- Ekonomia-Ekintzailetza
- Geografia-Historia
- Euskal gatazka
- Giza eskubideak
- Ingurumena
- Memoria historikoa
Mihi arrainen haztegi bat egingo dute Lemoizko zentral nuklearra eraiki zuten orubean
Urteak eman dituzte zer egin aztertzen, eta, azkenean, Lemoizko zentral nuklearra martxan jarri nahi zuten orubean mihi arrainen haztegi bat egingo dutela jakinarazi berri dute. Jaurlaritzak Sea Eight enpresarekin elkarlan publiko-pribatuan eramango du aurrera proiektua.
Zer egingo dute Lemoizen?
Urte luzez itxita egon ondoren, Lemoizko zentral nuklearra hartzeko eraikitako porlanezko azpiegitura erraldoiak beste funtzio bat izango du aurki. Urteak dira bertan arrain haztegiren bat martxan jartzea ikertzen ari dela Jaurlaritza, eta dagoeneko zehaztuta dago zer egingo duten: mihi arraina ekoitziko duen arrain haztegi bat izango da, eta akuikulturaren arloa kudeatzen duen Sea Eight enpresaren eskutik eraikiko dute.
Zein dira proiektuaren urratsak eta zenbakiak?
170 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Finantzaketa publiko-pribatua izango du, eta hamar urte beharko dira hura garatzeko. Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak egitasmoaren aurkezpenean zehaztu duenez, 2030ean iritsiko dira merkatura bertan hazitako lehen mihi arrainak. Bultzatzaileen ustez, berrehun lanpostu sortuko dituzte bertan. Urtean 3.000 tona arrain ekoiztekocloseSortu, hazi eta merkaturatzea. gaitasuna izango du azpiegiturak.
Zer dago Lemoizko zentrala eraiki nahi zuten tokian?
Zortzi milioi metro kubo porlan ditu Lemoizko zentralak, eta mila tona burdina bere barnean. Pradalesek azaldu du hori ezin dela mugitu, eta, ondorioz, proiekturen bat aurkitu behar zela azpiegitura baliatzeko. Eremua 2019an berreskuratu zuen Jaurlaritzak, eta geroztik lanean aritu dira hutsik utzitako azpiegituran «egitasmo serio, sendo eta bideragarri bat» garatzeko.
Zer gertatu zen Lemoizko zentral nuklearrarekin?
1970eko eta 1980ko hamarkadetan iraun zuen Lemoizko zentral nuklearraren inguruko auziak. 1972an Iberduero SA enpresak baimena eskatu zuen Lemoizen zentral nuklear bat eraikitzeko, eta urte horretan bertan Espainiako Gobernuak (frankista, artean) oniritziacloseBaimena. eman zion. Proiektuak protesta eta desadostasun handiak eragin zituen euskal gizartean, eta, besteak beste, ETAren esku hartzea ere eragin zuen. 1981ean eta 1982an zentrala kudeatu behar zuten bi ingeniari buruak hil zituen ETAk, Jose Maria Ryan eta Angel Pascual, eta egitasmoarekin aurrera egitea ezinezkotzat jo zuten bultzatzaileek. 1984an Espainiako Gobernuak hamar urteko luzamendua eman zion Lemoizko zentralari, eta 1994an berretsi zuen hura betiko baztertzea.
Zenbat pertsona hil ziren gatazka horren ondorioz?
Hamar lagun hil ziren gatazka luze hartan. David Alvarez Peña izan zen lehen hildakoa. ETAko kide, guardia zibilekin izandako tiroketa batean jasandako zaurien ondorioz hil zen. Lemoizko zentralean ETAk jarritako bonba lehertuta hil ziren Alberto Negro eta Andres Guerra langileak. Gladys del Estal militante ekologista Tuteran hil zuten guardia zibilek tirokatuta. Angel Baños langilea hil zen ETAk zentralean jarritako lehergailu baten eraginez. Jose Maria Ryan ingeniari burua ETAk hil zuen, astebetez bahituta eduki ostean. Jose Ricardo Barros ETAko kidea hil zen Tuteran Iberdueroren azpiestazio batean lehergailu bat jartzen ari zenean hark eztanda eginda. Angel Pascual Mujika zentraleko zuzendaria ETAk hil zuen atentatu batean, eta Jose Javier Aleman eta Jose Valencia ETAko kideak Tafallako Iberdueroren zutoin baten ondoan hil ziren autoan zeramaten bonba lehertuta.
Jaurlaritzak gogoan izan ditu gatazkan hildako batzuk.
Gatazka gogor horren ondorioz, haztegia eraikitzeko aukeratutako lekuak zamaclosePisu. sinboliko eta historiko handia du. Gatazka hartan hildakoetako batzuk gogora ekarri ditu Pradalesek: Jose Maria Ryan eta Angel Pascual ingeniariak, eta Andres Guerra, Alberto Negro eta Angel Baños langileak, den-denak ETAk hildakoak; eta Gladys del Estal, Guardia Zibilak Tuteran hila zentral nuklearraren kontrako protesta batean. «Ezin dugu atzera egin iraganeko gertaera lazgarriencloseKrudel, anker, bihozgabe. pisua arintzeko», esan du Pradalesek. Aitortu du Lemoizkoa «oinorde deseroso eta konplexua» dela, baina, horrexegatik, egitasmoaren bidez «beste ziklo bat irekitzea» proposatu du.
Nolako harrera izan du proiektuak?
Eremuan kokatu beharreko egitasmoetan herritarrek nola parte hartuko duten ere eztabaidagai izan da orain arte. Proiektuaren aurkezpenean zenbait herritar azpiegituretarako sarreran paratu ziren, «inposizioa» arbuiatzen eta «herritarrek parte hartzeko» eskatzen zuten bi pankartarekin batera. Horren inguruan, Pradalesek ez du aterik itxi: esan du «ingurunea lehengoratzekocloseAurrez zuen itxura edo egoera berreskuratzea.» lanak ere egingo dituztela, eta azpiegiturak jarduera gehiago har ditzakeela: «Egitasmo hau bateragarria da etor daitezkeen beste batzuekin, izan ekonomikoak, memoriarekin loturikoak edo aisialdikoak».
Iker Casanova EH Bilduko batzarkideak uste du proiektua ona izan daitekeela, onuragarria, «ingurua berpizteko eta enplegua sortzeko» balio dezakeelako. Hala ere, iruditzen zaio ezinbestekoa dela prozesu parte hartzaile bat martxan jartzea Lemoizen inguruan. Eguzki talde ekologistak, berriz, gaitzetsi du Iberdrolak ez duela dirurik jarriko inguru hori leheneratzeko. Kontuan hartu behar da Iberduero (Iberdrolaren aurrekoa) aritu zela bultzatzen zentral horren proiektua.
Jatorrizko artikuluak
-
Mihi-arrain haztegi bat egingo dute Lemoizko zentral nuklearraren eraikinean
Gotzon Hermosilla |
|