Irango azken protestetan hildakoak gutxienez 50 direla salatu dute

Ehunka dira zauritutakoak eta beste hainbeste atxilotuak. Amini gazteari gertatutakoa argitzeko ikerketa bat iragarri du presidenteak

Protestak mundu osora zabaldu dira. Argazkian, Haga (Herbehereak). L. V. L. / EFE.
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Kopurua puzten ari da apurka. Mahsa Amini gaztearen heriotza salatzeko protestetan hildakoen datua eguneratu du Norvegian egoitza duen Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundeak. Nabarmen handitu da: 50 dira dagoeneko. Datu ofizialen arabera, berriz, 17 dira hildakoak. Protesta jendetsuak ez ziren eten atzo, bizitu baizik, eta urrun dirudi baretzeak. Poliziarenak ere bai.

Hengaw taldeak herenegun BERRIAri jakinarazi zionez, ordurako 733 pertsona ziren protestetan zaurituak. Ugarituz doaz atxilotuak ere: 600 inguru dira dagoeneko. Taldeak azaldu duenez, azken egunotan zauritutako asko ez dira joan ospitalera, «atxilotuko dituzten beldur baitira».

Poliziak segurtatu du Aminiren heriotza «ezbeharra» izan dela. Halaber, Irango presidente Ebrahim Raisik Aminiren familiari hitzeman dio ikerketa bat abiatuko duela egiazki zer gertatu den argitzeko.

Aminiren hilketak piztutako protesten erreakzio gisa, gobernuaren aldeko mobilizazioak egin zituzten atzo Irango zenbait hiritan. Manifestariek AEBen eta Israelen kontrako leloak oihukatu zituzten, eta gobernuaren kontra agertu direnen exekuzioa galdegin zuten, Iranen «etsaien» esanetara ari direlakoan.

Irango Moralaren Poliziak aurreko asteartean atxilotu zuen 22 urteko gaztea, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen Aminik, Teherango komisaria batean, eta ostiralean hil zen, ospitalean, hiru egunez koman egon eta gero. Gurasoek argi utzi dute ez zegoela gaixo atxilotu aurretik. Aminiren heriotzak herrialde osoa asaldatu duen arren, Kurdistanen zabaldu dira protestak batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.