Ainhize Belarrek 9b graduaren langa eraitsi du

‘La planta de Shiva’ bide historikoa kateatu du Villanueva del Rosarion (Malaga, Espainia), eta zailtasun hori gainditu duen lehen euskal emakumea da. Munduan zazpi baino ez dira gradu hori gainditu dutenak. Haren «ametsetako bidea» zen.

Ainhize Belar 'La planta de Shiva' bidean (9b).
Ainhize Belar 'La planta de Shiva' bidean (9b). MAR DIAZ MIRANDA
ramon olasagasti
2026ko azaroaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain bi urte ohartarazi zuen Ainhize Belarrek, Baltzolako (Bizkaia) Iñi Ameriketan bidea (9a+) kateatu zuenean: «Ez dut mugarik jartzen». 2024ko irailean, 18 urterekin, lehen euskal emakumea izan zen zailtasun hori gainditzen, eta orain, beste urrats bat eman du, eta 9b graduaren langa ere eraitsi, 20 urterekin: La planta de Shiva bide historikoa kateatu du Villanueva del Rosario herrian (Malaga, Espainia). Duela bi urteko elkarrizketa hartan Belarrek jakinarazi zuen jada gradu horretan jarria zuela begia: «Ez dut 9b zailtasuneko biderik oraindik probatu. Badakit gradu honetan gero eta zailagoa dela hobetzea, baina ez dut mugarik jartzen, oso gogotsu nago, eta etorkizun ez oso urrunean, bai: probatu nahi dut 9b bat».

Ainhize Belarrek oraindik ere «sinetsi ezinik» dagoela aitortu dio BERRIAri. Angela Eiter austriarra izan zen 9b zailtasuneko bide bat eskalatu zuen lehen emakumea, 2017an: La planta de Shiva bera eskalatu zuen, hain zuzen, eta Belarrek aspalditik zuen begiz joa bide hori: «Banekien egunen batean gradu honetako bideren bat probatzen banuen hauxe probatuko nuela. Geroztik, nire ametsetako bat izan da hura eskalatzea. Jende askok esaten zidan probatu behar nuela, nire ezaugarrietara ondo egokitzen zela, eta gogo handia nuen».

«Lortu dut presio eta emozio guztiak kudeatzea. Halako bide potente bat eskura edukita, ez da erraza saiakera guztietan burua bere lekuan edukitzea. Asko disfrutatu dut prozesuaz»

AINHIZE BELAR Eskalatzailea

Urriaren amaieran egin zuen lehen bidaia Villanueva del Rosariora. «Batez ere, bidea ukitzea zen helburua, mugimenduak eta pausoak probatzea, jakiteko zer den gradu honetako bide bat. Helburua ez zen, inondik inora, bidea kateatzea. Bidaia hartan, ez nuen sekula imajinatuko aurten bertan egin ahal izango nuenik». Angela Eiterrek, adibidez, bi urtez landu zuen bidea, 2017an behetik goraino eskalatzea lortu aurretik.

Lehen bidaian  bertan, ordea, pausoak gainditzen zituela ikusi zuen Belarrek, itxura ona hartu zion, eta bueltatzea erabaki zuen, prozesuarekin jarraitzeko. «Egunetik egunera aurrerapausoak egiten hasi nintzen, eta ikusi nuen txipa aldatzeko garaia zela, gauzak ondo eginez gero agian denboraldi honetarako helburua izan zitekeela». Txipa aldatzearekin batera, ordea, euria hasi zuen, eguna joan eta eguna etorri, euria, eta hor «presioa sartu zen jokoan», Belarren hitzetan. Helburua hain gertu edukita, ura horman iragazi eta proiektua hurrengo denboraldirako utzi beharko zuelako kezkak presioa gehitu zion prozesuari. «Baina lortu dut presio eta emozio guztiak kudeatzea. Halako bide potente bat esku-eskura edukita, ez da erraza saiakera guztietan burua bere lekuan edukitzea». Baina lortu du,«prozesuaz asko gozatuta» lortu ere, nabarmendu duenez.

Ainhize Belar 'La planta de Shiva' bidean (9b).
Bidearen beste tarte batean. MAR DIAZ MIRANDA

Zailtasun hori gainditzea gauza bat da, eta bide horretan lortzea, beste bat, mundu osoan erreferentziazko bidea baita La planta de Shiva. Lerroa Jose Irigoienek eta Manolo del Castillok ekipatu zuten –45 metroko bide puska da, bi luzekoa–, eta nork eta Adam Ondra txekiarrak eskalatu zuen aurrenekoz, 2011. urtean. Ondrak zazpi egun behar izan zituen, saiatu eta saiatu, bide hori kateatzeko, eta 9b zailtasuna ezartzea proposatu zuen. 2017an, Angela Eiterrek eskaladaren aldarera eraman zuen bidea berriro ere, ordura arte emakume batek ez baitzuen hain gradu handiko biderik eskalatua. Eiterrek bi urte egin zituen lanean bide horretan. 2024an, Anak Verhoeven belgikarrak eskalatu zuen La planta de Shiva, eta Ainhize Belar, beraz, hura eskalatu duen hirugarren emakumea da.

Gaur egun, zazpi emakume baino ez dira munduan 9b gradua gainditu dutenak, entzute handiko eskalatzaileak guztiak: Angela Eiter eta Anak Verhoeven, Laura Rogora italiarra, Julia Chanourdie frantsesa, Brooke Raboutou estatubatuarra, Janja Garnbret esloveniarra eta orain, Ainhize Belar. Koska bat gorago, 9b+ gradua gainditu dutenak, hiru dira: Brooke Raboutou izan zen lehena, 2025eko apirilean Excalibur eskalatu baitzuen. Aurtengo ekainean, berriz, Janja Garnbret esloveniarrak Bibliographie bidea kateatu zuen Frantziako Alpeetako Ceuse mendigunean, eta Laura Rogora italiarrak bide hori bera kateatu zuen abuztuan.

Emakumezkoen sabaia, beraz, 9b+ da gaur egun. Ainhize Belarrek, 20 urterekin, oraindik ez daki zein duen sabaia. Garbi du, hori bai, aurrerantzean ere mugarik ez diola jarriko bere buruari. «Oso harro nago eskalada honen atzean dagoen lan guztiarekin, eta, zelan ez, munduan 9b zailtasuneko bide bat eskalatzea lortu duten nesken zerrenda labur horretan sartzearekin».

Belarrek 13 urterekin eskalatu zuen zortzigarren graduko bere lehen bidea: Conan Dax Librarian (8a), Araotzen (Oñati, Gipuzkoa). 2020. urtearen hasieran izan zen hori, eta urte berean, udazkenean, 8c zailtasuneko bide bat eskalatu zuen. Sekulako jauzia egin zuen denbora laburrean. Gezurren erresuma izan zen 8c graduko bide hori, Gaubeakoa (Araba), eta Euskal Herrian zailtasun hori inoiz gainditu zuen neskarik gazteena bihurtu zen. Hala da oraindik.

Bederatzigarren graduan jarri zuen hurrengo langa, eta Etxauriko (Nafarroa) Begi puntuan bidea (9a) bidea jo zuen begiz, Ekaitz Maizek ekipatutako harribitxia. 2023ko maiatzean gainditu zuen Begi puntuan. «Mugarri bat izan zen. Hor egin nuen berba entrenatzaileekin, eta harkaitzean zentratzea erabaki genuen». 2024an, berriz, plus bat gehitu zion bere ibilbideari, Iñi Ameriketan bidearekin, eta aurtengo abuztuan, 9a+ graduko bere bigarrena gainditu zuen: Zeleputza, La Lezen (Araba).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA