Jagoba Arrasate: «Amama: sari hau zuretzat da»

  • Albistea entzun

Osasunako entrenatzaile Jagoba Arrasatek saria jaso du euskararen alde egindako lanagatik. «Iruñera ailegatu zenetik, lehen mailara eraman du euskararen presentzia», nabarmendu zuen ekitaldian Reyes Ilintxeta esatariak.

Lasai eta irribarretsu agertu da saioak iraun bitartean; saria eskuetan hartu bezain laster, baina, hunkituta dagoela sumatzen zaio aurpegian, eta egin dioten aitortza eskertzeko hitza hartu duenean, ahotsaren bidez egin dio ihes barruko emozioak: «Amamak 100 urte egin ditu, baina gaixo dugu. Hari bidali nahi diot besarkada handi bat; amamaren magaleancloseAltzoan.
jaio ginen, baserrian, su epelean, euskaraz, abesten... Amama: hau zuretzat da», erran du Osasunako entrenatzaile Jagoba Arrasatek, Iruñeko Komunikabideak Fundazioak emandako Bostekoa saria jaso duenean. Iruñeko Civican aretoan ospatu dute saria emateko ekitaldia —azaroaren 15ean—, eta han egin dute bat Jagoba Arrasate laguntzera eta entzutera joan diren Osasunaren zaleek eta euskaltzaleek.

Arrasate 2018. urtean ailegatu zen Iruñera, Osasuna zuzentzera. Entrenatzaile gisa, halere, sorterricloseJaioterri.
an egin zituen lehendabiziko urratsak; Berriatuan (Bizkaia) jaioa da Arrasate, 1978an, eta hango gazteak entrenatzen hasi zen lanean. «Oso gustura aritu nintzen», oroitu du. Espainiako Hirugarren Mailara jauzi egin zuen Elgoibar Gipuzkoako taldea entrenatzeko ardura bere gain hartu zuenean, eta handik joan zen Realera. Donostiatik Soriara (Espainia) egin zuen bidea, Numancia taldeko entrenatzaile lanetan aritzeko, eta Soriatik, azkenean, Iruñera.

Jagoba Arrasate, azaroaren 15eko sari-emate ekitaldian. IÑIGO URIZ /FOKU

Musikazalea eta bertsolaria

Futbola txikitatik maite izan duela nabarmendu du Jagoba Arrasatek, bai eta pilota ere. «Herrian zesta-puntarako zaletasun handia izan da beti, baina niri esku pilota gustatzen zitzaidan». Gaztaroan, halere, kirola baino gehiago bazegoen Arrasateren egunerokoan, eta gazte garaiko parrandak gogoratu dizkiote entrenatzaileari Xabi Olano Antoñana piano jotzaileak eskainitako piezek. Su Ta Gar musika taldearen atzetik eman zuen uda hura oroitu du, batetik. «Herriz herri joan ginen kuadrillakoak, eta hogei kontzertu ingurutan izan ginen!». Bertzetik, Zea Mays taldea «asko» maite duela erran du Arrasatek, eta bereziki gustuko duela Negua joan da ta izenburuko kanta. Kantaren mezua bere egin du Arrasatek, etxean eta lantokian; hau da, etxean eta futbol zelaietan: «Negurik gordinenaren atzetik ere, udaberria dator beti. Momentu txarrak pasatzen ditugu, baina aurrera egin behar da».

«Negurik gordinenaren atzetik ere, udaberria dator beti. Momentu txarrak pasatzen ditugu, baina aurrera egin behar da».

Jagoba Arrasate (Osasunako entrenatzailea)

Osasunarekin, hain zuzen, futbolaren gorabeherak ezagutu ditu Jagoba Arrasatek; aurreko sasoian, Espainiako Kopako finala jokatu eta Europarako sailkatu zen, Konferentzia ligarako. Zaleen eta zale ez zirenen babesa eta beroa jaso zuen entrenatzaileak. Krisia zer den ere badaki, halere, partidak eta partidak jokatzea, bakar bat irabazi gabe. Unerik txarrenetan Osasunako agintariek eman dioten babesa eskertu eta nabarmendu du Arrasatek, hain zuzen ere, eta erantsi du konfiantza horrek bilakatzen duela Iruñeko taldea «benetan berezi». «Lantalde oso bati eta lan egiteko modu bati erakutsi diote konfiantza, eta hori eskertzekoa da».

Lantaldea aipatu du Osasunako entrenatzaileak, eta talde lanak duen garrantzia jarri nahi izan du erdigunean. Horri buruz mintzatu denean, Civican aretoko lehen lerroko butaketako batean eseri den Oier Sanjurjo futbol jokalari ohiari egin dio so Arrasatek. Osasunan egin zuten bat, gorritxoen kapitain izan baitzen Sanjurjo. Aldagelako gauzak kudeatzencloseZuzentzen.
«asko» lagundu zuela erran du entrenatzaileak, kapitain ohiari buruz.

Oier Sanjurjo futbol jokalari ohiari egin dio so Arrasatek. Osasunan egin zuten bat, gorritxoen kapitain izan baitzen Sanjurjo. Aldagelako gauzak kudeatzen «asko» lagundu zuela erran du entrenatzaileak.

Kirolaz harago, euskararen alde egindako lanean ere Arrasatek Sanjurjo izan du bidelagun, eta, horregatik, kapitain ohiak ere saria merezi duela nabarmendu du gorritxoen entrenatzaileak. «Luxu bat izan da Oierren gisako kapitain bat izatea». Osasunak 2017an aldatu zituen taldeko estatutuakcloseAraudia.
, eta testu berrian jaso zuen gaztelania eta euskara biak dituela berezko hizkuntza. «Iruñera ailegatu zenetik, Jagoba Arrasatek lehen mailara eraman du euskararen presentzia: bere eguneroko lanean, zelaian, prentsaurrekoetan, elkarrizketetan, bai eta jendez betetako plazetan ere, bota dituen bertsoen bidez», nabarmendu du Reyes Ilintxeta esatariak. «Esaten ohi da gure helburu bakarra igandeko partida irabaztea dela; entrenatzaile baino lehen, pertsona naiz, eta nik banituen beste hainbat helburu, eta haietako bat zen euskarari bultzada bat ematea», erantzun dio Arrasatek.

Ilintxetak aipatu du Arrasatek bertsolaritzarako zaletasuna duela, eta Arrasatek, hain zuzen, bertso batekin eskertu nahi izan du Iruñeko Komunikabideak fundazioko presidente Kike Diez de Ulzurrenek emandako Bostekoa saria. Onartu du, kantuan hasi baino lehen, Bittori Elizalde bertsolariak hari bota dizkion bertsoen mailatik «urrun» dela. Animatu da, halere, kantatzera: «Nafarroan euskara/ izan gendun ilun/ baina aurrera egin/ dugu jardun eta jardun/ holako hizkuntzarik/ ez daukagu inun/ beraz guztion artean/ bultzatu dezagun».

«Entrenatzaile baino lehen, pertsona naiz, eta nik banituen beste hainbat helburu, eta haietako bat zen euskarari bultzada bat ematea».

Jagoba Arrasate (Osasunako entrenatzailea)

Jatorrizko artikuluak