Ulermena lantzeko atal bat sortu du BERRIA Ikasgelak

  • 463 hitz

'Ulermena lantzen' atala sortu du BERRIA Ikasgelak. Aurrerantzean, astean behin, ikasleek testua ondo ulertu duten neurtzeko balioko duen galdetegi bat publikatuko du, artikulu batekin batera.

Ulermena lantzen atala sortu du BERRIA Ikasgelak. Badira bost urte BERRIAk webgune berezi hau sortu zuela, ikasleek eta irakasleek aktualitateko gaiak irakurtzeko eta lantzeko tresna bat eskaintzeko; harrezkerocloseGeroztik, ordutik., egunkarian argitaratzen diren edukiak moldatu eta egokitzen dira egunero Ikasgelaren webgunean, ikastetxeetan erabiltzeko. Orain beste atal bat sortu da gune horretan, eta ulermena zuzenean lantzeko balioko duen artikulu bat argitaratuko du astero. Atal horretako artikuluek beste edukien antzeko egitura izango dute, baina bukaeran galdera sorta bat izango dute, eta horren bidez, irakasleek —edo ikasleek eurek zein guraso edo tutoreek— neurtu ahal izango dute ea irakurleek behar bezala ulertu ote duten artikuluaren mamia.

Testuan ageri diren eduki eta kontzeptuei buruzkoak izango dira galderak, eta irakurleak artikuluan bertan aurkitu ahal izango ditu erantzunak, irakurri eta ongi ulertu badu. Hau da, ez da bestelako edukietara jo beharko galderen erantzunak bilatzeko. Ulermena lantzeko galdera horietaz gain, gaian sakontzeko edota gaiari buruz solas egiteko gida edo proposamen bat ere izango dute artikulu horiek, ikasgelan eztabaidak edota solasaldiak errazteko. 

«BERRIAren helburua da herritarrek ahalik eta gehien irakurtzea, kasu honetan hezkuntza mundukoek, ikasleek, irakasleek eta gurasoek. Irakurtzeak ulertzen laguntzen du, eta testuak ulertzearen poderioz munduan gertatzen dena ere errazago uler dezakete irakurleek», azaldu du Iñaki Petxarroman BERRIA Ikasgelako koordinatzaileak.

BERRIA Ikasgelaren proposamen berri hau testuinguru berezian plazaratuko da. Izan ere, PISA txostenak Hego Euskal Herriko DBH4ko ikasleen inguruan emandako emaitzek agerian utzi dute ikasleek lehen baino gutxiago irakurtzen dutela eta «nekezago» ulertzen dutela irakurritakoa. «Uste dugu BERRIA Ikasgelak horretan ere ekarpen bat egin dezakeela», adierazi du Petxarromanek. Izan ere, BERRIA Ikasgelak irakurtzea sustatu nahi du, ikasketa prozesuan horrek daukan garrantziaz jabetuta, eta BERRIAren eguneroko edukiek egin dezaketen ekarpenaz konbentzituta. Horretarako argitaratzen ditu, bestela ere, ikasleentzat moldatutako edukiak, ikasgai eta jakintza gai ugaritan antolatuta, eta maila askotako ikasleentzat egokituta.

Ulermena lantzen atal hau aspalditik ari zen garatzen BERRIA Ikasgela, baina PISA txostenaren emaitzen ondorengo testuinguruan martxan jartzea egokitu da. «Alde horretatik kasualitatea dela esan daiteke, baina ez guztiz, ordea, BERRIA Ikasgelak bat egiten baitu hezkuntza komunitateak irakurtzeko ohituraren inguruan duen kezkarekin». Eta kezka hori lehenago ere zabaldua zegoen hezkuntza munduan, eta horri erantzun nahian ari zen BERRIA Ikasgela.

Bestalde, 2026-2027ko ikasturtea hasita, Komunikazioaren erronkak XXI. mendean programa didaktikoa baliatzen ari dira hamabost ikastetxetan. BERRIA Ikasgelak sortu zuen programa didaktiko hori, iaz. Sei unitate dira, bereziki DBHko 3. eta 4. mailako ikasleentzat pentsatuak. Unitate bakoitzak komunikazioaren eta kazetaritzaren atal banaren gaineko teoria lantzen du, eta amaieran ariketa praktiko bat proposatzen du, kazetaritzaren genero nagusi batzuk lantzeko aukera izan dezaten ikasleek: albistea, bideo laburra, iritzia, erreportajea eta elkarrizketa, besteak beste.

Unitateek Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso dutenez, merkeago eskuratu dezakete ikastetxeek aurten. Unitateak ez ezik, aholkularitza eta adituen jarraipena eta laguntza ere eskaintzen ditu BERRIAk, sinetsita kazetaritza izan daitekeela tresna bat ikasleek gaitasun ugari lantzeko, eta curriculuma ez ezik esperientzia pertsonala ere aberasteko.