Ikasgela zabaltzen ari da

  • Albistea entzun

Etenik gabeko bilakaera izan du BERRIAren Ikasgela egitasmoak. Webgunea martxan jarri eta kazetaritzari buruzko tailerren eskaintza egin ondotik, ikasleek eurek eginiko lanek toki bat izango dute aurrerantzean.

Maiatzetik aurrera, Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan egiten diren lanek beren plaza edukiko dute BERRIA Ikasgelan: izan ere, adin horietako ikasleek eginiko komunikazio lanak jaso eta erakusteko ere izango da BERRIA Ikasgela webgunea. Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiek izango dute bertan lanak argitaratzeko aukera.


Etenik gabeko bilakaera izan du Ikasgelak. Hastapenetako helburua izan zen ahalik eta eduki gehienak biltzea. «Hala, hezkuntzan erabiltzeko egokiak diren BERRIAren testuak, infografiak eta bideoak identifikatzeko eta egokitzeko lanari ekin zitzaion», Ainhoa Oiartzabal proiektuko koordinatzaileak gogoratu duenez. Lan horrekin jarraitzen dutela azaldu du Oiartzabalek: «Izan ere, egunero jartzen dugu eduki berriren bat webgunean. Hiru urte hauetan gero eta errazago identifikatzen ari gara zein eduki mota diren interesgarriak eta, ondorioz, erabilgarriak». 2023. urtean, 159.800 bisita izan zituen webguneak.

«Egunero jartzen dugu eduki berriren bat webgunean. Hiru urte hauetan gero eta errazago identifikatzen ari gara zein eduki mota diren interesgarriak».

Ainhoa Oiartzabal (BERRIA Ikasgela)

Ikasgelaren hirugarren ikasturtean emango duten pauso bat da ikasleen lanak argitaratzea, orain arteko eskaintza biribiltzeko asmoz. «Webgunea martxan jarri eta kazetaritzari buruzko tailerren eskaintza egin ondotik, interesgarria iruditu zitzaigun ikasleek eurek eginiko lanei toki bat ematea. Euskal Herri osoko ikasleak bilduko lituzkeen ikasgela birtual bat eraikitzea da asmoa». Finean, erabateko hartu-emanean egon nahi dute bai irakasleekin bai ikasleekin. «BERRIAk eskain diezaiekeena ez ezik, guretzat interesgarria baita gure herrietako ikasgeletan dabiltzan ikasleek egiten dutena ere jasotzea».

Kazetariak ikasgelatan

BERRIA Ikasgelak tailerrei ere ekin die. Kazetaritzaren oinarrizko kontzeptuak azaltzeko saio teoriko-praktikoak eskaintzen ditu, BERRIA eta beste hedabideetan argitaratutako adibide erreal eta gaurkotuek lagunduta.

«Saioak emango ditugun egunen ingurumariancloseInguruan.
argitaraturiko edukiak lehenetsi ditugu, baina eduki atenporalak eta curriculumarekin lotura duten kazetari lan interesgarriei ere egingo diegu tokia», azaldu du Oiartzabalek.

BERRIA Ikasgelak tailerrei ere ekin die. Kazetaritzaren oinarrizko kontzeptuak azaltzeko saio teoriko-praktikoak eskaintzen ditu.

Saio dinamikoak izatea jarri dute helburutzat. «Argitalpen bat lantzen ari baldin badira, eduki hori hartuko dugu oinarri hainbat kontzepturen azalpenetan». Bi orduko hiru saio izaten dira, independenteak eta osagarriak elkarren artean: lehen saioa kazetaritzan alfabetatzeko saio teorikoa izan ohi da; bigarrenean, kazetaritzaren genero nagusiak eta idazkera estiloak lantzen dituzte; eta hirugarrenean, kazetari lan bat egiten dute ikasleek. Egindako lana zuzentzeko gomendioak ematen dizkie kazetariak irakasleei, eta editatzen lagundu.

Batik bat, DBHko ikasleentzat dira saioak, baina ez dute baztertzen Batxilergokoentzat ere egitea. Zehazki, prentsarekin edo komunikazioarekin harremana duten ikasgaietako ikasleentzat prestatu dituzte. Gehienez hamabost ikasleko taldeak izango dira.

Orereta ikastolaren esperientzia

Egunotan, Oiartzabal Errenteriako Orereta ikastolan hasi da tailerra ematen. Haizea Saez de Egilaz Orereta ikastolako euskara irakaslea da DBHn, eta pozik mintzo da BERRIArekin azkenaldian izandako harremanaz eta elkarlanaz. «BERRIA Ikasgelak hainbat ikastetxetara jo zuen egitasmoa sortu zuenean. Une hartan hasi ginen harremanetan. Baina iaz, Kilometroen harira, elkarlan zuzenean hasi ginen. Euskararen inguruko jendeari aitortza egin genion herrian. Tartean zeuden Euskaldunon Egunkaria-koak. Hor hasi zen lankidetza estuagoa».

Orereta ikastolan propio landu eta sakondu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren gaia. «Proiektu bat sortzeko aukera ikusi genuen. Euskararen inguruko gaiak lantzen ditugu Euskara ikasgaian. Egunkaria-ren itxieraren hogeigarren urteurrena zen, eta, klasean labur eman beharrean, astebetez aritu ginen gai horretaz». BERRIAko erredakziora ere joan ziren ikasle guztiekin. «Ez dakit zer ikasi duten, baina gure herrian zer gertatu den jaso dute. Asmatu genuen formatu horiekin», azaldu du Saez de Egilazek.

Orain, berriz, kazetaritza tailerrei ekin diete ikastolan DBH3ko ikasleek. «Aukerako ikasgai bat dugu: Komunikazio tailerra. Iazko esperientzia onaren ostean, aurten BERRIA Ikasgelaren tailerrak egingo ditugu». Hautazko ikasgai horretan ere Saez de Egilaz da irakaslea. Irakasleak nabarmendu du kazetariak klasera etortzea ere oso aberasgarria dela ikasleentzat.

«Aukerako ikasgai bat dugu: Komunikazio tailerra. Iazko esperientzia onaren ostean, aurten BERRIA Ikasgelaren tailerrak egingo ditugu».

Haizea Saez de Eguilaz (Orereta ikastola)

559 eduki webgunean

2021eko udazkenean jaio zen BERRIA Ikasgela. Izan ere, BERRIAn ondorioztatu zuten irakasleek eta ikasleek askotan erabiltzen dituztela egunkarietako artikuluak eta edukiak. «Baina beti ez dago ongi sailkatua bilatzen duten informazioa. Gainera, euskarazko materiala urriagoa da, eta zailagoa da lortzen». Arazo horiei aurre egin nahi die BERRIA Ikasgelak. Ikasgelako edukiak egokituta daude, ikasgeletan errazago erabil daitezen. «Besteak beste, edukiak ikasgaika daude antolatuta, hainbat kontzeptu teknikoren azalpenak gehitzen ditugu, eta saiatzen gara gurea bezalako komunikabideek kontatzen dituzten gertaerak testuinguruan kokatzen».

Euskal Herriko ikastetxeen, irakasleen eta ikasleen artean harrera ona izan du egitasmoak. Eskaintzen duten eduki kopurua ere oparoacloseUgaria.
da: 559 eduki, orain arte [urtarrilaren 23ko datua da]. Eta astero mila irakasle inguruk jasotzen dute buletina. Buletinaren bidez, azken astean webgunean ikusgai jarritako edukiak zabaltzen dituzte.

Jatorrizko artikuluak