Salatu dute gutxienez 50 pertsona hil direla Irango azken protestetan

  • Albistea entzun

Ehunka lagun zauritu dira, eta beste hainbeste atxilotu dituzte. Presidenteak iragarri du ikerketa bat egingo duela Amini gazteari zer gertatu zaion argitzeko.

Irango Moralaren Poliziak irailaren 13an atxilotu zuen Mahsa Amini 22 urteko emakume gaztea, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Hiru egun geroago hil zen; Poliziaren esanetan, «bihotzekoak jota».

Mahsa Amini gaztearen heriotza salatzeko protestetan hildakoen datua eguneratu egin du Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundeak [irailaren 24ko datuak dira], zeinak Norvegian  duen egoitza. Nabarmen handitu da: 50 dira dagoeneko. Datu ofizialen arabera, berriz, hamazazpi dira hildakoak.

Kurdistango Hengaw Giza Eskubideen taldeak BERRIAri jakinarazi dionez, irailaren 22rako 733 pertsona ziren protestetan zaurituak. Handituz doa atxilotuen kopurua ere: seiehun inguru. Taldeak azaldu duenez, azken egunotan zauritutako asko ez dira joan ospitalera, «atxilotuko dituzten beldur baitira».

Azken egunotan zauritutako asko ez dira joan ospitalera, «atxilotuak izanen diren beldurrez».

Irango Moralaren Poliziak irailaren 13an atxilotu zuen Mahsa Amini 22 urteko gaztea, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen Aminik, Teherango komisaria batean, eta hiru egun geroago hil zen, ospitalean, hiru egunez koman egon eta gero. Gurasoek argi utzi dute ez zegoela gaixo atxilotua izan aurretik.

Poliziak segurtatu du, ordea, gaztearen heriotza «ezbeharra» izan dela. Halaber, Irango presidente Ebrahim Raisik Aminiren familiari hitzeman dio ikerketa bat abiatuko duela egiazki zer gertatu den argitzeko.

1979tik derrigorrezko

Iranen, legeak emakumezko guztiak derrigortzen ditu buruko zapia janztera 1979tik. NBEcloseNazio Batuen Erakundea.k salatu duenez, Moralaren Poliziak bere patruilak indartu ditu lurralde osoan azken hilabeteotan, eta ustez beloa gaizki jarrita daramaten emakumeak Poliziaren jazarpen fisikoa eta hitzezkoa jasaten ari dira.