Txirrindularitza-Italiako Giroa

Battaglin, oraingoan bai

Italiarrak irabazi du Italiako Giroko bosgarren etapa. Dennis da lider, eta Froomek denborarik galdu ez badu ere, sufritu egin du.

Battaglin, gaurko etapa garaipena ospatzen. GIRO D'ITALIA
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 9a
18:05
Entzun

Enrico Battaglin (Lotto Jumbo) izan zen ausartena astearteko Giroko etapan. Helmugako igoeran bera izan zen bi eraso jo zituen bakarra, baina azken metroetan Tim Wellens (Lotto Soudal) haren gurpilera itsatsi, eta hark irabazi zuen etapa. Battaglinek bizkarrekoa hartu zuen, baina gaur atera du arantza, Santa Ninfan. Azken igoera aurreko tropelean egin du eta esprintean azti ibili da. Sailkapen nagusiari dagokionez, Rohan Dennisek (BMC) lehen postua mantendu du, Tom Dumoulinekiko segundo bateko aldearekin. Chris Froomek (Sky) sufritu egin du igoeran, baina ez du denborarik galdu. Bai ordea Miguel Angel Lopezek (Astana). ‘Superman’ erori egin da helmugatik bost kilometrora eta 41 segundo galdu ditu. Pello Bilbao bere taldekideak (Astana) bosgarren postuari eutsi dio.

Etapak espero zen gidoia izan du. Hasieran bost kideko ihesaldia egin da, eta tropelak azken igoerarekin aurretik harrapatu du azken alea. Andrea Vendrame (Androni) izan da harrapatu duten azken iheslaria, helmugatik hiru kilometrora, azken igoera baino bat lehenago. Igoera kilometro eta erdikoa zen, oso pikoa, baina ez asteazkenekoa bezain gogorra. Tropeleko izen handi guztiak elkarrekin zeuden, eta Domenico Pozzovivo (Bahrain) izan da estutzen lehena. Bere taldeak lan handia egin zuen iheslarien ehizan.

Pozzovivok estutu egin du igoeran, baina ez du ihes egiterik lortu. Gauzak hala, hogeita bost kide inguruko multzo bat iritsi da igoeraren amaierara. 500 kilometro falta ziren helmugarako, eta sailkapen nagusiko izen handiak bertan ziren, Lopez izan ezik. Froomek ez du sentsazio onik eman igoeran. Dumoulinek, aldiz, kontrolpean izan du egoera.

Azken zuzengunean Giovanni Viscontik (Bahrein) egin du eraso eta tropelaren buruan jarri da. Haren saiakera, baina, antzua izan da, Battaglinek erraz pasa baitu, eta lasai altxa ditu besoak. Jose Gonçalvez izan da hirugarren (Katuxa).

Ostegunean Giroko lehen etapa gogorra jokatuko da, Etna sumendian bukatuko dena. Siziliako hirukoaren azkena da.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.