kataluniako hauteskundeak

ERCk elkarrizketak abiatuko ditu CUP eta Catalunya Si Que es Potekin

Nabarmendu dute hauteskunde plebiszitarioak zirela eta independentzia zaleek irabazi egin dituztela. Kataluniako PPko hautagaiak onartu du atzoko emaitzek "kezka" eragin dietela. Ciutadans-ek Konstituzioaren eta Senatuaren erreforma eskatuko duela esan du.

ERCko eledunak, gaurko agerraldian. ALBERTO ESTÉVEZ, EFE
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko irailaren 28a
17:03
Entzun

Atzoko emaitzei buruzko gaurko balorazioan ERCeko eledun Sergi Sabriak adierazi du bere alderdiak lurperatutzat eman duela Katalunia autonomikoa, "independentziaren aldekoa da Parlamentuaren gehiengoa". Halaber, nabarmendu du hauteskunde plebiszitarioak zirela eta independentzia zaleek irabazi egin dituztela.

Sabriak zehaztu du 80 urteetan lehendabiziko aldiz Kataluniako Parlamentuak independetziaren aldeko mandatua jaso duela. "Bi milioik bozkatu zuten independentziaren alde, 2012an eta iragan azaroaren 9an baino herritar gehiagok egin zuten independentziaren alde".

CUPekin zein Catalunya Si Que es Potekin elkarrizketak hasiko dituztela eman du jakitera ERCko eledunak. Junts pel Si-k iragarri du Artur Mas aurkeztuko duela presidentegai , eta CUPek esan du ez diotela babesik emango inbestidura ekitaldian.

Albiol: "Ezin gaitezke besoak gurutzaturik geratu"

Xavier Garcia Albiol PPren presidentegaiak uste du egoera "konplexua eta ezegonkorra" utzi dutela Katalunian atzoko hauteskundeek. Bere alderdiak emaitza txarrak izan dituela onartu du, eta kezka eragiten diela horrek. "Sakoneko hausnarketa" egin behar dutela deritzo; "ezin gaitezke besoak gurutzaturik geratu". Cope irratian egin ditu adierazpen horiek.

19 eserleku izatetik 11 izatera igaro da PP Kataluniako Parlamentuan. Haren aurretik geratu dira Ciutadans (25) eta PSC (16).

Independentziazaleen kontrako indarrak elkartzeari buruz adierazi du zail ikusten duela: "Podemos erdian egonda, benetan zaila da hori".

Ciutadans Konstituzioaren erreforma eske

Ines Arrimadas Ciutadans-eko hautagaiak Ser irrati kateari eginiko adierazpenetan iragarri du Espainiako Konstituzioaren eta Senatuaren erreforma eskatzeko proposamena egin asmo dutela. Horrekin, Katalunia Espainiarekin hobeto etortzea nahi dute, "eta lehen eta bigarren mailako erkidegorik ez egotea".

Albert Riverak, bestalde, Artur Masi "ardura gabe" jokatzea egotzi dio Katalunia "CUP bezalako jendearen esku" utzi baitu.

Unio-ko hautagai Ramon Espadalerrek Espainiako presidente Mariano Rajoiri eskatu dio "proposamenen bat" aurkez dezala Kataluniarako. Bere ustez oker daude indepentziaren alde bozkatu dutenak gutxiesten dituztenak. "Abendura arte [Espainiako Gorteetarako hauteskundeak] ez dute ezer egingo, eta hori akats handi bat da".

Podemos eta PSOE, Espainiatik begira

Pablo Iglesias Podemos-eko buruzagiak ere Kataluniara zein Espainiari "zerbait" eskaini behar zaiola uste du. Izan ere, independentziaren aldekoek lorturiko emaitzak kontutan hartuta, egoera politikoak kale itsu batean amai dezakeelakoan dago. "Arduragabekeria handi bat litzateke independentziaren alde bozkatu duten %47 kontutan ez hartzea", gehitu du.

PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek Katalunia bitan zatituta dagoela esan du, eta "elkarrizketa, erreforma eta elkarbizitza" beharko direla egoera horretatik irteteko. "Moncloatik", Kataluniaren batasunaren alde lan egingo duela hitzeman du. Bere ustez, erreformaren alde bozkatu baitute kataluniarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.