Giroa

Mitcheltonek leherrarazi du Etna

Australiako taldea izan da nagusi Giroan: Johan Esteban Chavesek irabazi du seigarren etapa eta Simon Yates da lider berria

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 10a
07:11
Entzun

Mitchelton-Scott taldearen hotelean ez da festarik faltako gaur. Italiako Giroko seigarren etapan talde estrategia ausarta diseinatu dute, eta emaitza biribila eman die. Esteban Chaves (Mitchelton) eta Simon Yates Mitchelton) elkarrekin helmugaratu dira Etnako helmugan; aurrenekoak etapa irabazi du eta bigarrenak elastiko arrosa jantzi du, Rohan Dennisen kaltetan (DMC), eta Tom Dumoulinekiko (Sunweb) 16 segundoko aldearekin. Pello Bilbao (Astana) irabazlearengandik 50 segundora helmugaratu da, eta sailkapen nagusiko zazpigarren posturaino atzeratu da.

Etnako igoera zen Giroko lehen etapa menditsua, eta sumendiko aldapek lehen galbahea egin dute. Sailkapen nagusia irabazteko lehian egongo den txirrindulari multzoa zehaztu du. Igoeraren hasieran, helmugatik 22 kilometrora, 26 kideko iheslari multzoa zegoen aurrean, eta 1.45eko aldea zuten. Aldapak gora egin ahala multzoa murrizten joan da, eta azkenean bosteko bat gelditu da burua: Ciccone (Bardiani),  Henao (Sky), Chaves (Mitchelton), De Marchi (BMC)  eta Hermans (Israel).

Atzean, tropelean, ziren sailkapen nagusirako izen handi guztiak. Chris Froomek (Sky) azken egunetako sentsazio txarrak barreiatu ditu, baina ez du denborarik galdu. Talde horrek apurka tartea jan die iheslariei. Aurrean Ciccone izan da erasoa jotzen aurrenekoa, eta helmugatik hiru kilometrora Chavesek egin du ihes. Kolonbiarrak pedal kolpe ona zuen eta bidea egin du, 40 segundotik gorako aldearekin.

Simon Yates zegoen freskoen atzean, baina aurretik taldekide bat izateak lotu egin du. Helmugarako kilometro eta erdi falta zenean, baina, Chavesek garaipena ziurtatuta zuen, eta orduan jo du Yatesek. Erritmo aldaketa ikusgarria egin du, eta erraz utzi ditu aurkariak atzean. Ordurako Dennis atzean gelditua zen, eta Yatesek bazekien elastiko arrosa jantziko zuela. Aurrera egin eta helmugatik 500 metrora harrapatu du Chaves. Lankidetzan amaitu dute, eta australiarrak Chavesi oparitu dio etapa garaipena.

Atzekoak: Tom Dumoulin, Miguel Angel Lopez (Astana), Thibaut Pinot (FDJ), Fabio Aru (UAE), Froome... 26 segundora helmugaratu dira. Yates liderrak, beraz, hamasei segundoko aldea du Dumoulinekiko. Pello Bilbaok, bere aldetik, sufritu egin du igoeran ,eta 50 segundora sartu da. Orain zazpigarren da sailkapen nagusian, Yatesengandik 1.03ra. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.