Mihi-arrain haztegi bat egingo dute Lemoizko zentral nuklearraren eraikinean

Proiektuak 170 milioiko aurrekontu publiko-pribatua du; Jaurlaritzaren arabera, ingurunea lehengoratuko du, eta berrehun lanpostu sortu. Pradales lehendakariak aurreratu du balitekeela egitasmo gehiago iristea.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Amaia Barredo Nekazaritza eta Arrantza sailburua, gaur, Lemoizen.  MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Amaia Barredo Nekazaritza eta Arrantza sailburua, gaur, Lemoizen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
Lemoiz
2026ko apirilaren 27a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte luzez itxita egon ondoren, Lemoizko zentral nuklearra hartzeko eraikitako porlanezko azpiegitura erraldoiak beste funtzio bat izango du aurki. Urteak dira bertan arrain haztegiren bat jartzeko aukera ikertzen hasi zela Jaurlaritza, eta dagoeneko zehaztuta dago zer egingo duten: mihi-arraina ekoitziko duen arrain haztegi bat izango da, eta Sea Eight enpresaren eskutik eraikiko dute.

Bizkaiko itsasertzean ezarritako porlanezko bloke erraldoien magalean egin dute egitasmo berriaren aurkezpena, segurtasun neurri handiek babestuta. Han izan dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales eta Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredo. Horiez gain, erakunde publikoekin batera proiektua mamitu duen enpresaren ordezkariak ere han egon dira: Atitlan taldeko zuzendari nagusi Jaime Leon eta talde horretan akuikulturaren arloa kudeatzen duen Sea Eight enpresako Aritza Rodero.

(ID_16023370) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2026-04-27. Lemoiz
Imanol Pradales, atzean Lemoizko zentral nuklearraren azpiegiturak dituela, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU

170 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Finantzaketa publiko-pribatua izango du, eta hamar urte beharko dira hura garatzeko. Pradalesek aurkezpenean zehaztu duenez, 2030ean iritsiko dira merkatura bertan hazitako lehen mihi-arrainak. Bultzatzaileen ustez, berrehun lanpostu sortuko dituzte bertan. Urtean 3.000 tona arrain ekoizteko gaitasuna izango du azpiegiturak.

Zortzi milioi metro kubo porlan ditu Lemoizko zentralak, eta mila tona burdina bere barnean. Pradalesek azaldu du hori ezin dela mugitu eta, ondorioz, proiekturen bat aurkitu behar zela azpiegitura baliatzeko. Eremua 2019an berreskuratu zuen Jaurlaritzak, eta geroztik lanean aritu dira hutsik utzitako azpiegituran «egitasmo serio, sendo eta bideragarri bat» garatzeko: «Gure asmoa da proiektua erreferentzia izatea Europan, talentua, teknologiarik aurreratuena eta jasangarritasuna uztartuko baititu».

«Oinorde deserosoa»

Haztegia eraikitzeko aukeratutako lekuak badu zama sinboliko eta historiko handia. Lemoizko zentral nuklearra eraiki behar zuten kostaldeko bazter hartan, eta egitasmo hark kontrako erreakzio handia eta gatazka bortitza eragin zituen. Gatazka hartan hildakoetako batzuk gogora ekarri ditu Pradalesek: Jose Maria Ryan eta Angel Pascual ingeniariak, eta Andres Guerra, Alberto Negro eta Angel Baños langileak, den-denak ETAk hildakoak; eta Gladys del Estal, Guardia Zibilak Tuteran hila zentral nuklearraren kontrako protesta batean parte hartzen ari zelarik. 

«Ezin dugu atzera egin iraganeko gertaera lazgarrien pisua arintzeko», esan du Pradalesek. «Ezin dugu atzera egin galdutako ondarea eta paisaia lehengoratzeko. Zauri batzuk ixtea oso zaila da, eta orbainak ez dira inoiz desagertzen». Aitortu du Lemoizkoa «oinorde deseroso eta konplexua» dela, baina, horrexegatik, egitasmoaren bidez «ziklo berri bat irekitzea» proposatu du, «garai ilunetako orbain» eta «izoztutako orainaren ikur» den azpiegitura «etorkizunera sartzeko ate» bilakatzeko. «Zama eta trauma» izan dena «euskarri» bihurtzeko deia egin du Pradalesek.

«Gure asmoa da proiektua erreferentzia izatea Europan, talentua, teknologiarik aurreratuena eta jasangarritasuna uztartuko baititu»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Eremuan kokatu beharreko egitasmoetan herritarrek nola parte hartuko duten ere eztabaidagai izan da orain arte. Gaurko aurkezpenean, zenbait herritar azpiegituretarako sarreran paratu dira, «inposizioa» arbuiatzen eta «herritarrek parte hartzeko» eskatzen zuten bi pankartarekin batera.

Horren inguruan, Pradalesek ez du aterik itxi nahi izan: esan du «ingurunea lehengoratzeko» lanak ere egingo dituztela, eta azpiegiturak jarduera gehiago har ditzakeela: «Egitasmo hau bateragarria da etor daitezkeen beste batzuekin, izan ekonomikoak, memoriarekin loturikoak edo aisialdikoak».

Bultzada elikadura sektoreari

Barredok egitasmoaren ezaugarriak goretsi ditu. Esan du arrain haztegiak bultzada handia emango diola elikadura sektoreari, «produkzio eredu aurreratu eta eraginkorra» sustatuko baitu, baina, horrez gain, beste arlo batzuetan izango duen eragina ere nabarmendu du. Haren esanetan, «kualifikazio handiko enplegua» sortuko du, eta txertoen arloan, arrainak elikatzeko hornikuntzan eta haztegiak beharko dituen beste zenbait zerbitzutan ere eragina izango du.

(ID_16023361) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2026-04-27. Lemoiz
Berrogei urte baino gehiago egon dira Lemoizko azpiegiturak hutsik. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Azkenik, lurraldean eta gizartean izango duen eragina nabarmendu du: «Gizarteari zerbitzua eman nahi diogu, abandonatuta zegoen eremu bat berreskuratuz egitasmo jasangarri baten bidez».

EH Bilduk agerraldia egingo du bihar egitasmoaren inguruko iritzia emateko, baina koalizioak Bizkaiko Batzar Nagusietan duen ordezkari Iker Casanovak zerbait aurreratu du, sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez. Esan duenez, horren azterketa ekonomikoa eta ingurumenaren ingurukoa egin bitartean, «zuhur» baina «begi onez» ikusten dute egitasmoa: «Pozgarria deritzogu Jaurlaritza beste erabilera batzuei buruz hitz egiten hasi izanari. Inguruak birgaitze integralerako plangintza bat behar du, eta hori herritarren parte hartzearekin egin behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA