Rajoy: "ETAk ez du zigorgabetasunik lortuko, egiten duena egiten duela"

Patxi Lopezek ohartarazi du PSOEk ez diola Espainiako Gobernuari presiorik egingo espetxe politika alda dezan. Albert Riveraren ustez, ETAren amaiera "mezu argia da herrialde bat hautsi nahi dutenentzat". Iglesiasek, berriz, "autokritika falta" egotzi dio erakundeari.

Mariano Rajoy, atzo, Burgosko (Espainia) ospitalea eraberritzeko sinadura ekitaldian. SANTI OTERO / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2018ko maiatzaren 3a
17:38
Entzun

ETAren erabakia publiko egin aurretik mintzatu da Mariano Rajoy, Espainiako Gobernuko presidentea: "ETAk ez du krimenen zigorgabetasunik lortuko, egiten duena egiten duela. Ez zuen lortu hiltzen zuenean, eta ez du lortuko propaganda eginez". Halaber, gaineratu du "zuzenbide estatuak eta Espainiako demokraziak" garaitu dutela erakundea.

Bere aldetik, Alfonso Alonso PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidenteak xingola urdina aldarrikatu du ETAren erabakia jakin berritan. Txio bat igorri du, xingola baten irudiarekin: "Hau da ETAren izua garaitu zuen erresistentzia baketsuaren sinboloa. Guztiok xingola urdinarekin". ETAk bere erabakia jakin ostean, PPk ez du ETAren amaiera baloratzeko adierazpen ofizialik egin, ezta agerraldirik iragarri ere.

Lopez: "PSOEk ez du presiorik egingo espetxe politika aldatzeko"

"Egutegirik gabe eta diskrezioz", baina presoak gerturatzen hastearen alde agertu da PSOEko Politika Federaleko idazkari Patxi Lopez. Lehendakari ohiak ohartarazi du, ordea, ez direla nahastu behar ETAren amaiera eta presoen gerturatzeak. "Urkulluk hitz egin du gai honetaz Mariano Rajoy presidentearekin, baina hark ez du ezer egin egungo egoera aldatzeko".

Dena den, Lopezek zehaztu du PSOEk ez duela presiorik egingo espetxe politikak aldatzeko, eta gaineratu halakorik egitea "akatsa" litzatekeela. "Gobernuak badaki ederki asko batzuek eta besteek zer pentsatzen duten, eta baita euskal gizarteak zer pentsatzen duen ere. Ez gara gure artean borrokatuko".

Twitterreko bere kontuan Pedro Sanchezek ETAren erabakia baloratu du: "40 urteko izua eta sufrimendua dira errelato onargarri bakarrak. Espainiako gizartearen adore eta ausardiari esker, ETA ez dago. Biktimen memoria eta oroimena izango dira elkarbizitzaren alde egiteko eta gorrotoak baztertzeko tresnak".

Rivera: "Demokratek irabazi dute"

Ciudadanos alderdiko presidente Albert Riverak Buenos Airesen (Argentina) egin du ETAren amaieraren balorazioa: "Herrialde bat hautsi nahi dutenentzat mezu argia da. ETAren separatismo terroristak ez du bere helburua lortu; demokratek irabazi dute". Halaber, Ciudadanoseko buruak zehaztu du gaur "biktimen eguna" dela, eta "mezu politikoa argia" bidali nahi izan die erakundeko kideei: "ETAko terrorista izatek ezin du abantailarik izan justiziaren aurrean. Gaizkileak eta hiltzaileak dira".

Iglesias: "Autokritika falta da"

ETAren amaiera "berandu" datorrela adierazi du Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak. Erakundearen erabakiak "poztu" egin du Iglesias, baina bestelako mezua espero zuela azaldu du: "Autokritika falta da, eta baita biktima guztiei barkamena eskatzea ere. Halere, berri onena da politikak eta normaltasunak biolentzia eta salbuespen egoera ordezkatu dutela. Betirako isil daitezela pistolak; hitz egin dezala politikak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.