Politika

Aralarrek amaitu du ibilbidea alderdi gisa

Iruñean egin dute 7. kongresua. Alderdikideen %91,2k onetsi dute erabakia.

Aralarrek Iruñeko Baluarten egin du desegiteko kongresua. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2017ko abenduaren 2a
15:18
Entzun

Ezohiko kongresua egin du Aralarrek, eta bertan bozkatu dute alderdiaren zuzendaritzak egindako proposamena: alderdia desegitea. Aralarkideen %91,2k eman dute disoluzioaren aldeko botoa; %6,3 kontra agertu dira.

200 kide baino gehiago elkartu dira Iruñeko Baluarten, alderdiaren 7. Biltzarrean parte hartzeko. Aralarkideez gainera, beste alderdi eta sindikatu batzuetako ordezkariak izan dira bertan: Arnaldo Otegi eta Gari Mujika (EH Bildu), Jakes Bortairu (Abertzaleen Batasuna) Pello Urizar eta Miren Aranoa (EA), Unai Ugalde (EAJ), Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta (Sortu), Maria del Rio (Alternatiba), Txiki Muñoz (ELA), Igor Arroio (LAB) eta Raul Lopez (Steilas). Era berean, nazioarteko ordezkariak ere izan dira: ERC, BNG, Compromis, PSM, Kurdistango HDP, Frente Polisarioa eta ALE-EFAko europarlamentari Tatiana Zhdanok.

Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiak eta Patxi Zabaleta Aralarreko ohorezko presidenteak hartu dute hitza 7. Biltzarreko ekitaldi publikoan.  “Beren ideiengatik askatasuna galdu, bizitza galdu eta deserria ezagutu” dutenentzat izan ditu lehen hitzak Uberak. Azpimarratu duenez, “Aralar alderdiari amaiera emateak ez du esan nahi sentsibilitate honi amaiera ematen zaionik. Gure konpromisoak jarraitzen du”.

Aralarri alderdi gisa amaiera ematean “ziklo bat itxi, eta beste bat irekitzen” dela adierazi du Uberak. “Harro sentitzen naiz egindako ibilbideagatik. Aralarrek berretsi dit pena merezi duela bakoitzak dituen ametsengatik lan egitea”.

“Zaila egiten zait esatea, baina Aralar bukatu da”. Horrela hasi du bere hitzartzea Zabaletak. Era berean, eskerrak eman  dizkie urte hauetan guztietan bidelagun izan dituen guztiei eta “gurekin lehiatu diren guztiei ere bai”. Oriol Junqueras eta gainerako preso politiko guztiak ere gogoan izan ditu Zabaletak bere agurrean.

Giza eskubideak, euskal abertzalegoan ezkerreko hanka izatearen beharra, autodeterminazio eskubidea izan ditu gogoan Zabaletak Aralarreko ohorezko presidente gisa egindako bere azken hitzartzean. “Aralar alderdia desegitea etorkizunera begira emandako urratsa. Ezker abertzale zibil eta zabala eratzea izan da beti gure bidea. Bidea orain EH Bilduk egingo du”, agertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.