2019ko hauteskundeak

Juan Karlos Izagirre izango da EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua

Donostiako alkate ohiarena izan da hautagaitza bakarra, eta aho batez onartu du koalizioko Mahai Politikoak. Reyes Karrere izango da EH Bilduren alkategaia Donostian. Karrerek adierazi du "ilusio handiz" onartzen duela "erronka berria".

Politikarako itzulia egingo du Izagirrek, foru hauteskundeetara aurkeztuta. JON URBE / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2018ko maiatzaren 31
07:20
Entzun

Juan Karlos Izagirre izango da EH Bilduk 2019ko foru hauteskundeetara Gipuzkoan aurkeztuko duen zerrendaburua. Koalizioak ohar bidez jakinarazi duenez, izena emateko epea agortuta Donostiako alkate ohiarena izan da posturako hautagaitza bakarra. Hala, bozketarik ez da egingo, eta Izagirre zerrendaburu izendatu du Hauteskunde Batzordeak. Gipuzkoako Mahai Politikoak hautagaitza "aho batez" babestu duela adierazi du EH Bilduk.

Jasotako babesa eskertu nahi izan du Izagirrek: "Asko izan dira pauso hau ematera gonbidatu nauten kideak, eta nigan erakutsitako konfidantza eta emandako bultzada eskertu nahi ditut". Halaber, Izagirrek dio bere "hurbiltasun eta prestutasun" guztia jarriko dituela: "Aukera berriak ditugu herrialde gisa, gipuzkoarrak erdigunera ekarri eta dagoena hobetzeko. Baita guk gauzak hobeto egiteko ere". Bide horretan, azaldu du beren bertsiorik onena Gipuzkoaren zerbitzura jartzeko "aukera baliatu" nahi duela.

Izagirre Donostiako alkate izan zen 2011-2015 legealdian. EH Bilduk oharren dio ordutik "gertutik" jarraitu duela politikaren aktualitatea. Familia medikua da ofizioz, Errenterian,  eta Sahararekin lankidetza proiektuan kolaboratzen dihardu. Proiektu horien barruan, han izana da behin baino gehiagotan.

EH Bilduk jakinarazi duenez, gainera, Reyes Karrere izango da 2019ko udal hauteskundeetan koalizioaren hautagaia Donostiako alkate izateko. Izena emateko epea amaitu eta hautagai bakarra aurkeztu denez, Donostiako Hauteskunde Batzordean ere ez da bozketarik egingo, eta Karrere izendatu dute zerrendaburu. Eskubaloi jokalari eta entrenatzaile gisa egin du ibilbidea Karrerek. Egun, Gipuzkoako Federazioko zuzendari teknikoa da.

Karrerek jakinarazi du "ilusio handiz" onartzen duela "erronka berri" hau: "Donostian gauza asko hobetu behar dira, eta donostiarron bizi kalitatea hobetzeko egitasmo asko garatu beharra dago”. Era berean, Karrerek uste du "badagoela politika egiteko beste era bat, herritarrengandik gertu egiten dena, benetako arazoak konpontzeko herritarren benetako beharrak ezagutu behar direlako".

Haren ibilbideari buruz, hau da EH Bilduren oharrak dioena: "Reyes Karrere Zabala Donostian jaio zen, 1966ko abenduaren 31n. Errenterian hazi eta duela hamabost urtetik Donostian bizi da, Intxaurrondo auzoan. Bere bizitzaren proiektuak kirolaren munduan kokatuak izan ditu nagusiki: kirol jokalari eta entrenatzaile profesional ohia da; eta, gaur egun, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko zuzendari teknikoa eta Gipuzkoako eta Euskadiko Eskubaloi Federazioetako entrenatzaileen irakaslea da. Bere jarduera profesional gehiena Donostian egin du, eta azpimarratu behar da 2007tik 2010 arte Euskal Selekzioaren entrenatzailea izan zela.

Bere ibilbide profesionalean, lehendabizi jokalari gisa, eta geroago entrenatzaile eta teknikari karguetan, emakume kirolarien duintasunaren alde borroka egin du, emakume kirolarien profesionalizazioa bultzatzeko proiektuak sustatuz eta haietan parte hartuz".

Nafarroako Parlamenturako, Arabako Batzar Nagusietarako eta Gasteizko Udalerako zerrendaburuak aurkeztu zituen, atzo, EH Bilduk. Bakartxo Ruiz izango da zerrendaburu nafarra, Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietarakoa, eta Miren Larrion Gasteizkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.