koNPONBIDEARI BEGIRA

"Une kritikoan"

Lau urte dira ETAk bere jardun armatua behin betiko eten zuenetik. Ekainean Parisen eginiko Bake Konferentziak argi pixka bat jarri zuen gatazkaren ondorioak konpontzeari begira, baina berriki HNTk publiko eginiko txostenak dio une kritikoan dagoela bake prozesua. [Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/1253/[/Berriatb]

Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko urriaren 20a
14:02
Entzun

Harrezkero, Espainiako Gobernuak ez du erakunde armatuarekin aurrerapausoak emateko elkarrizketarik hasi; aitzitik, zuzendaritza atxilotu zuen Baigorrin iragan irailaren 22an, eta behin eta berriz errepikatu du “ETA desegin arte” ez dutela besterik egingo. Hain justu, Iratxe Sorzabal, David Pla, Ramon Sagarzazu eta Pantxoa Flores atxilotu zituzten Baigorrin, eta lehen biei ETAko buruzagi izatea egotzi zieten.

Guardia Zibilarekin elkarlanean Baigorrin buruturiko polizia operazio hori ez da bakarra izan; handik egun batzuetara Egoitz Urrutikoetxea atxilotu zuten Parisen, eta udan Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ustezko bi etakideak atxilotu zituzten beste zenbait herritarrekin batera.

Miarritzen ere izan dira atxiloketak etxean ETAren armak gordetzea leporatuta. "Armategiak zigilatzeko prozesuaren kontrako eraso zuzena" zela esan zuen ETAk operazio horri buruz. Hain justu, Parisko Bake Konferentzia baino egun batzuk lehenago izan zen operazio hori. Parisen ekainaren 11n eginiko Bake Konferentziak ez du, antza, Frantziako Gobernuaren jarreran eragin. Presoen hurbiltzea, biktimen aitortza eta ETAren armagabetzea bururaino eramatea galdegin zuten Parisen 110 lagunek sinaturiko manifestuan. Ezkor erantzun zuen Frantziak, eta Espainiak haren jarrera txalotu zuen.

Madril nola mugitu

Ingurumari honetan izan dira Euskal Herrian Harremanetarako Nazioarteko Taldeko ordezkariak. “Bake prozesua une kritikoan” dagoela ohartarazi du, txosten batean. Irailaren 23tik 25era Euskal Herrian egindako bisitatik Brian Currin eta Alberto Spektorowski “kezkatuta” joan ziren, eta Euskal Herriko bake prozesua “une erabakigarrian” dakusate. 

HNTren ustez, “Madrilek bere politika aldatzeko eta ETAk armagabetze prozesua osatzeko zer egin behar den zehaztea da irtenbidea”. Horren bila aritzeko premiazkotzat jo dute Madrilen begira egon gabe Euskal Herrian pausoak ematea; hain zuzen, EAJren eta Sorturen arteko bilerei ekitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.