Janire Gonzalez-Etxabarrik irabazi du ISA Nazioarteko Surf Erakundeak antolatutako Munduko Txapelketa, El Salvadorren. Bigarrenez hartu du parte Munduko Txapelketan, eta finalean, besteak beste, Sally Fitzgibbons australiarrari gailendu zaio, nazioartean gorenean lehiatzen ari den surflarietako bati. Atzo jokatu zuten finala.
Lan bikaina egin du Gonzalez-Etxabarrik txapelketa osoan. Lehen bi kanporaketak aise gainditu ostean, hirugarrenean eta laugarrenean zailtasun gehiago izan zituen, eta bosgarrenetik aurrera bigarren aukerako kanporaketen bidez egin behar izan zuen aurrera txapelketan. Bosgarren kanporaketa horretan Fitzgibbons bera eta Ellie Harrison izan zituen kontrario, eta hirugarren sailkatu zen.
Garaile izateko bidea nekeza izaten da, baina iragan urtean Puerto Ricon egin zuen moduan, kanporaketa horietan bikain moldatu zen. Olatu bikainak hartu zituen, eta horrek finalera iristeko modua eman zion.
Bertan Fitzgibbonsekin, Peruko Arena Rodriguezekin eta Portugalgo Yolanda Sequeirarekin lehiatu zen buruz buru. Hasieratik sendo aritu zen, eta 7.50eko eta 7.07ko olatuak hartu zituen. Txandako buruan jarri zen hiru minutu igaro ondoren, eta amaiera bitarte eutsi zion. 14.57ko puntuazioa lortu zuen, eta atzetik sailkatu ziren Sequeira eta Fitzgibbons. 13.57ko puntuazioa lortu zuten biek. Laugarren Rodriguez sailkatu zen (8.53). Sinetsi ezinda eta hunkituta ospatu zuen garaipena, eta uretatik irten bezain laster Annette ahizparen besarkada jaso zuen.
Gonzalez-Etxabarri denboraldi bikaina egiten ari da aurten. Qualifying Serieetako zirkuituan hiru aldiz sailkatu da bigarren postuan: Taghazout Bay, Lacanau Pro eta Broadmasters Open probetan; bosgarren izan da Ballito Open txapelketan, eta zazpigarren ABANCA Pantin Classic txapelketan. Iaz ISAk antolatutako Munduko Txapelketa absolutuan hartu zuen parte estreinakoz, eta hamabosgarren postuan amaitu zuen. Hala, Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu zuen. Bertan hamazazpigarren izan zen.
Euskal Herriko beste lau surflari lehiatu dira Munduko Txapelketan: Nadia Erostarbe, Annette Gonzalez-Etxabarri, Ruben Vitoria eta Yago Dominguez. Erostarbe eta Gonzalalez-Etxabarri bigarren aukerako zazpigarren kanporaketaraino iritsi dira, Ruben Vitoria hamaikagarrenera eta Yago Dominguez laugarrenera.