Negoziazio kolektiboa

LAB: "Negoziazio kolektiboan sinesten jarraitzen dugu, baina patronalarekin ezin gara eseri ezeren truke"

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi du ez direla Adegirekin bilduko: "Langileen urteetako lorpenak txikitzea da bere politika bakarra".

LABek Donostian egindako ekitaldia. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 9a
19:06
Entzun

"Negoziazio kolektiboan sinesten jarraitzen dugu, hitzarmenak babesten ditugu, baina patronal honekin ezin gara eseri ezeren truke". Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak berretsi du bertan behera utzi dutela Adegirekin egitekoa zuten bilera. Etxaideren esanetan, Pello Gibelalde Adegiko buruak joan den astean esandakoa "oso larria" da , baina "egunero" lantokietan ikusten dena baieztatzen du: "Adegik urteak daramatza langileen borrokarekin lortutako guztia txikitzen. Hori da bere politika bakarra". Hori dela eta, uste du patronalarekin biltzeak ez lukeela egungo egoera hobetuko: "Lantokiz lantoki, kalean defendatuko dugu negoziazioa kolektiboa".

Angel Toñak aste honetan sindikatuei eskatu die "malguagoak" izan behar luketela, eta horrek ez duela esan nahi langileen lan baldintzak txartuko direnik. Kontrakoa pentsatzen du LABek. Esate baterako, langileentzat "iruzurra" dela uste du CCOOk eta UGTk patronalarekin adostutako soldata igoerak —Arabako metalgintzan, adibidez—. "KPIaren araberako igoera ez bada, beste jauzi bat da prekarietatean. Enpresek nahi dutena egingo dute". Etxaideren ustez, "egiturazko aldaketak" behar dira, baina patronala ez dago prest horretarako.

LABek Donostiako Eureka Zientzia museoan egin du ekitaldia gaur. Sindikatuaren Gipuzkoako ordezkariak bildu dira bertan. Nabarmendu dute hauteskunde sindikaletan Gipuzkoan igo duen sindikatu bakarra dela: "Emaitza bikainak izan ditugu". Ekitaldiaren hasieran, Rafa Diez sindikatuko idazkari nagusi ohia aske uzteko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.