Parisko bake konferentzia

Bakearen deia estatuei

Politikariak, ikerlariak eta terrorismoaren biktimak elkartu dira Parisen, bake prozesuak nola lantzen eta bizitzen dituzten azaltzeko. Hiru zatitan partekaturiko hitzaldi sorta eman dute.

Bake Konferentziako entzuleen artean, Bertie Ahern eta Brian Currin, atzo. MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN
2015eko ekainaren 12a
13:41
Entzun

Parisko Asanblea Nazionaleko sototik bakearen alde bultzada baten ematera bildu ziren atzo lur azpian den Victor Hugo konferentzia gelan Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat eragile. Aietetik lau urte pasatu dira, eta aitzinamendu gutxi ikusgai dira. Horren aldatzeko, bozgorailua Parisera eraman dute bakea sustatu nahi dutenek. Hiru zatitan partekaturik zegoen konferentzia.

EUSKAL HERRIKO BAKE

PROZESUAREN JATORRIA

ETA EGOERAREN AZTERKETA

«Euskal gatazka ezin da atzerriko arazo gisa ikusi»

Aieten egon ziren lau politikariri hitza. Oraingo egoera aztertzeko, iraganera jo du Pierre Joxe Barne ministro ohiak. «Bilkura anitz egin ditut denboran euskal gatazkari buruz, baina frantsesen artean elkartzen ginen. Bilkura politikoak ziren, polizialak. (...) Frantziatik, kanpoko gatazka gisa ikusia zen. (...) Ordea, ezin dugu euskal gatazko atzerriko arazo gisa ikusi. 2009. urtetik, Europako batasunak talde terroristen zerrendatik kendu du ETA. Orain, arazo humanitario eta politiko bat da. (...) Aski urte pasatu dira bortizkeria amaitu denetik, biktimei interesa gaitezen orain. Gizarteari dagokio bakea bere esku hartzea. Estatuek hori lagundu dezakete. Bakearen azkartzeko elementu bat bada: presoen arazoan aitzinatzea».

Joxen hitzaldiaren ondotik, Jean-Jacques Lasserrek hartu du hitza, Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseiluaren presidenteak. Zer aldatu da Aietetik? «Elkartu ginenetik, lau urte pasatu dira, eta frantziar eta espainiar estatuek ez digute kasurik egin. Ezin da horrela segitu. Bakea besteen ikuspegi ezberdinaren onartzea da, eztabaida onartzea. Espainiak eta Frantziak haien erantzukizunak hartu behar dituzte, eta bake prozesuan parte hartu».

2011ko urriaren 17an egin adizperenetik, Euskal Herriko politikariek«diskretuki» lan egin dutela azpimarratu du Frederique Espagnac PSko senatariak. «Garrantzitsuena aitzinatzea da. Erregularki elkartu gara ezker eta eskuineko politikariak testu komun baten idazteko. Horretarik atera zen Baionako adierazpena». Max Brisson UMPko hautetsiak gogorarazi du: «Testu hori gure gobernuari idatzi genion. Batzuetan, iruditzen zaigu pareta baten aurka ari garela. Axolagabekeriak iraganera erakar gaitzake, eta ez dugu hori nahi. Horretarako, presoen gaiari lotu behar da gobernua, eta Frantziako Euskal Herriari ezagutza instituzional bat eman behar zaio».

BERRADISKIDETZEA

ETA ELKARBIZITZA: BIKTIMEK

BAKE PROZESU BATEN

BAITAN DUTEN TOKIA

«Aiete amaitzea biktima guzien onartzea da»

«Garrantzitsua da Aiete amaitzea». Esaldi horrekin hasi du hitzaldia Pierre Hazan ikerlariak. «Aiete amaitzea biktima guzien onartzea da. Madrilek ETArenak onartzen ditu soilik».

ETAren biktimen lekuko, Roberto Manrique hor zen. Bartzelonan larriki kolpatua izan zen, 1987an ETAk Hipercor merkatal gunearen kontra egindako atentatuan. «ETAren biktima bat izatea zer den esplikatu nahi dut. Kolpatu ninduen atentatua gertatu zelarik, nik ez nuen ezer ikustekorik gatazka horrekin; harakindegi batean nintzen, supermerkatu batean. ETAk min handia egin du. (...) Gaur, terrorismoaren bi biktima elkartzen gara [Axun Lasa aipatuz, GALek bere anaia Joxean hil zuen], eta ez dut ulertzen zergatik GALen biktimek ez duten ETAren biktimen ezagutza berdina ukan. Gure rola gertatu zaigunarekin bizitzen ikastea da. Biktimen rola ez da politikariena, biktimena da soilik. Nahi dugun gauza bakarra justizia aplikatua izatea da. Baina ez dezagun ahantzi: hemen ez gaude denok, mila hildako falta dira». Han bildutakoen txalopean amaitu du hitzaldia Manriquek.

Hunkiturik, Axun Lasak hartu du Manriqueren segida hitzaldian. «Guardia Zibilaren torturak jasan ditut; GALek bahitu eta erail zuen Joxean Lasa iheslariaren arreba naiz». Hitz horiek atera orduko, Victor Hugo areto guzia lotu da Axun Lasaren erranei, belarriak tente: «Desagerpena egunez egun bizi duzu», nabarmendu du Axun Lasak. Josean anaiaren eta Joxi Zabalaren historia kontatu du, eta gorpuak berreskuratu zituzten egunak etorri zaizkio berriz gogora. «Anaiaren galtzea egunero heldu zait gogora. Min horren onartzea zaila da, baina beharrezkoa da aske sentitzeko. (...) Borrokatzerako gogoa beti daukat, ez zerbaiten aurka, baizik eta zerbaiten alde, biktima guziek ezagutza bat ukan dezaten».

Eta emoziotik analisira jauzia hurrena. «Ezin ditugu biktimak bake prozesu batean parte hartzera behartu», ohartarazi du Brandon Hamberrek. Nazioarteko gatazken ikerketa institutuko zuzendaria da bera. «Baina biktimek oroitarazten digute nora ez dugun atzera egin nahi. Biktimak gatazkaren memorioa dira». Hamberentzat, gizarteak du elkarbizitza bultzatu behar: «Alderdi ezberdinek geroaren ikuspegi berdina ukan behar dute. Ez dut politika aipatzen hor; ezin dituzte ideia politikoak elkartu, baina denek helburu bera ukan behar dute. Jendeak haien artean konektatu behar dira».

PRESOAK BAKE PROZESU

BATEAN

ERRONKAK ETA FUNTZIOA

«Deus kostako ez zaien borondate oneko seinalea»

Konferentziako hitzaldi sorten artean hirugarrena, eta azkena. Presoen egoeraren aurkezpena zenbakiekin hasi da. «460 euskal preso badira», zenbatu du Raymond Kendall Interpoleko idazkari orokor ohiak. «Baina ez dezagun ahantzi zenbaki bakoitzaren gibelean biktima bat badela, trauma bat badela, beretzat, eta bere familiarentzat. Eta ez dira erbesteratuak ahantzi behar. Haien guzien egoeraren hobetzeko lan egiten dugu, baina bi estatuek ez dute parte hartzen. Engaiamenduak beharrezkoak dira bake prozesua aitzina eramateko», hausnartu du Kendallek.

Baina zein izan daitezke engaiamendu horiek? Gerry Kellyk, IRAko preso ohi eta Irlandako politikariak, bere adibideak partekatu ditu Victor Hugo gelan haren esanak zaintzen ari direnekin. «Irlandan, komunikazio sistema bat jarri zen martxan. Presoak informatuak ziren, eta haien hitza kontuan hartua zen (...). Irlandan, preso politikoak aldaketaren giltza izan ziren. Gaizki tratatuak direlarik, zaila da aitzina jarraitzea». Horregatik, Euskal Herriko bake prozesuarendako, presoen herrira hurbiltzea «Estatuei deus kostako ez zaien borondate oneko seinale bat» izan daitekeela azaldu du Gerry Kellyk.

Presoen egungo egoera onartezina da Iparretarrak taldeko kide ohi Gabi Mouescarentzat. Euskal presoei ezarritako zigorrek gaur egun «heriotza luze batera» eramaten dituztela nabarmendu du 17 urte presondegian pasa dituenak. Presoen alde lan egiten duten abokatu, mediku eta senideek jasaten duten errepresioa salatu du ere Mouescak.

«Dispertsioa ere handiegia da; presoen senideek pagatzen dituzte kondizio horiek. Euskal preso politikoen kolektiboaren aurkako errepresioak helburu du haiek bake prozesutik baztertzea. EEPK engaiatzeko prest da. Bake justu eta iraunkor bat lortzeko lan egiteko prest da», nabarmendu du bere hitzaldian, eta mezu bat igorri du, Ipar Euskal Herriko jarduna eredu gisara jarrita: «Politikarieri zera esan nahi diet: gerra postura hori utz ezazue; hemen diren Euskal Herriko hautetsiak bezala egin ezazue, eta elkarrizketan sartu»

Brian Currin Hegoafrikako abokatuak ildo beretik segitu du. «Min egiten dit dispertsioa oraindik ere preso politikoei aplikatzen zaiela ikusteak. Irlandan presoen egoeran akordiorik ez bazen izan, ezin izango zen pentsatu beste akordiorik lortuko genuenik beste alor batean. Euskal Herrian, bakearen biderako, presoak hurbildu behar lirateke, eta erienak askatu. Ez da proposamen politiko bat, baizik eta giza eskubideen errespetatzea. Presoen askatzea edozein bake prozesutan ezinbesteko elementu bat da», nabarmendu du.

Amaitzeko hitza Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakariak hartu du: «Bake prozesu batean, ezin da ezer pasatu ez balitz bezala jokatu, eta ezin da alderdi baten egia sinistu. Irabazteko gogo guziak abandonatu behar dira. Bake prozesu batean, ez dugu ezer ahazten; usatzen gara, besterik ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.