Noiz sortua: 2018-02-23 13:41:43

Istiluak

Furgonetatik jaisten ari zenean sentitu zen gaizki hildako ertzaina, Beltran de Herediaren esanetan

Sindikatuek salatu dute hamahiru ordu zeramatzala lanean. Bideoa albistearen barruan.

Athletic eta Spartak Moskuko zenbait zaleren arteko istiluetan ondoezik sentitu ondoren zendu den ertzaina, lurrean etzanda. /
Athletic eta Spartak Moskuko zenbait zaleren arteko istiluetan ondoezik sentitu ondoren zendu den ertzaina, lurrean etzanda. / Luis Jauregialtzo/Argazki Press

Berria -

2018ko otsailak 23

Istilu larriak izan dira Bilboko San Mames estadioaren inguruetan, Athletic eta Spartak Moskuren arteko futbol partidaren aurretik. Ertzain bat hil egin da istiluetan ondoezik sentitu ondoren, Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Anbulantzian eraman dute Basurtuko ospitalera, bihotzekoak jota. Ordubetez aritu ziren hura suspertu nahian, baina ezin izan dute. Ertzaina Inocencio Alonso da, 51 urteko ermuarra (Bizkaia).

 

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak azpimarratu du hildako ertzaina ez dela aurrez aurreko batean hil, ez zuela ezeren kolperik edo antzekorik jaso. Furgonetatik jaisterakoan zorabiatu zen, bere esanetan. "Operatibotik aparteko heriotza izan da". Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan du furgonetatik jaisten ari zenean sentitu zela gaizki ertzaina.

Erne Ertzaintzako sindikatuak, berriz, "indarkeriazko heriotza" gisara definitu du, futbolaren inguruko indarkeriarekin lotuta. Heriotzaren atzean "ardura politikoa" dagoela ohartarazi du Roberto Seijo bozeramaileak, eta arduraz jokatzeko eskatu dio fiskaltzari. "Istiluak gertatu ziren, eta haiek ekarri zuten gure lankidearen heriotza. Ez zen gertatu besaulki batean eserita zegoela, liskarren ondorioz baizik".

ESAN sindikatuak, berriz, salatu du Alonsok hamahiru ordu baino gehiago zeramatzala lanean. Beltran de Heredia kargutik kentzeko eskatu du, gainera. Segurtasun sailburuak ESANi erantzun dio ertzainen ordutegiak sindikatuekin hitzartuta daudela. Sindikatu horren arabera, "Herri Norteko erradikalen kontrako kargan ari zirela" erori zen lurrera ertzaina. Ertzainek gomazko pilotak jaurtitzeko aukera eduki beharko luketela nabarmendu du.

Bederatzi atxilotu, eta gutxienez sei zauritu

Ertzaintzak segurtasun dispositibo berezia zuen prest atzoko, Spartak Moskuko ultrek sor zitzaketen istiluak saihesteko. Baina alferrik izan da. Larriak izan dira istiluak bart, partidaren aurretik, eta gutxienez bederatzi lagun atxilotu dituzte eta sei zauritu dira, hildako ertzainaz gain. Zaurituetako errusiar batek labankada du bizkarrean.

20:00ak baino minutu batzuk lehenago, bengalak jaurti zituzten talde errusiarreko zale ultra batzuek. Handik aurrera tentsioa handitu egin zen. Liskarretan, botilak airean izan ziren Athleticeko eta Spartak Moskuko zenbait zaleren artean, eta edukiontziak gurutzatu zituzten zenbait gunetan. Segurtasun Sailaren arabera, bi taldeetako jarraitzaileek hartu zuten parte istiluetan.

Antza, Plaza Biribilean elkartzekoak ziren Moskuko taldeko jarraitzaleak. Handik futbol zelaira joan zirenean sortu ziren istiluak.  Ez dago argi nola hasi ziren, baina, nolanahi ere, Josu Bujanda Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako arduradunak Euskadi Irratian nabarmendu duenez, hainbat euskal herritar ere istiluetarako materialarekin joan ziren futbol zelaira: luzatzen diren borrekin, harriekin, mailuekin, suziriekin... Hala berretsi du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ere. "Min egiteko asmoa zuten". Gainera, futbol taldeek esan die gogoeta egin beharko luketela, indarkeria erabiltzen duen jendeak zergatik baliatzen duen futbola horretarako. Neurriak hartzea galdegin du.

Berehala zabaldu ziren zaleek grabatutako irudiak:

Istilu horietan gutxienez bederatzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, Segurtasun Sailaren arabera. Horietako lau 20-25 urte arteko gazteak dira, eta desordena publikoak egitea egozten diete; 20-27 urte artekoak dira hiru errusiarrak, eta, desordenak egiteaz gain, autoritateari eraso egitea ere egozten diete; poloniarrak, berriz, 30 urte ditu, eta errusiarren akusazio berberei egin beharko die aurre. Gaur bertan eramango dituzte epailearengana.

Twitter bidez salatu ditu gertaerak Urkulluk. Nolanahi ere, Segurtasun Sailak nabarmendu du egoera "konplexua" izan arren istiluen unea tarte motza izatea lortu zuela Ertzaintzak. Istiluen aurretik, gainera, hainbat lagun identifikatu zituztela jakinarazi du Jaurlaritzak harriak, labanak eta abar zituztelako.

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak doluminak agertu dizkio Urkulluri, ertzainaren heriotzarengatik. Doluminak agertu dizkie hildako ertzainaren sendiari eta Ertzaintzako kide guztieu ere.

Basurtuko ospitaleak eman duen parte medikoaren arabera, zaurituta dagoen errusiar batek labankada du bizkarrean. Nolanahi ere, senda agiria eman diote jada. Erietxera eramandako sei lagunetatik bostek senda agiria jaso dute, eta batek han jarraitzen du, hainbat zauri dituelako.

Albiste gehiago

Apirilaren 1ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 9.358 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 501 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.134 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Industrialde bat, erdi hutsik, Bergaran. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Zirrikituak ateak ireki ditu

Iker Aranburu

Industria askok baliatu dute Espainiako Gobernuak zenbait jarduerari emaniko aukera: berriro ekitea «gutxieneko zerbitzuekin». ESK aztertzen ari da Arantxa Tapiari salaketa bat jartzea

Balkoietan bandera edo oihal moreak jartzera deitu dute, andreek jakin dezaten nori eskatu laguntza. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Etxea abaro ez denean

Maite Asensio Lozano

Etxean tratu txarrak jasaten dituzten andreak erasotzaileekin itxita geratu izanak kezka eragin du eragileetan eta instituzioetan. Arrisku egoerak areagotu daitezkeela eta, bizilagunak adi egotera deitu dituzte eragileek

Puntu more bat Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Instituzioak adi, zerbitzuak prest

Maite Asensio Lozano

Konfinamendua hasi zenetik, beheranzko joera hartu dute genero indarkeriarekin lotutako salaketek. Erakundeek berretsi dute martxan daudela andreentzako arreta zerbitzuak, egokituta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna