Gizarte politikak

DSBE "jatorrizko izpiritutik" abiatuta hobetzea nahi du EH Bilduk

Diru sarrerak bermatzeko errentari buruzko "adostasun soziala adostasun politiko" bihurtzeko garaia iritsi dela esan du Maddalen Iriartek. EH Bilduk ez du murrizketarik nahi DSBEn, ez zenbatekoetan, ez sarbidean ezta onaduran kolektiboetan ere.

Maddalen Iriarte. JUANAN RUIZ / FOKU
Irune Lasa.
2018ko apirilaren 24a
13:35
Entzun

"Gizarte aurreratu batek bere kideak zaindu eta babesteko betebeharra du", gogorazi du gaur Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren eledunak, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren moldaketarako koalizioaren proposamena aurkezterakoan. Iriarteren aburuz, "agerikoa da DSBE positiboa izan dela, ez soilik hura jaso duten familientzat, baizik eta gizarte osoarentzat. Espainiako hainbat politikak eragindako kalteak arintzen ere lagundu du; horren adibide izan daitezke pentsiodunak eta langile pobreak".

Hala ere, EH Bilduren ustez, "DSBEren mugak gero eta handiagoak dira". Hamar urte igaro eta gero, "errentak ez du gehiagorako ematen" eta "ez da nahikoa bizitza duina egiteko". Horrez gain, Iriartek salatu duenez, "azkenaldian kalte handia egin zaio babes sistemari. Batetik, eraso populista eta bidegabeak jasan ditu. Bestetik, Jaurlaritzaren murrizketak".

DSBE moldatu egin behar dela uste du koalizioak, eta legea aldatzerakoan haren jatorrizko izpiritutik abiatzea nahi du. Egungo legea "gizarte eragileen eta ekimen politikoen arteko bultzadaren emaitza da", eta, Iriarteren arabera, hori bilatu beharko litzateke orain ere. Gaiari buruz legebiltzarrean martxan dagoen prozesuan hori agerian gelditu dela uste du legebiltzarkideak, eta ordua dela DSBEari buruzko "adostasun soziala adostasun politiko" bihurtzeko. Era berean, Iriartek jakinarazi du negoziazio baterako bidea urratzen lehen kontaktuak izan dituela Eusko Jaurlaritzarekin.

Proposamena

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu ditu koalizioaren proposamenaren nondik norako nagusiak, eta azpimarratu du EH Bilduk moldaketa DSBE "hobetzeko" soilik onartuko duela, "murrizketa eta iruzurrari buruzko obsesiorik gabe".

2008. urtean onartutako legea oinarritzat hartu du koalizioak, baina "murrizketarik gabe". Hala, errenta zenbatekoei ezarritako %7ko murrizketa bertan behera utzi nahi du. Errenta jaso ahal izateko erroldatuta egon beharreko epea hiru urtetik bakarrera jaistea ere nahi du, eta gutxieneko adina  23 urtetatik 18ra apaltzea. Errenta "eskubide indibidual" bezala hartzea ere aurreikusten du, etxebizitza berean bizi diren bizikidetza unitateak mugatu gabe.

Errentak ezartzeko erreferentzia berriz ere lanbidearteko gutxieneko soldata izatea ere proposatu du, eta ez aurrekontuak. Era berean, ez dute nahi "langile pobreentzako" osagarria DSBEko zenbatekoaren desberdina izatea, ezta hori jasotzeko denbora mugarik egotea ere. Errenta jasotzen duen familiako adingabe bakoitzak 120 euroko osagarria du EH Bilduren proposamenean —orain 120 eurokoa da seme-alaba guztiengatik—.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.