Janire Gonzalez-Etxabarri «pixkanaka» ari da barneratzen munduko surf txapelduna dela

Zumaiako surflariak ISA erakundeak antolatutako Munduko Txapelketa irabazi zuen hilaren 14an, Puerto Ricon. BERRIAk egin dion elkarrizketan dio txapelketak hobeto kudeatzen ikasi behar duela: «Txapelketetan momentu txiki asko daude, eta horiek hobeto kudeatzen jakin behar dut, konfiantza handiagoz».

Janire Gonzalez-Etxabarri surflaria (Zumaia, Gipuzkoa, 2005) «pixkanaka» ari da barneratzen munduko txapeldun dela. «Gauza handia da». Egun hunkigarriak bizi izan ditu, eta horrek emandako hauspoari esker jarraituko du lanean. «Halako garaipenek indarra eta konfiantza ematen dute».

Nola gogoratzen duzu txapelketa?

Txapelketa aurretik oso sentipen onak izan nituen, eta oso lasai nindoan. Bide horretatik jarraitu nuen, eta gozatu. Helburua iazko emaitza hobetzea zen, eta lehen hamarren artean sailkatzea. Baina txapelketan zehar are hobeto aritu nintzen. Bosgarren saiotik aurrera bigarren aukerako kanporaketetan lehiatu behar izan nuen. Kolpea izan zen hori, triste eta motibaziorik gabe nengoen. Konfiantza galdu nuen. Baina buelta eman nion. Bigarren aukerako lehen kanporaketan ondo aritu nintzen, eta hori erabakigarria izan zen. Indar handia eman zidan. Hala izan ez balitz, ez nintzen munduko txapeldun izango. Hortik aurrera kanporaketak gainditzen joan nintzen, finalera iritsi arte. Mentalki aurrerapauso bat eman nuen, eta hori garrantzitsua da. 

Hain indartsu hastea erabakigarria izan al zen?

Bai. Aurkariak ikusita, eta finala izanda, garbi nuen: ezin nuen ezer gorde. Gainontzean, aukera gutxiago izango nituen. Uste dut inoiz egin dudan kanporaketarik onenetakoa eta osoenetakoa egin nuela: estetikari, taktikari eta teknikari erreparatuta final osoa egin nuen. Nekien guztia erakutsi nuen. Nik, gainera, hori sentitu nuen hasieratik, eta horri esker lasai aritu ahal izan nintzen. 

«Aurkariak ikusita, eta finala izanda, garbi nuen: ezin nuen ezer gorde. Gainontzean, aukera gutxiago izango nituen irabazteko»

Akatsik egin al zenuen?

Bai. Beti ikusten ditut txapelketetako bideoak. Aurrena etxekoekin egiten dut, eta gero bakarka, sakonago aztertzeko. Nire entrenatzaileari, bikotekideari eta amari ere eskatzen diet gomendioa, eskarmentu handia baitute surfean. Oraindik ez dut bideoa ikusi, baina amaieran pare bat akats egin nituen olatuak aukeratzerakoan. Yolanda Sequeirok olatua hartu zuenean, neure buruari zera esan nion: ‘Hanka sartu dut, eta ez dut asmatu’. Zorionez, hark ere ez zuen erabat asmatu, eta txapeldun izan nintzen.

Annette ahizpa besarkatu zenuen berehala, hura ere txapelketan parte hartzen ari baitzen, eta zain zegoen itsasertzean. Gogoan duzu zer esan zenioten elkarri?

Ezer ez. Annette ere oso hunkituta zegoen, negarrez, eta besarkada harekin dena esan genion elkarri. Oso polita eta berezia izan zen harekin ospatu ahal izatea. 

Janire Gonzalez-Etxebarriari egin zioten omenaldiaren irudia. JON URBE / FOKU

Etxera bueltatzean, ederra izan zen herrian egin zizuten omenaldia, ezta? Uneren bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?

Hala da. Biharamunean ere oso hunkituta jaiki nintzen. Oso urduri joan nintzen omenaldira, ez nekielako zer zuten prestatuta. Ederra izan zen bertan hainbeste jende ikustea. Etxekoak, lagunak... inguruko guztiak han zeuden, eta haiek ere hain pozik ikustea zoragarria izan zen. Poza eta harrotasuna sentitu nituen. 

Eta hemendik aurrera zer asmo duzu?

Nahiz eta fisikoki oso nekatuta amaitu nuen, gogotsu nago berriz ere uretan sartzeko, gehiago nahi dut. Halako garaipenek ziurtasuna eta konfiantza ematen dituzte egunerokoan lanean jarraitzeko. Merezi du egiten ari naizen lana eta ahalegina. Aste honetan bertan hasiko naiz berriz lehiatzen. 

Zer duzu hobetzeko?

Teknikoki eta taktikoki beti dago zer hobetu. Baina txapelketak hobeto kudeatzen ikasi behar dut batez ere. Txapelketetan momentu txiki asko daude, eta horiek hobeto kudeatzen jakin behar dut, konfiantza handiagoz. Esperientziak asko laguntzen du horretan. Momentu horien artean dago olatuen aukeraketa. Gertuko txapelketetan errazagoa da hori kudeatzea, konfiantza handiagoz aritzen naizelako. Nazioartekoetan, berriz, aurrerapauso bat eman behar duzu, onenekin egoteko. 

«Urri erdialdean hartuko ditut oporrak. Surfean aritzeko asmoa dut, baina etxean, maite dudan jendearekin, eta disfrutatuz»

Eta oporrak noiz hartuko dituzu?

Urri erdialdetik aurrera. Surfean aritzeko asmoa dut, baina beste era batera. Etxean egingo dut, maite dudan jendearekin, eta disfrutatuz. Baina oso exijentea naiz, eta askotan kosta egiten zait disfrutatzea. Hori ere neurtzen ikasi behar dut, askotan behar baino gehiago eskatzen baitiot neure buruari. Aipatu bezala, gogotsu nago lehiatzen jarraitzeko, baina aldi berean irrikan nago oporrak hartzeko.

Jatorrizko artikuluak