Kazetaritza-Hezkuntza

Nota ona baino gehiago lortzeko

BERRIA Ikasgelak Euskal Herriko ikasleen lan interesgarrienak argitaratuko ditu maiatzetik aurrera, eta tartean sariak izango dira. Gainera, ikastetxeetan kazetaritza tailerrak emango dituzte Ikasgelako kideek.

Orereta Ikastolako DBHko ikasle batzuk. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Errenteria
2024ko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

BERRIA Ikasgelak plazara atera nahi ditu ikasturtean zehar Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan egin dituzten komunikazio lan interesgarrienak. Horrekin batera, jasotzen dituzten lan guztien artean sari bat zozkatuko dute.

Itsasoko hondakinei buruz Biologia-Geologia ikasgairako eginiko lan sakona, hirugarren sektorea lantzeko herriko ile apaintzailearekin edukitako elkarrizketa interesgarria, institutuko komunen aferaz ikastetxeko blogean argitaraturiko artikulu polemikoa... lan asko eta askotarikoak idazten eta egiten dira ikasturtean zehar ikastetxeetan. Horietako asko ematen dira argitara ikastetxean bertan, edo aurkezten zaizkie ikaskideei ikasgeletan. Bada, maiatzetik aurrera, lan horien komunikaziorako beste bide bat izango da BERRIA Ikasgela: izan ere, adin horietako ikasleei BERRIAren edukiak helarazteko ez ezik, ikasle horiek eginiko komunikazio lanak jaso eta erakusteko ere izango baita BERRIA Ikasgela webgunea.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiek izango dute bertan lanak argitaratzeko aukera. Gazteek ikastetxeetan jorratu dituzten gaiak, izan dituzten eztabaidak, ospatu dituzten efemerideak... halakoak nola kontatu dituzten erakutsi nahi du BERRIA Ikasgelak. Webguneak ematen duen ikusgarritasuna baliatu eta ikasgelako lau hormetatik atera nahi ditu lan horiek, ahalik eta gehien zabal daitezen.

Azken buruan, Euskal Herriko ikastetxe, irakasle eta ikasleen artean beste komunikazio bide bat zabaldu nahi du BERRIA Ikasgelak. Batak besteak egiten duenaren berri izan dezan; elkarrekin ikas dezaten. Eta, aldi berean, gaur egungo ikasle gazteak zer egiten ari diren erakutsiko zaio euskaldunen komunitateari. Gazteen begiradak islatu nahi ditu, hain zuzen ere, aktualitateaz, inguruaz, munduaz... Begirada horiek ekarri nahi ditu BERRIAk bere komunitatera.

Zozketa bidezko saria

BERRIA Ikasgelan beren lanak erakutsi nahi dituztenek saria izango dute: aurkezten dituzten lanen artean interesgarrienak argitaratuko ditu BERRIA Ikasgelak, eta guztien artean zozketa bat egingo du gero; Urruñako (Lapurdi) Wow Parkera joateko sarrerak jasoko ditu irabazleak. Ikasgela osoarentzat izango da saria.

Era guztietako galderak, albisteak eta eztabaidak jorratzen dituzten erreportaje, kronika zein elkarrizketak jasoko dituzte sariketan. Idatzizko testuak, audioak nahiz bideoak. Dagoeneko ikastetxeko aldizkarian argitaratu dituzten artikuluek eta sareetan zabaldutako ikus-entzunezko lanek ere izango dute lekua sariketan.

Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ikasten ari diren ikasleek izango dute bertan parte hartzeko aukera, eta lanak taldean egindakoak edo bakarka egindakoak izan daitezke.

Maiatzean argitaratuko dira jasoko diren aurreneko lanak. Horretarako, apirilaren 30a baino lehen bidali behar dira proposamenak [email protected] posta helbidera.

Hiru urteko bidea

2021eko udazkenean jaio zen BERRIA Ikasgela. Ainhoa Oiartzabal proiektuko koordinatzaileak gogoratu duenez, egunkarian ondorioztatu zuten irakasleek eta ikasleek askotan erabiltzen dituztela egunkarietako artikuluak eta edukiak. «Baina beti ez dago ongi sailkatua bilatzen duten informazioa. Gainera, euskarazko materiala urriagoa da, eta zailagoa da lortzen». Arazo horiei aurre egin nahi die BERRIA Ikasgelak. Gainera, Ikasgelako edukiak egokituta daude, ikasgeletan errazago erabil daitezen. «Besteak beste, edukiak ikasgaika daude antolatuta, hainbat kontzeptu teknikoren azalpenak gehitzen ditugu, eta saiatzen gara gurea bezalako komunikabideek kontatzen dituzten gertaerak testuinguruan kokatzen».

Euskal Herriko ikastetxeen, irakasleen eta ikasleen artean harrera ona izan du egitasmoak. Eskaintzen duten eduki kopurua ere oparoa da: 558 eduki, orain arte. Eta astero mila irakasle inguruk jasotzen dute buletina. Buletinaren bidez azken astean webgunean ikusgai jarritako edukiak zabaltzen dituzte. «Eduki horietako gehienak berriak dira Ikasgelan, baina data jakin batzuetan, efemeride esanguratsuetan, berriro ere Ikasgelaren azalera ekartzen ditugu lehenago ere ikusgai egon diren hainbat erreportaje. Izan ere, Ikasgela hemeroteka espezializatu bat dela esan genezake: BERRIAn jada argitara eman diren edukiak ikasgai, gai eta euskarri motaren arabera sailkatzen dituen hemeroteka».

BERRIA Ikasgelan 558 eduki jarri dituzte orain arte. Bestetik, mila irakasle inguruk jasotzen dute buletina, azken asteko edukiekin.

Etenik gabeko bilakaera izan du Ikasgelak. Hastapenetako helburua izan zen ahalik eta eduki gehien biltzea. «Hala, hezkuntzan erabiltzeko egokiak diren testuak, infografiak eta bideoak identifikatzeko eta egokitzeko lanari ekin zitzaion». Lan horrekin jarraitzen dutela azaldu du Oiartzabalek: «Izan ere, egunero jartzen dugu eduki berriren bat webgunean. Hiru urte hauetan gero eta errazago identifikatzen ari gara zein eduki mota diren interesgarriak, eta, ondorioz, erabilgarriak». 2023. urtean, 159.800 bisita izan zituen webguneak.

Ikasgelaren hirugarren ikasturtean emango duten pauso bat da ikasleen lanak argitaratzea, orain arteko eskaintza biribiltzeko asmoarekin. «Webgunea martxan jarri eta kazetaritzari buruzko tailerren eskaintza egin ondotik, interesgarria iruditu zitzaigun ikasleek eurek eginiko lanei toki bat ematea. Euskal Herri osoko ikasleak bilduko lituzkeen ikasgela birtual bat eraikitzea da asmoa». Finean, erabateko hartu-emanean egon nahi dute bai irakasleekin bai ikasleekin. «BERRIAk eskain diezaiekeena ez ezik, guretzat interesgarria baita gure herrietako ikasgeletan dabiltzan ikasleek egiten dutena ere jasotzea».

Tailerrak

BERRIA Ikasgelak tailerrei ere ekin die. Kazetaritzaren oinarrizko kontzeptuak azaltzeko saio teoriko-praktikoak eskaintzen ditu, BERRIA eta beste hedabideetan argitaratutako adibide erreal eta gaurkotuek lagunduta.

BERRIA egunkarian hainbat sailetan jardun duen kazetari batek emango ditu saio horiek, ikastetxean bertan. Hala ere, saio horietakoren bat Andoaingo (Gipuzkoa) erredakzioan egiteko aukera izango da, eta ikasleei egunkaria ezagutzeko aukera eskainiko diete. Tailerrek irauten duten denboran irakasleak kazetariarekin harremanetan egongo dira, eta zenbait saio haientzat bakarrik izango dira —Internet bidez emango dituzte—.

Batik bat, DBHko ikasleentzako dira saioak, baina ez dute baztertzen Batxilergokoentzat ere egitea. Zehazki, prentsarekin edo komunikazioarekin harremana duten ikasgaietako ikasleentzat prestatu dituzte. Gehienez hamabost ikasleko taldeak izango dira.

Ikasgelako kazetari Ainhoa Oiartzabal eta ikastolako irakasle Haizea Saez de Eguilaz
Haizea Saez de Egilaz irakaslea eta Ainhoa Oiartzabal kazetaria. ANDONI CANELLADA / FOKU

Tailerren metodologiari dagokionez, BERRIA egunkarian atera diren edukiak eta BERRIA Ikasgelaren webgune-hemerotekan bildu dituzten eduki egokituak adibide gisa jarriz azalduko dute teoria. Halaber, Euskal Herriko zein munduko beste hedabide eta egunkarien adibideak ere baliatuko dituzte.

«Saioak emango ditugun egunen ingurumarian argitaraturiko edukiak lehenetsi ditugu, baina eduki atenporalak eta curriculumarekin lotura duten kazetari lan interesgarriei ere egingo diegu tokia», azaldu du Oiartzabalek.

Saio dinamikoak izatea jarri dute helburutzat. Beraz, galderak egin ditzaten eta euren iritzia eman dezaten, hainbatetan interpelatuko dituzte ikasleak. «Argitalpen bat lantzen ari baldin badira, eduki hori hartuko dugu oinarri hainbat kontzepturen azalpenetan». Bi orduko hiru saio izango dira, independenteak eta osagarriak elkarren artean: lehen saioa kazetaritzan alfabetatzeko saio teorikoa izango da; bigarrenean, kazetaritzaren genero nagusiak eta idazkera estiloak landuko dituzte; eta hirugarrenean, kazetari lan bat egingo dute ikasleek. Egindako lana zuzentzeko gomendioak emango dizkie kazetariak irakasleei, eta editatzen lagundu.

Kazetaritza tailerrak saio dinamikoak izango dira. Bi orduko hiru saio izango dira, independenteak eta osagarriak elkarren artean.

«Aurreko ikasturtean Muskizko institutuan [Bizkaia] hasi ginen tailerrak ematen, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen guztiontzat. Ikasturte honetan berriro joan gara, eskaintza zabalago batekin». Hil honetan, berriz, Orereta ikastolan (Errenteria, Gipuzkoa) egingo dute tailerra.

Ikasgela webgunearen bidez, euskaraz eta Euskal Herriko ikuspegitik sortutako «gaurko eta hemengo eduki onak» eskaintzen dituztelakoan daude BERRIAko arduradunak. «Kazetaritza tailerrekin, berriz, eduki horien sortze prozesua gertutik ezagutzeko aukera eman nahi diegu irakasle eta ikasleei; irizpideak erakutsi, eta eurek beren komunikazio lanetan erabil ditzaketen gomendioak, esperientziak, jakintzak partekatu», azaldu du Oiartzabalek. Azkenik, beren lanak erakusteko leiho berri bat zabalduta, gazteenen ahotsa entzuteko aukera zabaldu nahi du Ikasgelak.

Orereta ikastolaren adibidea

Egunotan Oiartzabal Errenteriako Orereta ikastolan hasi da tailerra ematen. Haizea Saez de Egilaz Orereta ikastolako euskara irakaslea da DBHn, eta pozik mintzo da BERRIArekin azkenaldian izandako harremanaz eta elkarlanaz. «BERRIA Ikasgelak hainbat ikastetxetara jo zuen egitasmoa sortu zuenean. Une hartan hasi ginen harremanetan. Baina iaz, Kilometroen harira, elkarlan zuzenean hasi ginen. Euskararen inguruko jendeari aitortza egin genion herrian. Tartean zeuden Euskaldunon Egunkaria-koak. Hor hasi zen lankidetza estuagoa».

Orereta ikastolan propio landu eta sakondu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren gaia. «Proiektu bat sortzeko aukera ikusi genuen. Euskararen inguruko gaiak lantzen ditugu euskara ikasgaian. Egunkaria-ren itxieraren hogeigarren urteurrena zen, eta klasean labur eman beharrean, astebetez aritu ginen gai horretaz». Iazko esperientziak balio izan zien ikasleek jakin dezaten zer izan zen Euskaldunon Egunkaria. «Zerbaitekin gelditu ziren. Atzera pixka bat begiratu dezagun, aurrera jotzeko. Nondik gatozen eta nora goazen». Astebetez, egunero aritu ziren gaiaz hizketan, eta hainbat formatutan jaso zuten informazioa. BERRIAko erredakziora ere joan ziren ikasle guztiekin. «Ez dakit zer ikasi duten, baina gure herrian zer gertatu den jaso dute. Asmatu genuen formatu horiekin. Irakasleak hori transmititzen saiatu ginen. Egunkaria-ren itxiera ez da hain aspaldi gertatu, gainera», azaldu du Saez de Egilazek. «Interesa ez duten ikasle horiei ere zerbait geldituko zitzaien».

Orereta Ikastolako DBHko ikasleekin bideo bat grabatu dute BERRIAko kazetariek
Sariketaren berri emateko, Orereta Ikastolako DBHko ikasleekin bideo bat grabatu dute BERRIAko kazetariek. ANDONI CANELLADA / FOKU

Orain, berriz, kazetaritza tailerrei ekin diete ikastolan DBH3ko ikasleek. «Aukerako ikasgai bat dugu: Komunikazio tailerra. Iazko esperientzia onaren ostean, aurten tailerrak egingo ditugu». Hautazko ikasgai horretan ere Saez de Egilaz da irakaslea. «Iazko esperientzia hain ondo joan zenez, aurrera egitea erabaki dugu». Irakasleak nabarmendu du kazetariak klasera etortzea ere oso aberasgarria dela ikasleentzat.

Hiru bloke izango dituztela zehaztu du: kazetaritza zer den ikasiko dute lehenbizi; zer testu lantzen diren, zer idazten den, ondoren; maketazioa eta diseinua landuko dute azkenik. Ikastolakoen asmoa da tailerraren amaieran BERRIAko Andoaingo erredakziora joatea. Oiartzabalek azaldu du tailerrak ikastolako irakasleekin diseinatzeko prest daudela.

Ikasleentzat prozesua baliotsua izango dela iruditzen zaio Saez de Egilazi: «Ikasleek ezagut dezatela egunero egunkari euskalduna daukagula, euskara hutsean. Transmisio lan bat dago hor. Eta ikus dezatela haietako edozein izan daitekeela kazetari BERRIAn».

Irakasleak ere ontzat jo du ikasleen lanak Ikasgelaren webgunean argitaratzeko aukera. «Beste ikasgaietako lanak ere erabil daitezke Ikasgelan. Eta beste ikastetxeetan egiten dituztenetatik ikasi egin dezakegu. Ikasleek egindako lan batzuk oso onak dira, eta inspirazio iturri izan daitezke besteentzat». Alde onak baino ez dizkio ikusten Saez de Egilazek Ikasgelaren aukera berriari: «Ikasleek ikusten badute beste ikastetxe batean sortu duten testua edo lana ederra dela, haientzat baliagarria izan daiteke. Lagungarria izango da parekoen esperientziatik abiatzea». Gainera, gazteek ikusiko dute klasean egiten dutena baliagarria izan daitekeela beste batzuentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.