Auzia ez "politizatzeko" eskatu du EAJk

2015eko martxoaren 10a
18:14
Entzun

Epaileak De Miguel auzian 26 lagun inputatu dituela-eta, auzia ez politizatzeko eskatu du EAJko Euzkadi Buru Batzarrak. Ohar batean, EAJk galdegin du ikerketak "gertakari guztiak" argi ditzala, erantsiz alderdiak  "arintasun, gardentasun eta irmotasun osoz" jardun zuela auzia azaleratu zenean: "Orduko hartan, auzian inplikatuta zeuden EAJko kideek beren ardura publikoak eta alderdi barruko ardurak utzi zituzten, eta beren borondatez itzuli zuten alderdikide-txartela".

Edonola ere, "harrituta" dago EAJ, albistea "hauteskunde aurreko jarduera bizi-bizi dagoen aldi honetan" azaleratu delako. Auziak bide judizialean eginiko urratsak filtrazioen bidez ezagutu direla ohartarazi du: "Inguruabar hauek denboran bat egin izanak zalantzak eta mesfidantzak sortarazten dizkigu, eta pentsarazten digu honen guztiaren helburua, egia argitzea baino, interes politikoa izango ez ote den".

EH Bildu

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko hautagaiak salatu du kudeaketa eredu "bakarra" erakutsi dutela orain arte gobernuetan egon diren alderdiek: "Klientelismoa eta praktika ustelak". Horregatik, egoera horiek amaitzeko garaia dela esan du: “Arabako erakundeen leihoak berehala ireki behar dira, aire fresko eta garbia sartzeko”. 

Eusko Jaurlaritzak ez du epailearen erabakiaren baloraziorik egin nahi izan, eta akusatuen errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu du. 

Arabako Foru Aldundia

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak, berriz, uste du De Miguel auzia "Araban itzal abertzalearen liburu beltza" dela, iritzita "lagunen edo gertukoen mesedetan erakundeak erabili izanaren forma guztiak" deskribatzen dituela. Epailearen ebazpena baliatzera deitu du, "ustelkeria nola eten eta gertatutakoa errepikatzea nola saihestu" jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.