Janire Gonzalez-Etxabarri: «Oraindik ezin dut sinetsi munduko txapelduna naizela»

Aitortu du irabaztea «oso zaila» zela, eta helburua zela lehen hamarren artean geratzea. «Bigarren kanporaketetako lehen txandan bikain aritzea gako izan zen berriro bete-betean aritzeko».

Janire Gonzalez-Etxabarriri omenaldia egin diote Zumaian. JON URBE / FOKU
Janire Gonzalez-Etxabarriri omenaldia egin diote Zumaian. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko irailaren 17a
18:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igandean, Puerto Ricon, ISA erakundeak antolatzen duen Munduko Txapelketa irabazi ostean, Janire Gonzalez-Etxabarri surflaria etxean da. «Oraindik ezin dut sinetsi munduko txapeldun naizela. Ametsa da, eta pixkanaka ari naiz barneratzen», adierazi du gaur, Basque Team-ek antolatuta egin dioten harreran. Donostian izan da ekitaldia, Aquariumean.

«Irabazteko aukera hor zegoen. Baina oso zaila zen. Helburua lehen hamarren artean geratzea zen». Anette ahizpak ere txapelketan parte hartu zuen, eta horrek are bereziago egin du garaipena: «Niretzat funtsezkoa da haren babesa izatea. Asko laguntzen dit. Dena elkarrekin egiten dugu, eta ea aukera dugun elkarrekin halako esperientzia gehiago bizitzeko». Uretatik atera zenean harekin ospatu zuen lehenbizi. Besarkada estua eman zioten elkarri. 

Gonzalez-Etxabarri bigarren aldiz lehiatu da Munduko Txapelketan. Iaz hamabosgarren sailkatu zen. Oraingo honetan, garaipena lortu duen arren, bidea ez zen erraza izan. Lehen bi kanporaketak aise gainditu ostean, hirugarrenean eta laugarrenean zailtasun gehiago izan zituen, eta bosgarrenetik aurrera bigarren aukerako kanporaketen bidez egin behar izan zuen aurrera txapelketan. «Bikain hasi nintzen, eta bigarren kanporaketak jokatu behar izatea kolpea izan zen. Oso triste jarri nintzen, eta motibazioa ere galdu nuen apur bat».

«Funtsezkoa da ahizparen babesa izatea. Asko laguntzen dit. Dena elkarrekin egiten dugu, eta ea aukera dugun elkarrekin halako esperientzia gehiago bizitzeko»

JANIRE GONZALEZ-ETXABARRI Surflaria

Baina buelta eman zion egoerari. «Bigarren kanporaketetako lehen txandan bikain aritu nintzen, eta horrek lagundu egin zidan berriz bete-betean aritu ahal izateko». Finalean, Australiako Sally Fitzgibbons, Peruko Arena Rodriguezekin eta Portugalgo Yolanda Sequeirarekin lehiatu zen buruz buru. Hasieratik sendo aritu zen, eta 7.50eko eta 7.07ko olatuak hartu zituen. Txandako buruan jarri zen hiru minutu igaro ondoren, eta amaiera bitarte eutsi zion. 14.57ko puntuazioa lortu zuen, eta atzetik sailkatu ziren Sequeira eta Fitzgibbons. 13.57ko puntuazioa lortu zuten biek. Podiumean, beraz, haiek izan zituen alboetan.

Munduko Txapelketa irabazi ostean, bere buruari ez dio mugarik jarri. Baina bi helburu aipatu ditu: «Berriro ere Challenge probetarako sailkatu nahiko nuke, eta WCTra igotzeko lehiatu. Surfeko kategoriarik gorena da hori». 2028an, Los Angeles jokatuko dira Olinpiar Jokoak: «Hiru urte falta dira oraindik; urruti daude». Egun betea du gaur Gonzalez-Etxabarrik; izan ere, 19:00etan omenaldia egingo diote jaioterrian, Zumaian (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.