Aurrekontu politika

Finantzen Euskal Kontseiluak diru bilketa handiagoa gizarte politiketara bidera dezan nahi du ELAk

ELAren arabera, diru gehigarria zorra ordaintzeko erabiltzera behartzen duen gastu araua "ez legoke indarrean EAJk babestu izan ez balu". Sozietate zergaren jaitsiera geldiaraztea ere exijitu du ELAk.

Iaz urrian egin zen Finantzen Euskal Kontseiluko irudi bat. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Irune Lasa.
2018ko otsailaren 12a
11:49
Entzun

ELA sindikatuak dei garbia egin dio bihar arratsaldean bilduko den Finantzen Euskal Kontseiluari: aurreikusitakoa baino 976 milioi euro gehiago bildu dituztenez, bidera dezatela diru hori gizarte politiketara eta sozietate zergaren jaitsiera eteteko. Hots, Jaurlaritzak eta aldundiek ez dezatela Espainiatik ezarritako gastu araua bete euren aurrekontuetan.

Gastu arau horrek aurrekontuak handitzeko %2,4ko muga ezartzen die administrazioei. Diru bilketa espero baino handiagoa bada, diru gehigarri hori zorra ordaintzeko erabiltzera behartuta daude administrazioak. ELAk azaldu duenez, gastu arau hori "ez legokeen indarrean EAJren aldeko botoa jaso izan ez balu".

Sindikatuaren arabera, "hala ere, gastu arauak ematen du aukera aurrekontu muga hori gainditzeko, baldin eta diru sarrera handiagoak ekarriko lituzkeen zerga erreforma bat egiten bada". Aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan "sozietate zerga lau puntu jaistea adostu dute EAJk, PPk eta PSE-EEk". Jaitsiera hori geldiaraztea nahi du ELAk. "Lehenik, jaitsiera horrek diru bilketan duen eragina kalkulatu behar da". Sindikatuak azaldu duenez, " zenbait adituren arabera, patronalari egindako oparia 200 milioi eurokoa izan daiteke. Eta behar dugun zerga erreformak tasa handiagoak ezarri behar dizkie enpresen etekinei, errenta altuei eta kapitalari".

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunen diru bilketa handiagoa oso-osorik osasuna, hezkuntza eta beste zerbitzu publikoak eta gizarte laguntzak hobetzeko erabiltzea exijitu dio sindikatuak biharko Finantzen Euskal Kontseiluari. "Horretarako, 2018ko aurrekontuak aldatu egin behar dira, eta aurrekontu igoerak zehaztu". ELAren aburuz, "krisi garaian euskal administrazioek esan zuten murrizketak egin behar zirela diru bilketa txikiagoa zelako; orain, diru gehiago biltzen ari direnez, EAJk eta PPk politikari mugak jartzen dizkiote desberdintasun sozialak areagotzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.