxo, Bizkaia, 1981). 2024an ekin zion Funtzio sigmoidea zutabea idazteari, eta izen bereko liburuxkan bildu ditu ordutik hona argitaratutako 82 testu. 11 gaitan ordenatu ditu, adimen artifizialaren eragin zabalaren erakusgarri: arretaz, maitasunaz, gerraz, lanaz, sorkuntzaz eta euskaraz dihardute testuek, besteak beste. Zutabeotan oinarritutako bideojoko bat ere aurki daiteke Erezumaren webgunean.
Liburuaren hitzaurrean, funtzio sigmoidearen irudia erabiltzen duzu adimen artifizialaren garapena esplikatzeko: zure ustez, s etzan horren maldaren hasierako puntuan dago.
70 urte pasatu dira esparrua sortu zenetik: 1956an izan zen, Dartmoutheko konferentzian. Izan ditu negualdiak eta susperraldiak, baina 2017an Googleko ikerlari batzuek argitaratutako ikerketa bat izan da gakoa, batez ere: hortik eratorri zen Open AI enpresaren GPT-3 hizkuntza eredu handia. Eta, 2022an, txatbota sortu zen: ChatGPT. Adimen artifizial modernoaren laugarren urtea da hau. Eta ikusten ari gara eredu horiek asko hobetzen ari direla, ez urtez urte baizik eta hilabetez hilabete, eta duela lau urte pentsaezinak ziren gauzak egiteko gai direla.
Azkartasun horrek beldurra eragiten du. Katastrofismoz hitz egiten da adimen artifizialaz?
Duela urte batzuk, Eliezer Yudkowsky zientzialariak esan zuen datu zentroak-eta suntsitu egin behar zirela, ez zegoela beste alternatibarik; bere garaian, gehienek esan zuten katastrofista zela... Nik ez daukat erantzunik: agian ez du munduaren akabera ekarriko, baina bada teknologia esparru bat min handia eragin dezakeena. Zibersegurtasunaren esparruarekin nahiko larrituta nago.
2024tik 2026ra arteko artikuluak jaso dituzu liburuan. Zutabea idazten hasi zinenetik, zelako bilakaera izan du adimen artifizialak?
2024ko abenduko zutabe batean, idatzi nuen adimen artifizialak munduko 175. programatzailerik onenaren maila zeukala. Open AI enpresaren o3 ereduaz ari nintzen. Dagoeneko o3 oso zaharkitua geratu da; orain, adimen artifiziala gai da milaka agente —hau da, milaka programatzaile— lanean izateko 24 orduz, zazpi egunez, zeregin batean.
2024ko iraileko zutabe batean, zera idatzi zenuen: «Gaur-gaurkoz, adimen artifizial sortzailea, batez ere, ispilu lana egiten ari da gure ikasgeletan, gure miseriak azaleratzen». Oraindik ere ikuspegi hori duzu?
Guztiz. Adimen artifiziala jada gai da sintetikoa den oro egiteko. Adibide bat: ni Teknologia eta Digitalizazio irakaslea naiz; nik ikasturte osoa eman dezaket Batxilergoko lehen mailako proiektu bat garatzen, baina adimen artifizialak ordubetean sortuko dizkit proiektu guztiak: ebidentzia guztiak eskainiko dizkit, materialak proposatu eta sortu, hiru dimentsioko piezen diseinuak emango dizkit, testatu egingo ditu, eta, gero, komunikatu; adibidez, aurkezpenekin. Paradigmak zeharo aldatu beharra du, baita ebaluatzeko formak ere. Baina zentzu handi batean, uste dut ondo etorri dela, irakasleok hautsa kendu eta espabilatu gaitezen.
«Asko hobetzen ari dira adimen artifizialaren hizkuntza ereduak, ez urtez urte baizik eta hilabetez hilabete»
Baina badago alde itxaropentsu bat ere: adibidez, euskarari dagokionez, aukera esparru bat izan daiteke, ezta?
Bai, guztiz. Adimen artifiziala dago, adibidez, itzultzaile neuronalen oinarrian. Nire ikasle gehienen etxeko hizkuntza gaztelania da, edo frantsesa, wolofera, arabiera... Euskarazko hitzen inguruan edo esaldiak osatzean zalantzak dituztenean, bertara jotzen dute, eta momentuan jasotzen dute egokia den esaldia. Mintzakide bat ere izan dezakete, jakin nola ahoskatzen diren hitzak... Etorkizunean, ikasle bakoitzarentzako txatbotak izango ditugu seguru asko, eta euskara ikasteko ere tresna zoragarriak izango dira.
Zuk txatbot bat erabili duzu liburu honetarako, zutabeak ordenatzeko. Zelakoa izan da esperientzia?
Oso ona. Baina nik egunerokoan erabiltzen dut adimen artifiziala. Gauza natural bat izan da. Eta kontzienteki hartu dudan erabaki bat. 82 zutabe horiek nik neuk idatzi ditudan arren, nahi nuen probatu ea gai zen testuingurua ulertzeko eta proposamen zentzuzko bat egiteko, eta hala izan da. Eta, horrez gain, liburua amaitzear zegoela pentsatu nuen glosario bat ere egin beharra zegoela: txatbotak liburua irakurri du, ulertu du zer hitz izan daitezkeen irakurlearentzako pixka bat arrotzak, eta berak egin du glosarioa.
Dibulgatzaile moduan, eta garapenaren abiadura ikusita, arriskua ikusten al duzu zure testuak zaharkituak gera daitezen?
90eko hamarkadan Interneten jauziarekin gertatu zenarekin alderatzen dut oraingo egoera. 1997an probatu nuen lehen aldiz Internet. Orduan norbaitek esan izan balit zer gertatuko zen hurrengo 30 urteetan, ezingo nukeen aurreikusi. BERRIAren proposamena heldu zitzaidanean, banekien idatziko nuena zaharkitua geratuko zela, eta hori ona da. Liburuan esaten dudan bezala, testuak kapsula batzuk dira etorkizunera begira. Hala ere, Zutabe Biziak deitzen den atal bat prestatu dut nire webgunean: astero, mundu osoko hedabide nagusiek 11 gai horien inguruan esaten dutena begiratuko du adimen artifizial batek —BERRIA ere tartean dago—, eta zutabeekin erkatuko du, ikusteko ea berritasunik egon den, ea zerikusia duen zutabean aipatutako zerbaitekin...
LOTSABAKO
AAren aplikazio kurioso bat?
Txinan jada badira AArekin sortutako bideoen plataformak.Zer ez du ordezkatuko?
Komunitatea, taldea, familia... Zerbaiten barruan zaudela sentitzearen sentsazio hori.