'Mozal legea'

Hala Bedik auzitara joko du “informazio askatasuna” defendatzeko

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ‘mozal legea’ baliatu du, eta 602 euroko isuna jarri dio Gasteizko irratiko kazetari bati. Salaketaren muina “goitik beherako gezurra” dela berretsi du.

Ertzaintza Errekaleorren, iazko maiatzean. JUANAN RUIZ, FOKU
Jon Rejado.
2018ko apirilaren 18a
14:59
Entzun

Administrazioarekiko auzietako epaitegietara joko du Hala Bedi irratiak,”informazio askatasuna” defendatzeko. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 602 euroko isuna jarri dio Mikel Saenz de Buruagari, irrati libreko kazetariari. Isuna jarri diote Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea baliatuta. Saenz de Buruagak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak konpromisoa hartu zuela lege hori ez aplikatzeko: EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk sinatu zuten. Kazetariak gogorarazi du zigorra mantentzekotan Eusko Jaurlaritzak zigortuko duen lehen kazetaria izango dela, mozal legea baliatuta.

Salaketaren oinarrian 2017ko maiatzaren 18an Errekaleor auzoan izandako argi mozketa dago. Segurtasun Sailak argudiatu zuen Saenz de Buruagak gainditu egin zuela Poliziaren hesia, eta horregatik zigortzen dutela. Kazetariak, ordea, azaldu du ez zuela halakorik egin: Hala Bedirako gertakarien berri ematen ari zela. Azaldu du sakelako telefono batekin grabatzen ari zela ertzain batek gailua apurtu ziola, eta, kazetari txartela erakutsiz, argibideak eskatu zituenean datuak hartu zizkiotela. Areago, Ertzaintzak ez zien isuna ezartzeko prozesuaren berri eman unean bertan; zenbait aste geroago jaso zuten.

Saenz de Buruagak kritikatu du prozedura administratiboa. “Indefentsio egoera” bizi izan zuela gaineratu du. Argudiatu du, batetik, Ertzaintzaren txostenean ez dela egiaztatzen isunaren oinarri diren gertakariak. Bestetik, kritikatu du ertzainen adierazpenak zigorra ezartzeko nahikoa arrazoi izatea, eta, aldi berean, aintzat ez hartzea defentsa gisa aurkeztutako lekukoen adierazpenak. Azkenik, aurkeztutako frogak ukatu dituztela gaineratu du: bideo batean irratiarentzat egindako jarraipena jaso zuten, besteak beste.

Hala Bedik hausnartu du “Errekaleorren egindako kazetaritza lana zigortzeko” prozesua izan dela. Poliziaren “muntai” bat dela defendatu dute, Errekaleorren kazetariak jasan zuen erasoaren “salaketa publikoaren mendeku gisa”. Irratiak jakinarazi du ez duela onartuko “zentzugabekeria horren oinarrian dagoen premisa”. Hori dela eta “bide juridiko guztiak agortzeko asmoa” agertu du, baita epaiketetara jotzeko asmoa ere.

Hala Bediko kazetariari jarritako isuna jakinarazi eta gutxira, Euskal Kazetarien Elkartea eta Kazetarien Euskal Elkargoa erabakiaren kontra agertu dira. Bat egin dute auzitegietara jotzeko erabakiarekin. Gogorarazi dute mozal legea “adierazpen askatasunaren kontrako erasoa” dela, eta bertan behera uzteko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.