Kazetaritzan trebatzeko bitakora bat

Hainbat ikastetxetan landu dute BERRIA Ikasgelako ‘Komunikazioaren erronkak XXI. mendean’ programa didaktikoa, eta pozik daude emaitza ikusita. Kazetaritzara gerturatzeko eta ikuspegi kritikoa lantzeko baliabide teorikoak eta praktikoak eskaintzen ditu.

Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasleak; BERRIA Ikasgelako unitateak landu dituzte ikasturtean zehar. GORKA RUBIO / FOKU
Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasleak; BERRIA Ikasgelako unitateak landu dituzte ikasturtean zehar. GORKA RUBIO / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Urretxu-Zumarraga
2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itsas zabalean orientatzeko, norabidea zehazteko, iparrorratza duen tramankulua behar izaten den moduan, informazio zaparradaren itsasoan ere bitakora bat izatea komeni da, lema bat, konpas magnetiko bat... Horixe bera da Komunikazioaren erronkak XXI. mendean BERRIA Ikasgela proiektuko programa didaktikoa: itsasorratza, kazetaritzan trebatzeko bitakora bat. Eta ikastetxe batzuetan jada ari dira tresna horrekin nabigatzen. Iñaki Petxarroman Ikasgelako koordinatzaileak azaldu duenez, komunikazioak egun dituen erronken inguruko zenbait gako eskaintzen ditu programa didaktikoak: «Oso azkar aldatzen ari den komunikazioaren mundua aztertzen du: sare sozialak, albiste faltsuak, iturri fidagarriak, adimen artifiziala... Komunikazio hizkuntzaren sekretuak ere argitzen ditu, idatzizko eta ahozko erabilerari dagokienez. Hizkuntzaren zuzentasuna guztiz lotuta dago komunikazio eraginkor eta egoki batekin. Nola komunikatu euskara zuzen eta erakargarri batean... hori da kazetari baten eguneroko erronka, baina ez da kazetaritzako kontua bakarrik». 

DBHko eta batxilergoko ikasleak kazetaritzara gerturatzeko materiala eskaintzen du proposamen didaktikoak. Petxarromanek zehaztu duenez, hautazko irakasgai gisa, ikasleei baliabideak eskaintzen dizkie izaera kritiko bat izateko: «Baliagarria da Euskal Herrian eta munduan gertatzen dena ikuspegi kritiko batetik begiratzeko eta ulertzeko. Hainbat motatako kazetaritza testuak eta euskarriak ulertzea, interpretatzea eta egiten ikastea da xedea, eta sorkuntza ere sustatzen du: kontatzeko interesgarria izan daitekeena bilatzea eta nola kontatu erabakitzea, bideoz, audioz edo idatziz».

URRETXU ZUMARRAGAKO IKASLEAK - BERRIA IKASGELA
Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasleek ikasturtean zehar landu dituzte unitateak. GORKA RUBIO

Euskal Herriko hainbat ikastetxek amaitzear den ikasturtean landu dute programa didaktikoa, hautazko ikasgai gisa, eta pozik daude esperientziarekin, kazetaritzan trebatzeko oinarrizko ezagutza jaso ahal izan dutelako, eta, bide batez, lanbidearen oinarrizko gakoen berri izan dutelako. Ane Irazoki Urretxu-Zumarraga Ikastolako irakasleak hitz onak baino ez ditu programa didaktikoaz: «Edukia oso egokia da, oso ondo dago sailkatuta, eta unitate bakoitzean teoria eta praktika uztartzen dira. Ikasgai gisa planteatu dugu, eta ikasturte osoan landu dugu». Haren hitzetan, gaur egun oso beharrezkoa da horrelako materiala: «Informazioaren munduan bizi gara, etengabe jasotzen dugu informazioa, leku guztietatik, eta interesgarria izan da ikustea zer dagoen kazetaritzaren atzean, zer funtzio betetzen duen kazetaritzak, eta ulertzea nola egiten den lan hori. Oso balorazio positiboa egiten dugu».

 

Etorkizuneko kazetariak

Amets Arakama, Eneritz Mendia, Araitz Martinez eta Amets Aiastui izan dira, programa didaktikoa oinarri hartuta, kazetari lanetan aritu diren ikasleetako batzuk. Aho batez diote ez dutela baztertzen etorkizunean kazetaritzan aritzea. Arakamak aitortu du oso gustura aritu dela: «Inoiz ez genuen halakorik ikasi, eta oso interesgarria izan da. Bakarka eta taldeka aritu gara, eta albisteak eta erreportajeak egin ditugu. Nik Gasteizko Martxoaren 3ko gertakarien inguruko artikulu bat egin dut. Gasteizko faxistak titularra jarri diot».

Mendiak Uxue Kerejeta musikariari buruzko erreportajea egin du; herrikidea du, eta begirada sakonago batetik ezagutu ahal izan du artista. Ofizioa ikasteko balio izan dio hautazko ikasgaiak: «Kazetaritza generoak eta hedabide motak landu ditugu». Martinezek generoak zerrendatu ditu: «Albistea, erreportajea, elkarrizketa, kronika, zutabea, iritzi artikulua... Bakoitza zer den eta nola egiten den ikasi dugu». Aiastui ere pozarren dago ikasitakoarekin: «Berria izan da guretzat, eta gauza asko landu ditugu. Albistegi bat egin dugu, kameraren aurrean. Niri ikus-entzunezkoak gustatzen zaizkit bereziki...».

Irakasleak, berriz, kritikotasuna sustatzeko programak izan duen balioa nabarmendu du: «Sare sozialetan ikusten dutenaz asko eztabaidatu dugu ikasleekin, oso baliagarria izan da hausnarketa egiteko eta gauzak auzitan jartzeko; hau da, iritzi propio bat izateko. Informazio iturri fidagarriak zeintzuk diren ikasi dugu».

Pentsamendu kritikoa

Ander Etxeberria Hernaniko Institutuko irakaslea bat dator Irazokirekin: «Atzematen dugu ikasleak askotan pentsamendu bakar batekin datozela, goitik behera sinesten dutela zerbaitetan, kontrastatu gabe, iturriak aintzat hartu gabe, eta garrantzitsua da oso, bizi ditugun garaietan, horretaz hausnarketa egitea eta pentsamendu autonomoa lantzea. Material didaktiko honek horretaz jabetzen laguntzen du. Oso interesgarria eta aberasgarria da».

BERRIAKO IKASGELA PROIEKTUKO UNITATE DIDAKTIKOAK
Hernaniko Institutuko ikasle batzuk, unitate didaktikoak lantzen. JON URBE / FOKU

Hernaniko Institutuko DBHko 3. mailako ikasleek lehenengo unitatea landu dute ikasturtean zehar. Kazetaritza zer den ikasi eta euskarazko hedabideen historiari erreparatu ostean, hedabide motak eta kazetaritza genero nagusiak landu dituzte. Etxeberriak pena du sei unitate didaktikoak osorik landu ez izana: «Prentsa tailerra hautazko ikasgaia da, eta zabaltzea da gure asmoa. Materiala oso interesgarria da, unitate guztietan oso gauza politak egin daitezke. Guk bakarra landu dugu, eta gogoz geratu gara».

Institutuko batxilergoko ikasleek egin duten lana goraipatu du Etxeberriak: «Hirugarren unitatea lantzen aritu dira, eta oso eztabaida politak sortu dira. Iritzi artikulu bat idazten ere ikasi dute».

Kazetaritza ikasgeletara

BERRIA Ikasgela proiektua ikasgeletara eramateko egitasmoa da Komunikazioaren erronkak XXI. mendean proposamen didaktikoa. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko ikasleei bideratuta dago, eta sei unitatez osatuta dago. Astean bi ordu eginda, ikasturtean 70 orduko hautazko ikasgaia osatu daiteke. Hurrengo ikasturtera begira, gainera, BERRIA egunkariaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren lankidetza tarteko, programa osorik edo unitateka kontratatu ahal izango da, ohiko tarifekiko %50eko deskontuarekin; ikasgela@berria.eus helbidean eskuratu daiteke informazioa. BERRIAk, gainera, etengabeko aholkularitza zerbitzua eskaintzen die irakasleei.

Egitasmoa ikasturte honetan jarri dute martxan, eta, hurrengo ikasturtera begira, ikastetxe gehiagotara zabaltzea da asmoa. Petxarromanek jakinarazi du ikastetxe batzuetako irakasleek helarazi zuten interesagatik sortu zutela programa didaktikoa: «BERRIA Ikasgela egitasmoak etenik gabeko bilakaera izan du. Webgunea martxan jarri ostean, ikastetxeetan kazetaritzari buruzko tailerrak emateko urratsa egin genuen. Kazetaritzaren oinarrizko kontzeptuak azaltzeko saio teoriko-praktikoak egin ostean, ikasleek eurek egindako lanei tarte bat eman genien atari digitalean. Gero lehiaketa etorri zen, eta azken urratsa hauxe izan da: programa didaktikoa. Ikastetxe batzuetako irakasleek interesa zuten horretan». Maddi Iztueta Olano kazetariak sortu ditu edukiak, eta Iratxe Retolaza Gutierrez irakasleak berrikusi. 

Bitakora, beraz, prest da: Komunikazioaren erronkak XXI. mendean proposamen didaktikoa. Etengabeko informazioan nabigatzeko iparrorratz bat, albiste faltsuen hedapena gero eta zabalduago dagoen garaietan orientatzeko konpas magnetiko bat, kazetaritzan aritzeko mapa bat eta munduan kokatzeko lema bat. Etorkizuneko kazetariak prestatzeko garaia da.

sei unitateak

  1. ZER DA KOMUNIKATZEA?

    Lehenengo unitate didaktikoaren bidez, ikasleak gaian kokatuko dira: kazetaritza zer den ikasiko dute; euskarazko hedabideen historia laburra, hedabide motak, genero nagusiak... Albiste bat idazten ikasiko dute.

  2. SAREEN KORAPILOAN.

    Bigarren unitatean sareen munduan murgilduko dira. Informazioa lortzeko erabiltzen diren berri iturriak ezagutuko dituzte. Interneten komunikabideek duten presentzia aztertuko dute; adimen artifiziala eta albiste faltsuak identifikatzen ikasiko dute. Albiste baten harira, sareetan zabaltzeko ikus-entzunezko labur bat egingo dute.

  3. INFORMAZIOAREN BONBA BURU OSASUNEAN.

    Hirugarren unitatean buru osasunari erreparatuko diote. Etenik gabeko informazioak buru osasunean duen eraginean sakonduko dute. Iritzi generoei buruz ere ariko dira, eta, gaiari buruz egindako hausnarketekin, iritzi artikulu bat idazten ikasiko dute.

  4. HITZAREN PISUA.

    Laugarren unitatean, hizkuntzaren, idazkeraren eta ahoskeraren garrantziaz arituko dira. BERRIAren estilo liburua ezagutuko dute, eta adibide praktikoak aztertuko dituzte hizkera sexista edo diskriminatzailea saihesteko. Elkarrizketa generoa landuko dute.

  5. ISTORIOEN BILA.

    Bosgarren unitatean, arreta jarriko da gutxiengoen errealitatean eta isilarazitako gatazketan. Euskal Herrian eta munduan dauden gatazka sozial eta politiko garrantzitsuei erreparatuko diete, eta, teoriatik haratago, kronika edo erreportaje bat sortzeko erronka izango dute. 

  6. AMAIERAKO PROIEKTUA.

    Azken unitatea osatzeko eduki informatiboren bat sortu beharko dute taldeka: aldizkari bat, podcast bat, irratsaio bat, edo ikus-entzunezko lan bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA