Euskal presoak

Euskal presoen eskubideen aldeko mobiliazioak areagotu egin dira urtarrileko manifestazioen atarian

Iruñean, euskal presoak "etxera" ekartzea eragozten duten harriak mugitzen aritu dira Sarek deituta. Arratsaldean Donibane Lohizunen eta Donibane Garazin izan dira protestak. Bihar, Martuteneko espetxera martxa bat antolatu du Sortuk.

Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko abenduaren 26a
08:25
Entzun

Egungo espetxe politika "ankerra" salatzeko elkartu dira eguerdian Iruñeako San Frantzisko plazan hainbat herritar eta harrijasotzaile.

Amets Martinez Sareko eledunaren esanetan, egoera larri da euskal presoena, "bada garaia salbuespen egoera bertan behera uzteko". Bere esanetan herritarren "esku" dago egoera horri aurre egitea, "Madrilen gobernu bat egon edo bestea ez baita auzi hau konpontzen". Urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan egingo diren mobilizazioetarako deia ere egin dute.

Iruñean ez ezik, beste hainbat herritan ere egin dira antzeko mobiliazioak; Algortan, Zarautzen, Agurainen,... Basaurin, espetxe atarian eskatu dute Aitzol Gogorza preso gaixoa aske uzteko. Donostiako Antigua auzoan,berriz, Isolamenduari stop, dispertsioari stop lelopean egin dute manifestazioa.

Antolatzaileek Jon Enparantza preso dagoen abokatuaren egoeraz ohartarazi dute. Bi urte beteko ditu preso urtarrilaren 8an, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) beste zazpi bitartekarirekin batera atxilotu baitzuten 2014ko urtarrilean. Harrezkero, "muturreko" bakartzean dagoela salatu dute, eta egoera hori amai dadin egingo dute protesta.

Haren egoerak, ordea, ez du hobera egin. Abenduaren 9an, badaezpadako espetxealdia luzatu zioten. "Bereziki salagarria da Velasco epaileak izan zuen jarrera, defentsaren argudio eta arrazoiketari mespretxu eginez. Ziurtasun osoa dugu Jon espetxean mantentzea erabaki politikoa dela eta aurrez hartua zuela erabakia epaileak", nabarmendu dute.

Antiguako preso guztien sakabanaketa salatu dute martxan.

Martutenera martxa

Arratsaldean Donibane Lohizunen antolatu du protesta Bagoaz-ek. Besteak beste, Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroari bidaltzeko gutunak bildu dituzte. Euskal presoak gerturatzeko eskatuko diote gutun bidez. Donibane Garazin, berriz, Mugi daitezen harriak lelopean antolatu dute protesta.

Bihar ere izango da mobilizaziorik euskal presoen alde. Askatasunaren bidean, euskal preso politikoak etxera! lelopean, giza kate bat aterako da Donostiatik, beste bat Hernanitik, eta biak Martuteneko espetxe atarian elkartuko dira. Sortuk antolatu du martxa, Espainiako Gobernuaren espetxe politika salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.