Donostiako Aste Nagusia

Donostiako Piratek Eusko Jaurlaritzak ordainarazten dizkien tasak salatu dituzte

Adierazi dute ez dela akordiorik egon Jaurlaritzarekin, hainbat hedabidetan ikusi dutenaren kontra. Duela aste gutxi, ados jartzeko prestasuna eskatu zioten Piratek Jaurlaritzari, baina administraziokoak ez du haiekin bildu nahi izan. Hortaz, aurrerantzean ere tasa handiak ordaindu beharko dituzte; kalkulatzen dutenaren arabera, 14.300€ izango dira aurten.

Pasa den ostiraleko Martxa Pirata. DONOSTIAKO PIRATAK
2017ko abuztuaren 8a
09:50
Entzun

Prentsaurrekoa egin dute Donostiako Piratek, kezkatuta. Irabazi asmorik gabeko mugimendu bat izan arren, tasa oso handiak ordaindu behar dizkiote Eusko Jaurlaritzari Donostiako kaia erabiltzeagatik. Aurreko urtean, 21.500 € ordaindu behar izan zituzten; aurten, kalkulatzen dutenaren arabera, 14.300 € izango dira. Duela egun gutxi hainbat hedabidetan agertu zen Jaurlaritzarekin akordio bat lortua zutela; gaur esan dutenez, hori ez da egia. Adierazi dute Jaurlaritzatik jaso zuten azken mezuak zioela "hitz egin beharreko guztia hitz eginda" zegoela.

Tasa horiek handiegiak direla salatzeko, dotore jantzita agertu dira piratak. Adierazi dutenez, "badirudi administrazioak uste duela piratak diruz gainezka" dabiltzala. Prentsaurrekoan aldarrikatu dute jai herrikoiak antolatzen dituen herri mugimendu batek ez lukeela "xentimorik ere ordaindu beharko" gune publikoak erabiltzeagatik. "Ez gara enpresa bat. Donostiako Piratak gara, herria gara, milaka pertsona gara. Bestelako jai eredu batean sinesten dugu".

Hamabosgarren urteurrena ospatuko dute aurten Piratek, eta, administrazioarekin dituzten arazoen inguruan, adierazi dute "15 urte beranduago berdin" pentsatzen dutela, eta "jai herrikoi, euskaldun, askatzaile eta parekideak" antolatuko dituztela aurrerantzean ere. Salatu dute "oso larria" iruditzen zaiela azkenera arte "ziurgabetasunean dantzan" ibili behar izatea, eta administrazioek "trabak besterik" ez dietela jartzen: berandu iristen diren baimenak, tasa handiak... Administrazioari leporatu diote "piratak, herritarrak, kaletik eta kaitik kanpo" uztea dela haien helburua, eta "piratarik eta herritarrik gabeko hiria" nahiago dutela, "diru gosea duten enpresen mesedetara egongo dena".

Hori esan ondoren, jantzi dotoreen gainetik txaleko islatzaileak jarri, eta aldarrikapenak egiteari ekin diote. Piratek "kalean jarraituko" dutela esan dute, "kaian jarraituko" dutela, eta "Donostiak eta donostiarrek merezi" dituzten jaiak antolatuko dituztela aurrerantzean ere. "Ekimenez, kontzertuz, alaitasunez eta ilusioz betetako bederatzi egun ditugu aurretik. Gauzak aldatzera goaz, eta entzungo gaituzte."

Gaurkoa ez da izan Piratak tasa handiengatik kexatu diren lehen aldia. Duela aste gutxi, agerraldi bat egin zuten kezka bera azaltzeko. Adierazi zutenez, Jaurlaritzak salerosketa tasa ordainarazten die kaiko eremu osoan, baita salerosketarik ez den lekuetan ere. Orduan, zerbait ordaintzeko prest zeudela adierazi zuten, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten beren proposamena entzun eta akordiorako prestasuna erakusteko, eta tasa komertziala salerosketa zegoen metro karratuetan eta aldietan bakarrik ezartzeko. Jaurlaritzak, ordea, ez du beste bilerarik egin nahi izan, eta Piratek salerosketa tasa ordaindu beharko dute (dagoen handiena) erabiltzen duten eremu osoan.

Oraingo honetan, Jai herrikoiek tasarik ez leloa erabili dute, eta, aurreko astean hasita, hainbat ekinaldi antolatu dituzte jai herrikoiak antolatzen dituzten mugimenduek ez luketela ordaindu behar aldarrikatzeko. Joan den ostiralean, adibidez, Bertsopiropoteoa hasi baino lehenago, Martxa Pirata egin zuten Antiguako tuneletik Parte Zaharreraino.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=q9ZQVG42kLo[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.