Ikus-entzunezko Plataforma sortu zenetik, haren abokatua da Jon Artatxo (Bilbo, 1971).
Nola dago euskal ikus-entzunezko sektorearen egoera?
EITBk azken urte hauetan jasotako diru laguntza publikoak ez du behera egin, gora baizik. Asko jaitsi dena publizitate sarrerak izan dira, ETBk ez duelako saltzen eta prezioek behera egin dutelako. Sarrera murrizketa hori batik bat ikus-entzunezko sektoreak pairatu du. 2008tik 2010era, sarrerek behera egin duten baino askoz gehiago jaitsi dira enkarguzko ekoizpenak. Sarrerak jaitsi halako bost.
Jarduera plan bat nahi du Ikus-entzunezko Plataformak. Zertarako?
Konpromiso zehatzak nahi ditugu, ez adierazpen orokorrak. Konpromisoak zenbakietan gauzatuta ikusi nahi ditugu. Gainera, ETBko egungo programazioari erreparatuz gero, ikusten da euskal produkzioaren pisua izugarri gutxitu dela. Telebista kate guztiak apustuak egiten ari dira fikzioan, Madrilgo kateetan zein autonomikoetan. ETBren jarrera kontrakoa da. Goenkale kenduta, fikzioa desagertu egin da. Ikusi egin behar da horrek zer ondorio dituen sektorean. Oso kezkatuta gaude.
Zein da Euskal Herriko ekoizpen etxeen egungo errealitatea?
Inoiz baino larriagoa. Ondo funtzionatzen zuten batzuk ixten ari dira, eta besteetan erregulazio espedienteak ari dira martxan jartzen. Halaber, sektorearen desprofesionalizazio arriskua ikusten dugu. Aktoreen hamarretik batek baino ez du lan egiten.
ETBri buruz etengabe gogoeta egin beharra al dago?
Bai, hala da. Izan ere, ETBren inguruan asko hitz egiten da ikusle datuez. Baina hortik harago joan behar da: zer telebista nahi dugun eta zer baliabide behar ditugun eztabaidatu behar da, eta ondo zehaztu zein den ETBren erantzukizuna euskal ikus-entzunezko sektoreari begira.
Jon Artatxo. Ikus-entzunezko Plataformako koordinatzailea eta abokatua
«Konpromiso zehatzak zenbakietan gauzatuta ikusi nahi ditugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu