Sagardo denboraldia

Abian da txotx garaia

'Loreak' filmeko hiru protagonistek eman diote hasiera. "Orekatua, txinpartaduna eta edanerraza" izango da aurtengo sagardoa, sagardozaleek jakinarazi dutenez. Guztira 10 milioi litro ekoitzi dituzte. Bideoa: txotx garaiaren hasiera (Lara Madinabeitia, BerriaTB). [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2295/[/berriatb]

ainara arratibel gascon
2015eko urtarrilaren 14a
11:05
Entzun

«Hau da gure sagardo berria». Sagardozaleek urtero desio dituzten hitz horiek esanda, abian da atzotik aurtengo txotx denboraldia. Iaz hiru aitabitxi izan zituen, eta aurten hiru amabitxi izan ditu sagardo garaia hasteko ekitaldiak: Loreak filmeko hiru aktore protagonistak. Itziar Ituño, Itziar Aizpuru eta Nagore Aranburu sariak eta hautagaitzak jaso eta jaso ari dira, baina ilusio bereziz eskertu zuten sagardogileen aldetik jasotakoa. «Azken batean, gure jendearen aldetik jasotako ohore bat da», zioen Itziar Aizpuruk. Hilabeteetan mimoz ekoitzitako sagardoa upeletan da, jendearen eztarriak gozatu eta freskatzeko.

Tradizio eta erritu handiko ekitaldia da Astigarragako (Gipuzkoa) sagardo garaiari hasiera ematen diona, eta atzokoan ere hala izan zen. Lehenbizi, aurten dastatu ahal izango den sagardoaren ezaugarrien berri eman zuen Jose Angel Goñik, Sagardun elkarteko lehendakariak. «Edan erraza, hori-berdexka, usaingarria, txinpartaduna eta iazkoa baino orekatuagoa izango da; edatean ahoan sentsazio borobilak uzten dituena». Uda fresko eta hezeak horretan lagundu zuela nabarmendu zuen. «Azukre kontzentrazio egokia ahalbidetu zuen, eta horrek ekarri du zukua arina eta freskagarria izatea». Guztira hamar milioi litro sagardo ekoitzi dituzte, %45 bertako sagarrekin egindakoa. «Kopuru aldetik uzta oso ona izan bada ere, barietateen arabera irregularra izan da. Eskualdeen artean ekoizpena oso desberdina izan da, baita sagasti bakoitzaren barruan ere. Askotan fruiturik gabeko barietateak ikusi dira, eta ondoan, sagar ugariko barietateak». Sagastien kopurua, dena den, gora doa urtetik urtera. Iaz, 20.150 sagarrondo landatu ziren. Horiekin 80.000 dira azken bost urteetan landatutakoak. Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Astigarragako Udaleko ordezkariek sagardoak bertako ekonomian eta turismoan duen garrantzia nabarmendu zuten, sagardogileen lana eskertzearekin batera. Asier Gartzia Astigarragako alkateak gonbita egin zien sagardozaleei denboraldian Astigarragara bertaratzeko. «Disfruta dezatela, betiere errespetuz jokatuta. Eraso eta istilurik gabeko denboraldia izatea nahi dugu».

Landaketa eta irekitzea

Sagastiei lotutako izan zen bigarren erritua. Izan ere, aurrekoetan bezala, hiru amabitxiek sagasti bat landatu zuten. Gogotsu hartu zuen Aranburuk aitzurra, eta haren lekukoa hartu zuen ondoren Ituñok. «Ez nago ohituta gauza hauetara», zioen irribarrez. Aizpuruk jarri zion errematea. «Datorren urtean ikusiko dugu ea zer moduz egin duzuen», esan zien irribarrez Goñik. Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbioren bertsoek jarri zioten doinua ekitaldiari. «Zeluloidea eta lur azalak berdinak dira, fruituak ematen ditu ondo landutako lanak», kantatu zien Lujanbiok. Hain zuzen ere, horri egin zion erreferentzia omenduetako batek, Nagore Aranburuk, bere esker hitzetan. «Entzun eta entzun ari gara sagardo denboraldiak jende askoren lana eskatzen duela. Film batekin ere berdin gertatzen da. Gu gara gaur hemen gaudenak, baina aitortza hau lan talde guztiarentzat da».

Erritual nagusia falta zen oraindik, eta, horretarako, Bereziartua sagardotegira abiatu ziren. Han zituzten zain txalapartariak eta dantzariak. Aurtengo berritasuna horixe zen. Ikerfolkek eta Dantza.com-ek sortuta, atzo aurkeztu zuten txotx irekierarako erritual koreografikoa. Txalapartarien deiarekin batera, dantzariek Arizkungo sagar dantza dantzatu zieten hiru omenduei. Hunkituta sumatu zitzaien orduan hirurei. Are gehiago, sagardogileek egindako sokadantzarekin batera, sagardotegira sartu zirenean.

Azkenean iritsi zen ordua. Hirugarren errituala, garrantzitsuena. Upelera gerturatu, eskuan zeramaten edalontzia sagardoz bete, haiek goratu eta ozen esan zuten hirurek: «Hau da gure sagardo berria». Horrekin batera busti zuten eztarria. Berehala, inguruan zeuden sagardozale eta sagardogileak upelera gerturatu ziren sagardo berria probatzera. Artean hiru protagonistak pozik zeuden. «Ez naiz oso aditua, baina oso goxoa dago», zioen Ituñok. Hunkitu ere egin zen. «Sagardoak euskara gogoratzen dit. Basauritik maiz etortzen nintzen euskaltegikoekin. Mingaina askatzen eta euskaraz hitz egiteko lotsa galtzen lagundu zidan sagardoak. Nire euskalduntze prozesuarekin oso lotuta dago, beraz. Oso berezia da hau niretzat», gogorarazi zuen.

Sagardoa gustukoa izan arren, sekula sagardotegi batean egon gabea zen Aizpuru. «Ez da nire adineko jendea egoteko leku bat. Bromak, aparte, ni Getariakoa naiz, eta gogoan ditudanak etxeetako sotoetan zeuden upelak dira. Aitona han egoten zen. Dena den, gustuko dudan edaria da sagardoa. Gradu gutxi ditu, eta erraz hartzen da». Desio bat ere eskatu zuen. «Loreak izaten ari den adinako arrakasta izan dezala aurtengo sagardo garaiak». Lehen gehiagotan joan arren, denboraldiro egiten du osteratxoren bat handik Aranburuk. «Sekula ez nuen imajinatuko denboraldia zabaltzen ariko nintzenik. Oso gonbidapen ederra da. Halako aitortzak filmak izandako harrera onaren seinale dira, eta oso pozgarria da». Hirurek nabarmendu zuten txotx denboraldia emakumezkoek zabaltzearen garrantzia. 22 urte hauetan bik baino ez dute ohore hori izan: Joane Somarriba txirrindulari ohiak (2001), eta Ainhoa Arteta sopranoak (2005). Gero, gonbidatu guztiek sagardotegi menua dastatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.