Ekintzailetza

Gaztenpresa fundazioak 402 enpresa sortzen lagundu zuen 2017an

8,5 milioi euroko finantzazioa eskaini zuen Laboral Kutxak, eta enpresa berri horiekin 703 lanpostu berri sortu ziren

jarraia150991.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko apirilaren 18a
14:20
Entzun

“Ekintzailetza zabaltzea da gure asmoa”. Argi hitz egin du Xabier Egibar Gaztenpresako presidenteak gaur goizean. Asmoa zein den azaldu ostean, 2017. urtean emandako laguntzen berri eman du: 402 enpresa berri sortzen lagundu dute, eta horrek 703 lanpostu berri sortu ditu. Denetara, 8,5 milioi euroko finantzazioa eskaini du Laboral Kutxak fundazioaren bidez, eta 1994. urtean Gaztenpresa martxan jarri zenetik sortu diren lanpostu eta enpresen berri eman du ondoren. 4.910 enpresa, eta 8.754 lanpostu.

Pasa den urtean enpresa sortu zuten ekintzaileen perfila ere eman du ostera Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak: batez beste 38 urte dituen pertsona bat izan ohi da laguntza sistema honen bidez lanean hasi direnak, eta horietatik %54 gizonezkoak dira. Ekintzaile bihurtu diren %56 lanpostua galtzeko arriskuan ziren langileak ziren, eta gainerako %44 langabeak. Ikasketa maila ere azpimarratu nahi izan du Ramosek, laguntza eskuratu duten %74k unibertsitatez aparteko ikasketak dituelako, eta %26ak soilik dauzka halako ikasketak. Sortu diren 402 enpresa horietatik %22 merkataritzara bideratutakoak dira, eta %73 zerbitzuetakoak. Industriak pisu txikiagoa dauka kasu honetan, sortutako enpresen %3 soilik dagoelako arlo horretara bideratuta, eta %2 lehen sektorera.

Baina gauza bat da sortzen diren enpresak, eta horiek aurrera begira izango duten biziraupen maila. Ramosek azaldu duenez, lehen urteetan aurrera egitea lortzen duten enpresen indizea %77koa da. Alegia, hamarretik zazpi enpresek aurrera egitea lortzen dute. “Hori horrela izateko, aurretik egindako aukeraketa prozesuan ondo hautatu behar da”, azaldu du. Urtean 2.181 eskaera jasotzen ditu Gaztenpresak, eta horietatik %48 igarotzen dira hurrengo fasera, eta egindako eskarien %38 izan ohi dira bideragarriak.

Enpresa berri bat martxan jartzeko garaian, ekintzaileak egin behar duen batez besteko inbertsioa 56.111 eurokoa dela argitu du Ramosek, eta hori lortu ahal izateko eskatzen duten mailegua batez beste 27.300 eurokoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.