Memoria lauhazka jartzea

Emakumezko hamar artistaren obrak bildu ditu Estibaliz Sadaba komisarioak Bilboko Bizkaia aretoan. Nagusi diren errepresentazio forma nagusiak jartzen dituzte zalantzan lan guztiek

Besteak beste, Juana Garcia Pozueloren hiru margolan ikus daitezke Bizkaia aretoan zabaldu duten erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Artista bakoitzaren mundu ikuskera pertsonala eta kezka kolektiboak ez daudela kontrajarrita erakutsi nahi izan du Estibaliz Sadaba Murgia komisarioak, eta hamar emakumezko artista bildu ditu horretarako Artxiboak, beharrezko erregistroak izeneko erakusketan: Caterina Borelli, Mercedes Jaen, Saray Perez Castilla, Ana Penyas, Angela Bonadies, Juana Garcia Pozuelo, Rosalia Banet, Miriam Isasi, Maria Ptqk eta Cristina Arrazola-Oñate. Bilbon jarri dute ikusgai, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia aretoko Axular eta Etxepare geletan, eta otsailaren 21era arte egongo da zabalik. «Artista guztiek jartzen dituzte zalantzan geure inguruan dauden errepresentazio forma nagusiak, erresistentzia kultural eta politikotik abiatuta».

Komisario dabil oraingoan Sadaba Murgia, baina artista ere bada, eta Erreakzioa kolektiboko kide izan zen Azucena Vieites artistarekin batera. Artea, feminismoa eta queer teoriak uztartzeko asmoz sortu zuten taldea 1990eko hamarkadan, eta aurrez ere antolatu izan dituzte feminismoarekin lotutako erakusketa kolektiboak. Sadaba Murgiak bakarrik antolatu du oraingoa, ordea, eta azken urteotan Parisen eta Erroman egindako egonaldi artistikoetan ezagutu dituen artistak gonbidatu ditu. Guztiak emakumezkoak, guztiak feminismoa gertuko dutenak, eta guztiak interesgarri eta mamitsuak, Sadaba Murgiaren hitzetan.

1936ko gerraren memoria da Miriam Isasi artistaren lan ildoetako bat, eta gai hori du ardatz 2019an sortutako Zaldi zuria lanak ere. Gudako metraila bildu, urtu, eta zaldientzako ferra bat sortu zuen harekin sortzaileak: zaldi zuri bat ferratu, eta, Araban erresistentzia gune izandako lekuetan ibili zuten batetik bestera ondoren. Lauhazka jarri zuten iragana. Eta ekintza haren lekukotza ematen dute erakusketako hormetan ikus daitezkeen argazkiek, marrazkiek, azalpen testuek eta erabilitako ferrak.

Memoria da Caterina Borelli artista italiarrak Bilbora ekarri duen lanaren gaia ere; Erromako memoria zehazki. Izan ere, hiriaren ipar-ekialdean bada Auzo afrikarra deitutako gune bat, eta hura eraldatzeko proiektu bat ikus daiteke erakusketan. Libiako, Eritreako, Somaliako eta Etiopiako hirien izenak dituzte auzo horretako kaleek —Italiaren kolonia izandako herrialdeetakoak, alegia—, eta memoria hori iraultzea proposatzen du Borellik. Kaleei izen horiek kendu, eta haien ordez, kolonialismoaren aurka borrokan aritu ziren pertsonen izenak jartzea proposatzen du sortzaileak.

Iragan koloniala azaleratzea

Eta antzeko memoria ariketa proposatzen du hiriaren hego-mendebaldean bi koloma erromatarren artean dagoen Irailaren 11ko atentatuko biktimei eskainitako brontzezko plakarekin ere. Italiaren iragan kolonialaren adierazle baita leku hori ere. Urte luzez egon zen bertan jarrita erregimen faxistak Etiopiatik espoliatutako Aksumeko obelisko ikusgarria, harik eta, azkenean, Etiopiak eskatu bezala, 2005ean italiarrek jatorrizko herrialdera bueltatu behar izan zuten arte. Eta hori guztia gogoan hartuko duen beste plaka bat jartzea proposatzen du artistak, bigarrena; hain justu, Irailaren 11ko biktimen oroigarriaren ondoan.

Umore eta ironia tantak ere badira, ordea. Nabarmen, adibidez, Ana Penyas artistaren marrazkietan. Espainiako Komiki saria eskuratu zuen sortzaileak 2018an bere bi amonen bizitza kontatzen zuen Estamos todas bien (Ongi gaude denok) izeneko liburuari esker, baina gentrifikazioa eta turismoa lantzen dituen irudi serie bat ere badu, eta, bilduma horretako bi marrazki ikus daitezke Bilboko erakusketan. Oroigarri dendak, hondartzarako bisita gidatuak, jende ilarak, argazki kameradun turistak, eta soinean Mr Paella dioen kartela daraman gizon bat irribarrez. Itxura naif xamarrarekin dena, baina arantza ezkutatu beharrik gabe.

Marrazkiak, argazkiak, pinturak, bideo lanak, eta, oro har, horman zintzilikatutako obrak dira nagusi erakusketan, eta Etxepare aretoko Saray Perez Castilla artistaren Hay una delgada línea (Lerro fin bat dago) instalazioa da salbuespen bakarretako bat. Mediterraneo itsaso zati baten hondoko orografia irudikatzen duen maketa moduko bat da pieza, eta urre koloreko pintura lerro batek irudikatzen ditu itsasoa zatikatzen duten herrialdeen mugak. «Migranteen ahozko transmisioa landu ohi du Perez Castillak bere lanetan», azaldu du komisarioak. Eta kasu honetan ere, besteak beste, itsasoko soinuak entzun ahalko ditu bisitariak eskuaz piezako zati bat ala bestea zapaltzean.

Erakusketa hedatua

Artelanak erakusteaz harago, artelan horiek sortzeko prozesuak ere bistaratu nahi ditu komisarioak erakusketan. Jarduera paralelo sorta bat ere antolatu dute horregatik. «Hasieratik argi izan nuen hedatzen zen erakusketa bat antolatu nahi nuela».

Bisita gidatuak egingo dituzte hainbat artistarekin batera bihar, eta beren sorkuntza prozesuei buruzko hitzaldiak ere emango dituzte otsailaren 5ean eta 6an. Erakusketa itxi baino bi egun lehenago, otsailaren 19an, topaketa moduko bat ere antolatuko dute, eta Ajuar kolektiboko kideak, Lara Dopazo kazetari galiziarra eta Garazi Ansa eta Leire Goikoetxea komisarioak arituko dira hizlari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.