Emakumezkoen sabaia, beraz, 9b+ da gaur egun. Ainhize Belarrek, 20 urterekin, oraindik ez daki zein duen sabaia. Garbi du, hori bai, aurrerantzean ere mugarik ez diola jarriko bere buruari. «Oso harro nago eskalada honen atzean dagoen lan guztiarekin, eta, zelan ez, munduan 9b zailtasuneko bide bat eskalatzea lortu duten nesken zerrenda labur horretan sartzearekin».
Ainhize Belar eskaladako 9b gradua gainditu duen lehen euskal emakumea bilakatu da
‘La planta de Shiva’ bide historikoa kateatu du Villanueva del Rosarion (Malaga, Espainia). Munduan zazpi baino ez dira gradu hori gainditu dutenak. Haren «ametsetako bidea» zen.
Ainhize Belar eskalatzaileak (Atxondo, Bizkaia, 2006) oraindik ere «sinetsi ezinik» dagoela aitortu dio BERRIAri. Baltzolako (Bizkaia) Iñi Ameriketan bidea (9a+) kateatu zuen 2024ko irailean, 18 urterekin. Lehen euskal emakumea izan zen eskaladako zailtasun hori gainditzen, eta orain beste urrats bat egin du, eta 9b graduaren langa ere eraitsi, 20 urterekin: La planta de Shiva bide historikoa kateatu du Villanueva del Rosario herrian (Malaga, Espainia).
Angela Eiter austriarra izan zen 9b zailtasuneko bide bat eskalatu zuen lehen emakumea, 2017an: La planta de Shiva bera eskalatu zuen, hain zuzen, eta Belarrek aspalditik zuen begiz joa bide hori: «Banekien egunen batean gradu honetako bideren bat probatzen banuen hauxe probatuko nuela. Geroztik, nire ametsetako bat izan da hura eskalatzea. Jende askok esaten zidan probatu behar nuela, nire ezaugarrietara ondo egokitzen zela, eta gogo handia nuen».
Urriaren amaieran egin zuen lehen bidaia Villanueva del Rosariora. «Batez ere, bidea ukitzea zen helburua, mugimenduak eta pausoak probatzea, jakiteko zer den gradu honetako bide bat. Helburua ez zen, inondik inora, bidea kateatzea. Bidaia hartan, ez nuen sekula imajinatuko aurten bertan egin ahal izango nuenik». Angela Eiterrek, adibidez, bi urtez landu zuen bidea.
Aurrerapausoa
Lehen bidaian bertan, ordea, pausoak gainditzen zituela ikusi zuen Belarrek: itxura ona hartu zion, eta bueltatzea erabaki. «Egunetik egunera aurrerapausoak egiten hasi nintzen, eta ikusi nuen txipa aldatzeko garaia zela, gauzak ondo eginez gero agian denboraldi honetarako helburua izan zitekeela». Txipa aldatzearekin batera, ordea, euria hasi zuen, eguna joan eta eguna etorri, euria, eta hor «presioa sartu zen jokoan». Proiektua hurrengo denboraldirako utzi beharko zuelako kezkak presioa gehitu zion prozesuari. «Lortu dut presio eta emozio guztiak bideratzea. Halako bide potente bat esku-eskura edukita, ez da erraza saiakera guztietan burua bere lekuan edukitzea». Baina lortu du,«prozesuaz asko gozatuta» lortu ere, nabarmendu duenez.
«Lortu dut presio eta emozio guztiak bideratzea. Halako bide potente bat esku-eskura edukita, ez da erraza saiakera guztietan burua bere lekuan edukitzea»
Mundu osoan erreferentziazko bidea da La planta de Shiva. 45 metroko bide puska da. Lerroa Jose Irigoienek eta Manolo del Castillok ekipatu zuten, eta nork eta Adam Ondra txekiarrak eskalatu zuen aurrenekoz, 2011. urtean. Ondrak zazpi egun behar izan zituen, saiatu eta saiatu, bide hori kateatzeko. 2017an, Angela Eiterrek eskaladaren aldarera eraman zuen bidea berriro ere, ordura arte emakume batek ez baitzuen hain gradu handiko biderik eskalatua. Eiterrek bi urte egin zituen lanean bide horretan. 2024an, Anak Verhoeven belgikarrak eskalatu zuen, eta Ainhize Belar, beraz, hura eskalatu duen hirugarren emakumea da. Gaur egun, zazpi emakume baino ez dira munduan 9b gradua gainditu dutenak.
Jatorrizko artikuluak
-
Ainhize Belarrek 9b graduaren langa eraitsi du
Ramon Olasagasti |
|
