Kultura

Rosa Valverde margolaria hil da

Larunbatean zendu zen margolari donostiarra. Ameztoi, Goenaga, Zuriarrain eta Llanos margolarien garaikidea zen.

Rosa Valverde, Iruñean eskaini zioten atzera begirako erakusketan. LANDER FDZ. ARROIABE, ARGAZKI PRESS
2015eko otsailaren 16a
13:11
Entzun

Azkainen (Lapurdi) hil zen larunbatean Rosa Valverde margolari donostiarra. 62 urte zituen. Valverde Ayalde margolariaren alaba, Ameztoi, Goenega, Zuriarrain eta Llanos margolarien garaikidea izan da. 

Txikitatik jaso zuen bere ingurukoen bultzada. Aitarena, bereziki: Antonio Valverde Ayalde artistarena. Hark ere ikusi zuen alabaren sormen gaitasuna, eta, eskoletara eramanez gero, garai hartan nagusi zen akademizismoak ito egingo ote zuen beldur, Jose Antonio Sistiagak gidatutako Pintura Libreko Akademiara eramatea erabaki zuen. Eta bere gisa aritu da beti geroztik Valverde. Vicente Ameztoi, Jose Llanos eta Andres Nagel artistekin batera askotan, bai, baina bere gisa beti. 

Sistiagaren ikasle

1976. urtean egin zuen lehen erakusketa, eta duela bi urte atzera begirako oparoa eskaini zuen Iruñean

Erakusketa horretan ikus zitekeenez, bihurria izan da margolariaren jarduna. Naif kutsuko irudi erromantikoak eta bihotz formako eskultura bitxiak bazeuden, baina baita maitasunaren irudi publizitarioa iraultzen zuten panel ironiatsuak, eta kaiola batean sartutako umetxo baten panpina ere bai. 

Azken urteetan baretzen ari omen zen bere estiloa, baina erakusketaren komisario Alvaro Matxinbarrena ez zen fio: "Adinak ekarriko zion baretasun hori, agian, baina baliteke haren beste broma bat izatea, eta hemendik gutxira berriz ere munstroa agertzea".

Valverdek bertan azaltzen zuenez, jasotako hezkuntzak badu garrantzirik horretan. "Sistiagaren akademian ikasi nituen bat-batekotasuna eta askatasuna txikitan, eta oso barruan gelditu zait hori". Zioen, behar-beharrezkoa zitzaiola sorkuntza. Hil edo bizikoa. "Ni arterik gabe hila izango nintzatekeen. Ez nintzatekeen existituko. Arteak laguntzen dit bizitzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.