70 lanpostu mantentzeko akordioa Alfan

172 eguneko greba mugagabea utzi dute langileek, inbertsiogile berriak 70 lanposturi eutsiko dielako eta Alfak ordaindu beharreko kalte ordainak handitzea lortu dutelako.

Alfako langileek 172 egun egin dituzte greba mugagabean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irune Lasa.
2018ko maiatzaren 18a
13:52
Entzun

Abendu hasieratik dago likidazioan Eibarko Alfa taldearen Alfa Precision Casting eta kaleratzeko erregulazio espedientearekin hango 131 langile. Aurretik hasi ziren mobilizazioetan langileak haien baldintzak hobetu nahian. Orain, 172 eguneko greba mugagabearen ostean, langileek eta konkurtsoaren administratzaileak akordioa iritsi dute: jarduera berria bere gain hartuko duen inbertsiogileak 70 lanpostu mantenduko ditu, Alfaren baldintza berberetan. Horrez gain, orain arte enpresak agintzen ziena baino kalte ordain handiagoa jasoko dute langileek.

Gainera, Alfak grebalariei beste kalte ordain batzuk ere pagatu beharko dizkie, joan den apirilean Eibarko epaitegiak ebatzi baitzuen enpresak langile horien greba eskubidea urratu zuela, besteak beste, grebalarien lanpostuak lanean jarraitzen duten beharginekin betetzen jardun zelako eta greba batzordearen lana oztopatu zuelako, askatasun sindikala mugatuz. Grebalarien arabera, epaiaren ondoren ere, enpresak greba eskubidea urratzen jarraitu du.

"Akordio oso on bat da azaroan hasi zen gatazka luze eta gogorrari amaiera emateko", azaldu du Alfako enpresa batzordeak. "Enplegua mantentzea eta enpresaren jarrera zigortzea lortu da". Langileen ordezkariek gogor kritikatu dute zuzendaritzaren azken urteetan jokabidea. "Lanpostuen suntsiketa" egin izana leporatu diote. "800 langileetatik 180 langiletara pasa da Alfa azken bost urteetan eta gelditu direnei lan baldintzak okertu zaizkie".

Orain langile batzordearen kezkatako bat enpresako zuzendaritzaren jarrera da. "Beldurra daukagu ez ote dituen grebalariak zigortu eta eskirolak sarituko. Oso adi ibiliko gara kontratazio prozesu honen inguruan, diskriminaziorik ez dadin gertatu".

Alfako enpresa batzordearen ustez, prozesu guztian Jaurlaritzak eta EAJk izandako jarrera "lotsagarria" izan da, baita Eibarko Udalaren eta PSE alderdiarena ere. "Gelditzen zaigun alde positiboena grebalariek azken egunera arte izan duten duintasuna eta borroka tinkoa da. Lortu diren hobekuntza guztiak beraiei esker izan direla oso argi daukagu".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.