Etxahun Arregi. Guggenheimeko langilea

«Kalera goazen jakiteko, hilabete bat geratzen zaigu. Denbora gure kontra doa»

BERRIA.
Ander Perez Argote
2016ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Guggenheim museoan orientatzaile da Arregi (Bilbo, 1985), eta,gainerako lankide gehienak bezalaxe, protestan ari da azken hilabetean. Haien ofizioarekiko errespetu faltaz mintzo da. «Ez da baloratzen».

Zein da gatazkaren jatorria?

Guggenheim museoak lizitazio bat egin zuen orain dela bi urte, eta gu kontratatu gintuen hezitzaile gisa, baina lizitazio horretan ez zegoen baldintza agiririk subrogazioa onartzeko, eta beste hainbat baldintza ere ez ziren ageri. Horrela iritsi gara gaurko momentura. Bilera batzuk egin genituen [Eusko Jaurlaritzako] Hezkuntza departamentuarekin, subrogazioa eskatu genien, eta ezezkoa eman ziguten. Esan ziguten legez ez zela posible. LAB sindikatura jo genuen orduan, eta borrokan hasi ginen, greba eta mobilizazioak eginez.

Egia al da ez dela posible?

Ez. Bilboko Arte Ederren Museoaren adibidea eskuan izanda, badakigu posible dela. Han lortu dute subrogazioa. Beraz, posiblea da, noski.

Subrogazioaz gain, lan baldintzak hobetzea exijitu duzue. Zeintzuk dira oraingoak?

Bost euro eta 35 zentimoko oinarrizko soldata dugu. Horrez gain, antzinakotasunik ez dugu pilatzen, eta jaiegunetan ez dugu kobratzen dagokiguna. Jaiegunetanzein lanegunetan kopuru bera kobratzen dugu, baita gauez ere. Esan dezakegu tarifa laua dugula.

Arduradunen konpromiso falta kritikatu duzue.

Haien utzikeria salatu dugu: ez dute hartu erantzukizunik, ez dute ematen pausorik, ez bermerik ez borondaterik erakusten. Ez dute nahi batzartu, eta ekidin nahi dute negoziazioa.

Eta bitartean, epeak estutuz doaz.

Bai, irailaren 30ean bukatzen zaigu kontratua, eta hilabete bat geratzen zaigu kalera joango garen edo ez jakiteko. Denbora gure kontra doa, eta museoak ez badu ematen erantzunik, ikusi beharko dugu zer aukera hartu. Ez dugu baztertzen greba mugagabea abiatzea. Ez daukagu bermerik, jarraitu dezakegu edo ez. Garbiñe Urrutikoetxea, Giza Baliabideetako arduraduna, irailaren hasieran erantzun bat ematera konprometitu zen, baiezkoa zein ezezkoa, baina horrek ez digu balio. Azken batean, negatiboa bada, berdin-berdin geratzen gara, erantzuna emango ez balu bezala.

Zuen ogibidea ez da aski ezaguna. Kontuan hartzen al da?

Ez da baloratzen. Azken batean, prestakuntzarik ez daukan pertsona baten soldata dugu, baina prestakuntza eskatzen zaigu, eta bikaintasuna, eta gero museoak ez digu ordaintzen prestakuntzarik. Alegia, ez digute ordaintzen katalogorik, guk erosi behar izaten dugu materiala erakusketak prestatzeko.

Zein da zuen zeregina?

Gure ardura da museoan dagoen arteari buruzko prestakuntza ematea bisitariei, izan haur edoeskolentzako bisita gidatuak, tailerrak, irakasleen prestakuntza edo edozein bisitariri ematen dizkiogun azalpenak.

Museoko arduradunek esan dute zuen protestak ez diola eragiten museoko jardunari.

Guk esan dezakegu egunero 5.000 pertsona datozela museora, eta 5.000 pertsona horiek ez dutela jasoko gure zerbitzua. Iaz,100.000 pertsona baino gehiagorekin egin genuen lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.