SEXU ERASOA

Ehunka lagunek bat egin dute egunotako sexu erasoak salatzeko

Gaurtik hasi eta Euskal Jaiak pasatu bitartean, herriko kaleetan segurtasun neurriak areagotzea adostu dute udal gobernuak eta Ertzaintzak.

Urola Kostako Hitza
2017ko uztailaren 7a
09:57
Entzun

Ehunka lagunek egin dute bat eguerdian Lege Zaharren plazan, egunotan izan diren bi sexu erasoak salatzeko. Elkarretaratzeak hamar minutu pasatxo iraun du, eta txalo zaparrada batekin amaitu dute. Han izan dira Zarauzko Udaleko ordezkari politiko guztiak, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Miren Elgarresta eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida ere.

Xabier Txurruka alkateak adierazi du atzo goizaldean jarritako salaketa ikertzen jarraitzen duela Ertzaintzak, baina ez dagoela berri gehiagorik. "Kezkatuta gaude, herritarrak kezkatuta dauden bezala, erabat onartezina delako horrelako beste salaketa bat jasotzea astebetean; lehena, sanpelaioetan, eta bigarren hau, udako giroan hasita", adierazi du gaurko agerraldian.

Jakinarazi du atzo bertan udal gobernua Ertzaintzako arduradunekin batzartu zela, eta, beharrezkotzat jota, adostu dute neurriak areagotzea herriko segurtasuna bermatzeko eta "tristea da esatea, baina neskak eta emakumeak gure kaleetan gauez nahiz egunez, festak direnean edo beste edonoiz lasai ibiltzeko". Hori dela eta, "Ertzaintzaren presentzia zabalduko dugu herrian gaurtik bertatik hasi eta Euskal Jaiak pasatu arte".

Emakundek ere gogor gaitzetsi du atzo goizaldean gertatutakoa, eta babesa adierazi dio bikitimari. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria honela mintzatu da: "Ez beti dela ez: hori da zabaldu nahi dugun mezua, emakumeen kontrako indarkeriarik gabe gizarte bat eraiki nahi dugula, eta horretarako behar-beharrezkoa dela gizarte osoaren inplikazioa". Emakumeen kontrako indarkeria "berdintasun ezaren ezaugarririk latzena" dela nabarmendu du. "Beraz, berdintasunean eraikitako gizarte bat lortzeko lanean jarraitu behar dugu".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, "gaitzespen irmoena" adierazi du aldundiko Berdintasun zuzendari Miren Elgarrestak: "Zoritxarrez, hamar egun pasatu ez direla, beste kasu bat dugu Zarautzen. Landaidak adierazi duen bezala, ez beti da ez, eta modu horretan ulertu behar dugu". Horren harira, aipamen berezia egin dio Denok Zu sentsibilizazio kanpainari: "Gizarteak paper aktibo bat jokatu behar dugu eraso guztien aurrean eta gaitzespen guztien aurrean. Biktima guztiei adierazi behar diegu denok bat egingo dugula eta denok zu izan behar dugula".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.