Gyanendrak monarkia diktatorialari amaiera eman eta maoistek estatu komunistaren alde egindako hamar urteko gerrari amaiera eman ziotenetik Nepalen egiten dituzten lehen hauteskundeak dira gaurkoak. Horregatik, bakea indartzeaz gain, herrialdeko pobreziari aurre egiteko aukera izango dela uste dute askok.
Bakea sendotzeko itxaropena handia bada ere, hauteskundeen aurreko egunetan liskarrak izan dira Nepalen. Herenegun eta atzo artean zortzi lagun hil zituzten, tartean sei maoista. Herenegun Rishi Raj Sharma Nepalgo Alderdi Komunistako hautagaia tirokatuta hil zuten, eta atzo haren hilketa salatzeko protestetara bildutako manifestariei jazarri zitzaien Polizia; ondorioz, lagun bat hil zen. Sei maoistak ere Poliziak hil zituen.
UNMIN Nepalerako Nazio Batuen Erakundearen misioak gaitzetsi egin ditu eraso horiek, eta indarraren gehiegizko erabilera egin zuten poliziak behin-behinean kargutik kentzeko eskatu du Ian Martinek, UNMINeko buruzagiak: «Alde batek zein besteak egindako probokazioak saihestu beharko lituzkete, alderdietako militanteen atxiloketak barne».
ERREPUBLIKA. Erasoak eraso, Nepalgo Gobernuak bozak bake giroan egiteko konpromisoa lortu du. Maoisten buruzagi Prachandarekin eta CPN-UML Nepalgo Alderdi Komunista Batua Marxista-Leninistako idazkari nagusiarekin bildu ondoren, hauteskunde baketsuak egitea hitzartu dutela azaldu du Barne ministroak.
Bestalde, nazioarteko ikuskatzaileek bertatik bertara zainduko dituzte Batzar Konstituziogilerako hauteskundeak. Josep Borrel Europako Parlamentuko ikuskatzaileak azaldu duenez, duela bi urtetik hona egoerak nabarmen egin du hobera, eta hauteskunde prozesua ere «nahiko ondo doa». Hala ere, alderdien arteko liskarrez gain, Terai lautadako talde armatuek deitu duten gose grebak hauteskundeetan eragina izan dezakeela gogoratu du Borrelek. Hala ere, talde horiek hauteskundeak boikotatzeko benetako asmoa dutenikzalantzan jarri du.
MONARKIAREN AZKEN AHALEGINAK. Batzar Konstituziogilean ordezkaritza lortzeko lehian 50 alderdi baino gehiago arituko dira gaurko bozetan. Emaitzak giltzarri izango dira herrialderen norabidea zehazteko; ez bakarrik monarkiatik errepublikara behin betiko urrats emango delako, baizik eta Nepal zein motatako errepublika izango den erabaki eta estatu zentralistaren nahiz federalaren aldeko apustua egingo delako. Hala, CPN-M Nepalgo AlderdiKomunista Maoistak, errepublika presidentzialista nahi du. Kongresuaren Alderdiak -orain gutxi arte monarkiaren alde egin du- presidente karguak sinbolikoa izan behar duela uste du, aldiz, eta herrialdearen gidaritza lehen ministroaren eskutan egon beharko lukeela. Lehen ministroa Parlamentuak aukeratuko luke Kongresuaren Alderdiaren iritziz. Marxista-leninistek, aldiz, lehen ministroa herritarrek zuzenean aukeratzea nahi dute.
Errepublikaren aldeko aukera zabala da. Aldiz, monarkiaren aldeko alderdi bakarra aurkeztuko da: RPP Alderdi Nazional Demokratikoa. Hain zuzen, alderdi horretako buruzagi Kamal Thapak monarkia sostengatzen dutenak asko direla ziurtatu du. Halaber, gaurko bozetan herritarrek monarkiaren alde edo kontra dauden azaltzeko aukerarik ez dutela izango, eta hortaz, erreferenduma egitea beharrezkoa dela uste duThapak. «Kongresuaren Alderdiak eta marxista-leninistek maoisten iruzurra sinetsi dute», gehitu du.
SosLaIa
Nepalgo azken erregea
GyanendraNepalgo erregea
Erregea Visnu jainkoaren berraragitzea zela sinistu izan dute Nepalgo hinduistek. Alabaina, 2001eko erregezko hilketaren ondotik, jainkotik gutxi zuela konturatu ziren asko. Dipendra printzeak familiako bederatzi kide hil zituen orain zazpi urte, emaztegaiak senitartekoen oniritzia jaso ez zuela eta. Gero bere buruaz beste egin zuen. Hain zuzen, Nepalgo errege familiaren aurkako sarraskiaren ondotik iritsi sen tronura Gyanendra; bi mendez agintean egondako Shah dinastiako azkena da bera, baita herrialdeko monarkiaren beheraldia ezagutu duena ere. Maoistek monarkiaren aurkako altxamendua egin zutenean botere gehiegikeriaz jardutea egozten diote, besteak beste, 2002ko urrian Gobernua indargabetu zuelako. Hurrengo urtean larrialdi egoera ezarri zuen herrialdean, bake elkarrizketak ez aurrera ez atzera gelditu ondoren. Erregearen botere monopolioak 2006. urte arte iraun zuen, orduan, monarkiatik errepublikara egitea erabaki baitzuten herrialdeko alderdi nagusiek I.Z.