‘Ulermena lantzen’ atala sortu du BERRIA Ikasgelak, ikasleek testuak ondo ulertu ote dituzten neurtzeko

BERRIA Ikasgelaren webgunean sail berri bat atondu dute. Astean behin zabalduko dira artikuluak bertan.

III. BERRIA Ikasgela sariketaren 'spot'-aren grabaketa, Gasteizko Mendebaldea institutuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
III. BERRIA Ikasgela sariketaren 'spot'-aren grabaketa, Gasteizko Mendebaldea institutuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
mikel p ansa
2026ko urriaren 13a
07:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ulermena lantzen atala sortu du BERRIA Ikasgelak. Badira bost urte BERRIAk webgune berezi hori sortu zuela, ikasleek eta irakasleek aktualitateko gaiak irakurtzeko eta lantzeko tresna bat eskaintzeko; harrezkero, egunkarian argitaratzen diren edukiak moldatu eta egokitzen dira egunero Ikasgelaren webgunean, ikastetxeetan erabiltzeko. Orain atal berri bat sortu da gune horretan, eta ulermena zuzenean lantzeko balioko duen artikulu bat argitaratuko du astero. Atal horretako artikuluek beste edukien antzeko egitura izango dute, baina bukaeran galdera sorta bat izango dute, edota eztabaidarako proposamen bat, eta horiekin irakasleek —edo ikasleek eurek zein euren guraso edo tutoreek— neurtu ahal izango dute ea irakurleek behar bezala ulertu ote duten artikuluaren mamia.

Testuan ageri diren eduki eta kontzeptuei buruzkoak izango dira galderak, eta irakurleak artikuluan bertan aurkitu ahal izango ditu erantzunak, irakurri eta ongi ulertu badu. Hau da, ez da bestelako edukietara jo beharko galderen erantzunak bilatzeko. Ulermena lantzeko galdera horietaz gain, gaian sakontzeko edota gaiari buruz solas egiteko gida edo proposamen bat ere izango dute artikulu horiek, ikasgelan eztabaidak edota solasaldiak errazteko. 

«BERRIAren helburua da herritarrek ahalik eta gehien irakurtzea, kasu honetan hezkuntza mundukoek, ikasleek, irakasleek eta gurasoek. Irakurtzeak ulertzen laguntzen du, eta testuak ulertzearen poderioz munduan gertatzen dena ere errazago uler dezakete irakurleek», azaldu du Iñaki Petxarroman BERRIA Ikasgelako koordinatzaileak.

BERRIA Ikasgelaren proposamen berri hau testuinguru berezian plazaratuko da. Izan ere, PISA txostenak Hego Euskal Herriko DBH4ko ikasleen inguruan emandako emaitzek agerian utzi dute ikasleek lehen baino gutxiago irakurtzen dutela eta «nekezago» ulertzen dutela irakurritakoa. «Uste dugu BERRIA Ikasgelak horretan ere ekarpen bat egin dezakeela», adierazi du Petxarromanek. Izan ere, BERRIA Ikasgelak irakurtzea sustatu nahi du, ikasketa prozesuan horrek daukan garrantziaz jabetuta, eta BERRIAren eguneroko edukiek egin dezaketen ekarpenaz konbentzituta. Horretarako argitaratzen ditu, bestela ere, ikasleentzat moldatutako edukiak, ikasgai eta jakintza gai ugaritan antolatuta, eta maila askotako ikasleentzat egokituta.

Proiektua aspalditik ari zen garatzen BERRIA Ikasgela, baina PISA txostenaren emaitzen ondorengo testuinguruan martxan jartzea egokitu da. «Alde horretatik kasualitatea dela esan daiteke, baina ez guztiz, ordea, BERRIA Ikasgelak bat egiten baitu hezkuntza komunitateak irakurtzeko ohituraren inguruan duen kezkarekin». Eta kezka hori lehenago ere zabaldua zegoen hezkuntza munduan, eta horri erantzun nahian ari zen BERRIA Ikasgela.

Unitate didaktikoak ere bai

Bestalde, 2026-27 ikasturtea hasita, Komunikazioaren erronkak XXI. mendean unitate didaktikoa baliatzen ari dira hamabost ikastetxean. BERRIA Ikasgelak sortu zuen programa didaktiko hori, iaz. Sei unitate dira, bereziki DBH3ko eta DBH4ko ikasleentzat pentsatuak.

Unitate bakoitzak komunikazioaren eta kazetaritzaren atal banaren gaineko teoria lantzen du, eta amaieran ariketa praktiko bat proposatzen du, kazetaritzaren genero nagusi batzuk lantzeko aukera izan dezaten ikasleek: albistea, bideo laburra, iritzia, erreportajea edo elkarrizketa, besteak beste. Unitateek Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso dutenez, merkeago eskuratu dezakete ikastetxeek aurten. Unitateak ez ezik, aholkularitza eta adituen jarraipena eta laguntza ere eskaintzen ditu BERRIAk, sinetsita kazetaritza izan daitekeela tresna bat ikasleek gaitasun ugari lantzeko, eta curriculuma ez ezik esperientzia pertsonala ere aberasteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA